erriz konfinaturik, berriz askatasunik gabe. Pandemiak ez du atzerapausorik hartzen, kontrakoa baizik, egunez egun indartsuago dirudi. Mutazio berriak topatzen dira hainbat tokitan; joan den urtean pandemia abiarazi zuen mikrobioa beste zerbaitetan dabilen seinale. Kontua da eta egoera larria ez okertzeko eta saihesteko ezinbestekoak diren neurri gogorrak ezarri dizkigutela. Mobilitate ezari dagozkion neurriekin batera, pertsonongan bestelako albo-kalteak ere sortzen dira, eta gehien entzuten dena tristura da. Bai, tristura, depresioa, abaildura, neke psikologikoa, pasibitatea€ Ezin dugu etorkizun hurbil eta posible batekin amestu, ezin dugu inora joateko edota ilusio bat bizitzeko planik egin. Geldi egon behar dugu, gai dontsu horrek, pandemiarenak, egunero preso hartzen gaituen bitartean. Eguneroko hizketaldiak, egunkarietako lerro buruak, edota albisteak Covid horrek ekarri digunaz aritzen direlako, tai gabe, neurriz kanpo, datu fribolo eta lotsagarriak ere emanez.

Txertaketa faseetan gertatzen ari dena ere auzolotsa zabaltzeko modukoa izaten ari da (Ameriketan, seguruenik, pelikularen bat ere eginda egongo da gai horrekin). Goi-kargu batzuek, hemen eta Espainian, langileak eta zaurgarriagoak diren beste pertsona eta kolektibo batzuk baino lehenago jarri dituzte txertoak, eurak lehenago salbatuak senti daitezen. Argi dago horretarako protokoloa ezarrita badagoela eta bestelako hartzaileak ere badirela aurretik. Errespetu kontua baino ez da; errespetua, gaur egun galdu den balorea.

Bitartean, gizartea bizi ari den egoera horren barruan, istilu solte batzuk sortu dira. Nekearen ondoriozko uneak baino ez. Ordena eta diziplina berrietarako garai eta proba onak dira, gobernuek probestu nahi dituztenak. Baina denetarako ezin da polizia eta indarra erabili, eta are gutxiago errelato zaharrak eguneratu, behinolako garai ilunak berriz piztuko direlakoan. Errealitatea nekez estali ahal da, populua ez baita baboa. Estamentu politikoek eta enparauek etikaz jardun beharko lukete.

Garai tristeak dira hauek, eta tristurari pena gehitu beharko diogu.