Zirrikituetatik begira

Arnasa

26.11.2020 | 01:49
Juanra Madariaga

Olatuz olatu goaz tai gabe. Pandemiaren eraso bortitza paira-tzen ari gara hala moduz, distantziarekin, higienearekin eta musukoarekin. Koordenada horiek gure bizitza osoa erabat aldatu dute. Lagunen arteko harremanak gutxitu, soildu dira, eta gure arteko tratua ere kutsatu da; familiarteko hartu-emanak urrundu eta kasu batzuetan desagertu ere egin dira, balizko arriskuen erruz. Zaharrak babestu gurean, seme-alabak ez dira bisitan joango, eta laster Gabonak ditugu gure artean. Hau panorama!

Batzuetan antzematen da, ezta? Hirian ez da bizi-giro goxorik, ez eta saltsarik ere. Azaroak bere klimatologiarik ederrena luzatu badigu ere, tristezia geruza bat dago ia solidifikatua atmosferan, gauero hirietara abailtzen dena, gogogabeturiko arnasaz blaitzeko. Eguraldi ederrak laguntzen du erabat, urdin kolorea pintatzen baitu egunean or-tziak, eta horrek beste polikromia bat ere ematen dio lanean edota etxean egin beharrekoari. Baina halarik ere, askatasunik gabeko sentsazio hori desatsegina da, modu batean edo bestean preso sentitze horrek deprimitzen du. Ezin gara herritik mugitu, goiz orotako kafetxoa hartzeko tabernak oraindik itxita daude, eta depresio punttu hori ezagunen arteko elkarrizketa guztietan ere igartzen da.

Baina inguruan mugimenduak badira, eta horrek esperantza pizten du. Iparraldean ez dabiltza batere ondo, nahiz eta deskonfinamendurako mailatze bat ezarri den. Handik, abenduaren 15a arte konfinamenduak jarraituko du. Hortik aurrera gauzak erlaxatuko dira gehiago.

Eta gaur berton, adibidez, Nafarroako tabernetako terrazak zabalduko dira berriz, eta segurtasun protokoloak agintzen dituen neurriak mantentzen badira ere, normaltasuna berreskura-tzeko urratsa emango dute bertan. Zenbaki larrietatik urrundu dira han, eta zorionez, ia Euskal Herria osoan saihesten ari gara zenbaki beltzak.

Populuaren ardurak bere onera ekarri ditu gauzak, kontzientzia piztuta baitauka. Agian ezarritako udalerrietako muga itogarri horiek zabaldu daitezke dagoeneko, eta probintziaraino handitu, ezta? Askok askoz hobeto hartuko genuke arnasa.

Más información