Zirrikituetatik begira

Doanaren duintasuna

19.04.2021 | 00:58
Xabier Euzkitze.

literatura genuen hizpide, idazleen bizimodua, ofizioa bera, norberaren bilakaera. Joxean Agirrek ttak bota zuen: "Ez zait gusta-tzen erretiratzen den jendea". Entzuleek barre egin zuten, neuk ere bai. Denok harrapatu genuen nori zuzendutako gezia zen. Izan ere, bertsolariak ezinak erretiratu izan ditu ia beti, salbuespen bakanen bat salbu. Beti esan izan ziguten Basarrik gazterik utzi zituela plazak, eta hirurogehitaka urte zituen!

Asteon Unda izeneko mutiko gazte, lerden, kirolari eta lehiakor batek uko egin dio El Conquistador del Caribe saioan jarraitzeari. Lotu edo konpondu gabe utzitako familia-afera batek aztoratzen zituen haren gauak, buruak ez zion gorputzari segitzen, eta lehia betean erretiratu zen.

Biharamunean beste kargu-uzte batek eman zidan zer pentsa. Apenas gurean oihartzun handirik izan duen, munta aise handiagokoa izanik ere: Rudolf Anschober jaunak, Austriako Osasun ministroak, ardura ofizial orori uko egin dio, nekearen nekez. Ez zeraman denbora askorik, 2020ko urtarrilean hartua zuen kargua, baina pandemia garaiko lan eta arrangurek gaina hartu diote, nekeak osasun arazoak eragin, buruak eta gorputzak planto egin.

Ez dira ohiko gauzak. Askoz gehiago dira kargu edo lan bati lapa bezala eransten zaizion jendearen adibideak beren bidea amaitu dela iritzi eta "banoak!" esaten dutenenak baino. Askoren begietara, gainera, porrotaren ispilu da norberaren dohainen edo herritarren botoen bidez norabait heldu eta dena uzten duen artista edo hautetsiarena. Ni, berriz, gehiago betetzen nau aro bat amaitu dela sumaturik, edo barne-deirik zinezkoenei jaramon eginik, duintasunez eta zintzotasunez joaten direnen ereduak. Eta horiek errespetatzen ere ikasi behar genuke.

Más información

noticias de noticiasdenavarra