Zirrikituetatik begira

Nekea

10.07.2021 | 00:08
Nekea

behin eta berriz agertzen da nekea hitza egun hauetan jendearekin hitz egiten dudanean. Oporrak inoiz baino gehiago beharko bagenitu bezala. Ez da harritzekoa, pandemia luze honek nekea eragitea, gogor eragin baitu gure bizi-baldintzetan (pertsona batzuen baldintzetan gehiago besteenetan baino) eta larritasuna, beldurra, galera sortu duelako. Denbora asko daramagu tentsio giroan murgildurik eta, beraz, normala da nekea azaleratzea.

Hala ere, nire ustez ez da nekea bakarrik azken aldian gure artean hainbeste hasperen eragiten duena. Agian inpotentzia eta ezintasun sentsazio bat ere badago, birusak sortutako pandemiaren aurrean ez ezik, gero eta ageriago agertzen ari den beste pandemia baten aurrean; intolerantzia, indarkeria eta fanatismo moduan gero eta lotsagabeago agertzen zaigun pandemia arriskutsuaren aurrean, alegia. Badakigu ultraeskuina espazioak konkistatzen ari dela, gainditutzat jotzen ziren diskurtsoak bueltatzen ari direla, berdintasunaren eta eskubideen aurkako erreakzio handi bat dagoela... Badakigu mehatxua hor dagoela, baina ezintasuna sentitzen dugu, gelditu ezin dugun haize-bolada edo olatu handi baten aurrean egongo bagina bezala. Zaila eta mingarria da geure ezintasuna aitortzea; horregatik, batzuetan nekea deitzen diogu gauzak aldatzeko ezintasun sentipenari.

Ez da harritzekoa, zaila baita mundua aldatu dezakezula sinestea zure herrian gazte batzuek beste bat erasotzen dutenean homosexuala izateagatik, gizon batek emakume bat hiltzen duenean berea zela sinisten duelako, bizitza hobe baten bila datozen etorkinak itsasoan itotzen direnean, edo herrialde aberatsetako gizonek dituzten sexu eta botere beharrak herrialde txiroetako emakumeek asetu behar dituztenean bizirauteko behar duten diruaren truke. Nekatuta gaudela esaten dugu, baina askotan ezintasuna da, munduaren norabidea aldatzeko modurik ikusten ez dugulako edo agian modua ikusi bai, baina ez dugulako ametsa egia bihurtzeko aukerarik ikusten. Interes gehiegi daude gure helburu zintzoen aurka. Eta, hala ere, indarra errekuperatzea beste erremediorik ez dugu.

Más información

noticias de noticiasdenavarra