Zirrikituetatik begira

Titia ematea eta beste

26.07.2021 | 00:37
Titia ematea eta beste

eusko Ikaskuntzako aditu bat zera ari da ikertzen: pertsona baten erretretaren zenbatekoa kalkulatzeko, pertsona horrek erretreta hartu aurreko urteetan gizarteari eginiko ekarpen guztiak kontuan hartu beharko liratekeela, ez bakarrik ekonomikoak. Eta horien artean zenbatu beharko liratekeela aipatzen du ikerlariak adibidez, emakumeen kasuan, mundura ekarritako seme-alaba kopurua.

Delako indize horretan, mundura ekarri eta hezitako seme-alaba kopuruaz gain, seme-alaba horiek ekartzeko egindako ahalegina edo seme-alaba horiek ekartzearekin batera egindako bestelako ekarpenak ere kontuan hartzekoak iruditzen zaizkit niri. Adibidez, Olinpiar Jokoetan parte hartzen ari diren ama guztiak eta, espreski, jokoak ospatzen diren momentuan titia ematen ari direnena. Jarri gara pentsatzen zer den duela 3, 6 edo 9 hilabete umea munduratu, hari titia ematen aritu eta Olinpiar Jokoetan parte hartzea? Zer nolako gaitasunak dituen delako emakume horrek? Zer nolako prestakuntza egin behar izan duen, erditu ondoren, eta umeari titia ematen aritzearekin batera, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko maila izateko?

Eta hori guztia egin ondoren, japoniarrek Covid-aren aurkako arauak jarri dituzte eta arau horien arabera, atleta emakumezkoek titia emateari utzi behar izan diote, arauak ez baitu uzten, prebentzio kontuak direla medio, umea eta umea zainduko duen pertsona espazio olinpikoan sartzen.

Emakume hauen ekarpena guztizkoa da. Ez bakarrik kirol mailan. Emakume hauei esker daki munduak ama izatea ez dela muga bestelako lanak egiteko eta goi mailako helburuak jartzeko; goi mailako helburuak izateak ez duela zertan amatasuna mugatu behar; titia ematea eta bestelako ekimenak bateratzea posible dela; eta emakume hauei esker daki munduak, urrezko domina lortzea bezain ederra eta bateragarria dela seme-alaba bat mundura ekartzea. Emakume hauen balizko indize horretan, gizarteari egin dioten ekarpena neurtzerakoan, urrezko dominaz gain, beste ekarpen hauek guztiak ere kontuan hartzekoak lirateke.

noticias de noticiasdenavarra