Zirrikituetatik begira

Aztnugal

23.01.2021 | 00:54

Ume bati barrabaskeria bat egin duelako kargu hartu eta onartu beharrean sandiak handiagoa egin duela erantzungo baligu, pazientziaz azalduko genioke besteak gehiagoka ari-tzea ez dela zuzena eta horrelakorik aurrera ez egitea dela helburua. Lezioa eman ondoren, nagusitasunaz harro, erabakiko genuke mundu hobea egitearen alde hezten dugula umea. Heldu batek umeak erantzundakoa erantzunda haurkeriatzat joko genuke. Politiko batek esaten ez badu behintzat. Umeak bezala erantzun du Radio Euskadiko elkarrizketa batean Idoia Mendiak Aztnugal deitutako kasuaren harira Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriz ere, zazpi badira, Espainiako Erresuma torturak ez ikertzeagatik kondenatu dutela: "Sententziei dagokienez, badira Espainia baino gehiagotan kondenatu dituzten estatuak".

Hemen torturatu egin da. Suelto. Iñigo Gonzalez Etaioren testigantza entzutea besterik ez dago, eta torturatu da epaileen, batzuetan utzikeriagatik, eta beste batzuetan are onarpenarekin. Egotz diezaiogun Grande-Malaskari lehengoa, baina, hala ere, Aztnugal-ekoak bere mende zeuden eta bere ardura zen atxilotuen ongizatea. Esan dezagun beste modu batez: egun Barne Ministroa den epailea kondenatu du auzitegiak bere ardurapean zeuden atxilotuen tortura zantzuak ez ikertzeagatik.

Toki askotan dabiltza txakurrak ortotsik, baina nago hainbat naziotan dimisioa emana izango zuela eta hedabideetan istilua sortua. Espainiako Erresuman ez; Espainiako Erresuman jakina da frankista etzan eta demokrata altxatu ginela denok, demokrata garela frogatu beharrik gabe: "Zeren nik bultzatu izan dut motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legea; bertan torturatuak ere badaude".

Bego. Hemen hil egin zen, eta gizartearen parte batek, neuk barne, onartu behar dugu hura gaizki egon zela. Baina, zer pentsatuko luke Idoia Mendiak parte horrek horrela erantzun balu: "Azken finean ETAren hildakoak 850 hildako izan ziren, hildako gehiago izan dituzten gatazka asko dago". Umekeria. Eta astakeria galanta. Hemen torturatu egin da. Eta errudunak daude. Epaitu gabeak denak.

Más información

noticias de noticiasdenavarra