Mugatik

Morad

21.02.2022 | 23:58
Morad

Gogoko dut Jordi Évole, La Sextako kazetaria. Gogoko nuen politikariak eta enpresari handiak lotsagorritzen zituenean, eta gogoko dut orain, bazterreko jendea zorrotz eta aldi berean samur elkarrizketatzen dituenean. Halakoa izan da Morad El Khattoutirekin egindako saioa. Igandean pantailan ikusi arte ez nuen haren aditzerik. Han eta hemen galdeturik, jabetu naiz ez dela hain arrotza euskal gazteen artean. Kantari arrakastatsua da, nonbait, duela hiru urte musikaren plazara atera zenetik. Évoleren programan aukera ematen zitzaien ikusleei kazetariaren elkarrizketatua hautatzeko; raperoaren alde makurtu ziren botoa eman zutenen %73. Morad ez da marketin diskografikoak asmatutako produktua. Familia etorkin baten baitan sortu zen, duela 23 urte, L'Hospitalet de Llobregateko auzorik gatazkatsuenean, eta bere bizi laburrean ia-ia denbora gehiago egin du adingabeendako zentroetan, kanpoan libre baino. Bere kantak plataformetan hedatzen hasi ez balitz, auskalo non eta zertan ibiliko zen orain. Azken urtean, ordea, milioi bat euro irabazi du musikatik. Horrek, hala ere, ez dio bizia aldatu: segitzen du arrazismoa pairatzen eta betiko auzoan bizitzen, amarengandik eta ttikitandiko adiskideengandik hurbil. Bere lagun talde multirraziala –magrebtarrak, latinoak, bertakoak– berarekin eta bere patrikatik eramaten du kontzertuetara, Malagara izan edo Kopenhagera izan. Moradek gaztelaniaz kantatzen du bere burua marokoartzat duen arren eta ez espainoltzat (kataluniarra ere ez, itxuraz). Eta azken kontu bat, Morad raperoa, gizartearen ertzetako kumea, delinkuentziarekin maite jolasetan ibili dena, musulman sinestun petoa dugu, ramadana gordetzen duena. Agian, Sanduzelain, Gasteizko Alde Zaharrean, Baiona Ttipian edo Bilboko San Frantziskon bertze Morad bat sortzen ari da une hauetan, haren musika gustatu gabe ere, gutaz, gure gizarteaz eta gure herriaz zer pentsatua emanen diguna.

noticias de noticiasdenavarra