Zirrikituetatik begira

Inteligentea

19.08.2021 | 00:10
Inteligentea

AEBetako Inteligentzia sailak esan zuen talibanak hiru hilabetez berandutuko zirela Afganistango Kabul hiria hartu arte. Hiru egunetan egin dute. Ameriketako inteligentzia bestelakoa omen da, baina azkarra eta inteligentea ez. Afganistan bilakatu da berriz arazo. Asia osoa desegonkortzen ari da. Berehala hasi dira Errusia eta Txina potentziak bertako giroa baretu nahian, bestela Islamismorik erradikalena ezarriko da bertan urte hauetan izandako aurrerapenak berriro desagerraraziz.

Duela hilabete pare bat bestelako albistea sortu zen bertan, AEBetako tropak Afganistandik erretiratzen hasi ziren, eta urteetan eurek ezarritako kontrola amaitzean bertako talde talibanek indarra erakutsi dute. Erakustaldi hori irudikatu ezina zen Kabul hiria egun gutxiren buruan hartu duten arte.

Kabul hiriarekin batera esan daiteke herrialde osoa beren mendean dagoela, eta orain izua nazioartean ere zabaldu da, aurreko hamarkadatan talde horiek erakutsi duten gerrarako eta sarraskirako moldeak izugarriak izan baitira. Bertako presidenteak ospa egin du eta keinu horren bidez barruko gerrate berri bat ekidin nahi izan du.

Baina argi dago, talibanen garaipen horrek mundu osoko fanatikoak hauspotuko ditu eta ondorioz eraso terrorista gehiago gertatu ahal izango dira han hemenka, buruzagi berriek sharia-ren pean populuaren eta bereziki emakumeen eskubideak errespetatuko dituztela eta gerra bukatu egin dela adierazi duten arren. Baliteke benetako adierazpenak izatea, bertako bozeramaileek gobernu berria antolatuko dutela eta herrialde baketsua eraiki nahi izango dutela adierazi baitute, eta hori guztia trantsizio baketsu baten bidez.

Ikusteko dago oraindik zein den euren jokabidea, baina ni ez naiz gai horretan oso baikorra, erlijio eta matxismo arrazoibakoaren ondorioak bertan sustraituko dira berriz, eta herrikide askok sufrikario izugarria jasan beharko dute, batez ere neskatoak eta emakumeak izango dira zaurgarrienak eta zigor bortitzak pairatu beharko dituztenak.

Nazioarteko erantzuna oso inteligentea izan beharko da herri hori biziko bada.

Más información

noticias de noticiasdenavarra