rabako egunkari bakarrak ikasturte hasierari buruzko erreportajea zekarren aurreko egunean: eskola pribatuak soil-soilik agertzen ziren (eskola kontzertatuak, ados, xehetasunak eta eufemismo lasaigarriak atsegin dituzuenotzat). Gogoan dut iaz edo orain dela bi urte egunkari batek, ez dakit horrexek berak edo beste batek, gauza bera egin zuela. Barkamenak eta desenkusak egon ziren protesta batzuen ondoren (ez genuen inor mindu nahi, egun bat lehenago hasi ziren pribatuak...), eta eskola publikoei buruzko erreportajea argitaratu zuten handik egun batzuetara. Baina argi geratu zen, aurten bezala, nor zen nor, askatasunaren gainean eraikitzen den betiko erretolikak apainduta.

Egun berean egunkariek hezkuntzarekin lotutako beste albiste bat zekarten: talibanek aginduta, Afganistanen errezelak jarriko dituzte unibertsitateko ikasgeletan gizonak eta emakumeak bereizteko. Hau eskandalua! Emakumeen eskubideak urratuta! EAEn sexuaren arabera bereizita dauden eskolek diru publikoa jasotzen dute, baina hori ez da eskandalua, hori askatasuna da, gurasoen eskubideak eta abar. Zurikeria uste baino zuriago izan daiteke beti.

Argi dago ergelkeria askori deitzen zaiela orain "askatasuna". Hezkuntzarekin lotutakoa ez da adibide bakarra. Askatasuna maite (sic) duten asko eskandalizatu dira estatu batzuek agindu dutenean funtzionario edo erizain edo zaintzaileek txertoa hartu behar dutela nahitaez, baina, aldi berean, liberal horiei primerakoa iruditzen zaie enpresa pribatu batean horrelako agindua ezartzea langileentzat, enpresen askatasuna errespetatu behar delako, norbaitek ez badu araua bete nahi libre delako alde egiteko eta abar.

Eskola publiko eta estatu ilunen aurrean, kontzertatu eta ekimen pribatuen argiak eta askatasunak ditugu, libre eta dirdiratsu. Txarrena da pentsamolde hori apurka-apurka zabaltzen ari dela, gogo guztiak bustitzen, eta erakunde publikoei barkatzen ez dieguna erraz barkatzen diegu pribatuei edozein aitzakiarekin. Nagusia askatasuna da, jakina.