Zirrikituetatik begira

Gutizia artistikoa

09.08.2021 | 00:58
Gutizia artistikoa

Eguralditxarrari ihesika heldu ginen Cantabriako Comillas herritxora. Suances-eko itsasertzean ibilaldi luzeak egiteko asmoarekin atera ginen asteburuan, itsasbeheran bakarrik deskubritzen diren hondartzetan ibiltzeko asmoz, baina ez zen posible izan. Zerua ez genuen lagun.

Beraz, kotxea hartu eta aterpe bila abiatu ginen. Gogoari aterpea jarriko zion zerbait aurkitu guran. Eta Comillas aukeratu genuen, etxe berezi bat ezagutzeko gogoz: Gaudiren El Capricho. Espainiako modernismoari ateak ireki zizkion arkitektura lan gorenekotzat jo den etxe honek lorategian sartu nintzenetik harrapatu ninduen. Lorategiaren egitura, landare motak, bertan pasiatzeko sortutako bidexkek, eskailera askotarikoek, urik inora ez daraman zubiak, harrizko estalaktitaz biribildutako kobatxoak eta irakur- tzen eta idazten egoteko aukeratu nituen txoko guztiek lorategiaren barruan hartu ninduten.

Etxera negutegitik sartu nintzen, ez etxearen sarrera nagusitik, baizik eta bizileku guztira argia barreiatzen zuen espazio natural eta berdetik, gurean ohikoa ez den landaredia bati harrera egiten utzi niolarik, mundu zabaleko naturak harrapa nintzan. Etxeko gela guztiak konektatuta zeuden; bai ateen bidez eta baita leihoen bidez ere. Eta geletatik kanpora irekitzen zen ate bakoitzean, burdinaz jositako jarleku bat aurkitu nuen, poltsikoan neraman liburua irakurtzen jartzeko gonbitea eginez. Hainbat balkoitan eseri nintzen, sentitzen nuenari goiburu bat jartzeko bulkada ekidin ezinez. Eraikitzear zen pentsamendu horretan, ostera, etenak izango nituen, urrutian entzuten nuen musikak nire arretari ten egiten ziolako (etxearen jabea zen Quijano jaunaren pianoaren doinua zen). Etxea alde batetik bestera ezagutzeko hartutako ibilbide lerroan, hitzak, esaldiak eta parrafoak lotzen zitzaizkidan, irekitako ateei esker sortzen zen haize korronteak lekuz alda- tzen eta birkokatzen zituenak.

Gutizia garestia irudituko zaio norbaiti El Capricho. Gutizia bati zentzumen guztiak harrapatzen dituen forma ematea arte gorena da, ordea.

noticias de noticiasdenavarra