Zirrikituetatik begira

Kokapen zuzena

30.11.2020 | 00:04

idoloeidena barkatzen omen zaie. Benetan? Zergatik? Izaro abeslariak Gaztea sarietan argiro hitz egin zuen. Gizarte batek ezin du goretsi halako edo bestelako izar izaniko pertsona bat gaur egungo gizartearen balioei muzin eginez, horien gainetik (edo azpitik?) bizi izan denean.

Eta, hala ere, izar horiek izartegian kokatzeko joera dugu. Batez ere, izarrak kirolaren konstelaziokoak direnean. Eta, batez ere, kirolaren eremuan, futbolaz ari garenean. Futbolak izarrak behar ditu eta izarrak sortzen ditu. Negozioaren makinaria horretarako prestatuta dago. Eta makinariaren baitan sartuta daude komunikabideak ere. Komunikabideek, ikus-entzuleak edo irakurleak izango badituzte, izarren jarraipen sutsua egin beharra daukate, izar horiek egiten eta esaten duten guztia ezinbestekoa dela sinestaraztea helburu.

Aurreko astean, ETBk, gaueko albistegiaren atalean, Izaroren hitzetatik abiatutako eztabaidaren inguruko albistea eskaini zuen; kirolen atalean, ostera, izenda-tzerik behar ez duen futbolari ohiari Anoetan eta San Mamesen egindako omenaldien eta Argentinan futbol izarraren lur ematearen inguruan sortutako iskanbilen jarraipena egin zuen. Albistegi berean, gai beraren inguruko bi aurpegi ezberdin.

Kontua ez da ETBk egun horretako albistegian albiste honen inguruko ikuspuntua bateratu ez izana; kontua da, ETBk, beste komunikabide askok bezala, ez zuela albistea bere lekuan kokatu. Futbolari handia izana bere garaian (eta ez handiena ere askoren iritziz) baina bere giza jokaera guztiz desegokiagatik, sarritan salatua eta zigortua izana, ez zuela izar gisa tratatua eta gogoratua izaterik merezi azpimarratzea.

Albisteak ematean garrantzitsua eta beharrezkoa da iritzi ezberdinak erakustea, ikus-entzuleak bere irakurketa propioa egin dezan. Kasu honetan, ostera, erakunde berri-emaileari zegokion albistea kokatzea. Haatik, kirolen atalean emandako albistea sobera zegoen eta guztiz iraingarria suertatu zen, erakundearen kokapen eza agerian utzi zuelako eta kirol atalean emandako gainontzeko berri guztiak balioz gabetu zituelako.

noticias de noticiasdenavarra