spainiako politikak nazka ematen du, eta bertako politikariek ere bai. Egunotan PP alderdiaren kanibalismo politikoaz gozatzen ari gara. Dena joan den astean hasi zen banitate kantitate gehiegirekin eta botere nahi eta egarri aseezinarekin. Horren osteko egoera guztiak arin definitu ahal dira: desleialtasunak, frakasoak, laguntasun faltsuak, sastakadak, jukutriak, eta lotsarik gabeko kanibalismo muturrekoa.

Baina zein kuriosoa den albistegia! Kontua Ayuso erreginaren anaiak egindako iruzur immoral batekin hasi zen, baina korrupzioaz mintzatu beharrean, Casadoren figuraren disoluzioa izan da azken albistea. Korrupzio hitza ez da berriz aipatu, baina bai PP alderdiaren deriba beldurgarria. Ayusoren jokaldia ikertzeko deia egin zen kolore berdineko politikarien artean, baina ikerlariek emandako dimisioa izan da azken emaitza. Sinestezina!

Argi dago Casadok Ayusoren burua nahi zuela, praktika ustelik ez bazuen bere alderdian nahi (sic), eta balizko espioitza batean oinarritu zuen amarrua. Baina dena deskalabru bilakatu zaio gizontxoari, eta Ayuso irabazle suertatu da. Hala gelditu zen argi Genova kalean bildu ziren eskuineko oihulari inkontziente haien ahotsetan: "Ayuso presidente, Casado dimisión". Erregimen politiko horren deskonposizioa zertan den ederki azaldu zen korrupzioaren aldeko manifestarien propagandarekin.

Emakumea eta gizona mokoka egon ostean lehen lurrikarak etorri dira, eta denak dimisioetan eman dira: Teodoro García Egea alderdiko idazkari nagusiak agur esan du, eta José Luis Martínez Almeida Madrilgo alkatea ere badoa. Azkenik, atzo, otsailaren 23an (23F kasualitatea?), alderdiko presidenteak Espainiako kongresutik ospa egin zuen, bere betirako ihesa modurik ikusgarrienean antzeztuz. Ez dago samurtasunerako tarterik, dena izan baita krudela eta bidegabea, baina politikan erein egiten dena jasotzen da, kamarada.

Tristeena da egoera lotsagarri horrek alfonbra gorria ezarriko diola ultra eskuinari, hiru letra dituen sasi-alderdi politiko horri. Alarma piztuta dago aspalditik eta egoera emergentziazkoa da.