arikua eta zapatua. Erosketak modu obsesiboan egiteko egunak izan dira Ameriketatik etorritako Black Friday izeneko ekimen saltzaile zentzunbakoaren bidez. Baliteke komertzioek larritasunaren soka lepoan estuturik sentitzea; baliteke denda txiki askok gorriak ikustea hilearen amaierara heltzeko; baliteke salmenten kopurua eta merkatuaren indizeak maldan behera izatea; baliteke Gabonetarako opari luxuzkoak eta ezinbestekoak erosi behar izatea, baina halarik ere, merkealdi sasi-faltsuekin, eta a priori behar ez ditugun gauzekin horniturik horrelako egun bat antolatzea, eta hala, amu gisan jartzea gehiegi iruditzen zait. Dendari askok ez dute hori behar, erosketen mailatze arrunta behar dute, oraingo honetan beste askotan bezala, betiko makro dendak izango baitira irabazleak.

Ekimen horiek kapitalismo agresiboenak bultzaturiko zentzurik gabeko kontsumo konpultsiboa baino ez dute sustatzen. "Erosi, erosi eta laster batean botako duzu berriro erosi ahal izateko. Ez duzu behar, agian, baina berdin da, hain dago merke!!!!".

Hobe litzateke merkealdi berezietarako tarteak dendariek beraiek jartzea, urte osoan zehar, eta haiek bakarrik erabaki-tzen dutenean kalitatea eta preziorik oneneko salmentak bideratzeko.

Bestela, joan den astean ikusi genuena, jendea samaldaka erosketetarako prest, izugarria irudituko zaigu berriro ere. Gainera, kasu horretan, langileria ez ote da esplotatzen? Jendearen arrazoibakokeriagatik eginiko salmenta kopuru izugarri horrek guztiak ez ote du ingurugiroan eraginik izaten? Kontsumitu beharko da arduraz, mundu bidezkoago bat sortuko badugu.

Gainera, Gabonetako giroak bidea errazten du, egia da. Bilboko kaleak argiz tindaturik daude, eta argiztapen koloretsuak urtearen azken sasoi honetako balizko giro lagunkoia gure burmuinetan sartzen da errazki. Halarik ere, pentsatu nahi dut diru gutxiago gastatu dela bonbilla horiek guztiak jartzen, energia-xahuketa gutxiagotzeko, Gabonak salbatu! lema groteskoa ez baita bidezkoa gizakion bizitzak eta eskubideak benetan salbatu behar diren garai honetan.