ertatu da. Putinek eman du beste urratas bat aspalditik datorren gatazkan. Modu koordinatuan eta sinkronizatuan erabili du bere armada Ukrainara sartzeko. Ekialdetik ez ezik, hegoaldetik eta iparraldetik egin du eraso hiriburua eta beste hiri zein eremu estrategiko batzuk hartu eta, bide batez, komunikazio-gune teknologikoak ezabatuz.

Itxura txarra du gaiak. NATOk ezin du berehalako erantzunik eman, Ukraina ez duelako kide. Bestalde, agerian geratzen da Europar Batasunak erakunde gisa duen ahulezia, ez baitu erabakiak har-tzeko eskumenik. Horrek behartzen du estatu-kideen adostasunak bilatzera eta, hauen interes desberdinak daudenez jokoan, ez du lortzen sinesgarritasunik indargune demokratikoaren aurpegia erakusten agertzeko.

Egia esan, geure inguru hurbileko gertakekiko ere ez dugu erraz izaten izenburu eta azaleko iritzietatik at gaien muinaz jabetzea. Eta orain arte hurruneko egin zaigun gatazka honek harrapatu gaituenean konturatzen gara zenbat daukagun aztertzeko, zenbat daukagun ikasteko. Halere, lezio batzuk bistakoak dira, batik bat gizateriari dagozkionak.

Putin jauna ez da ohiko negoziaketetan adostasunetara iristen diren horietakoa. Bere hitzetan eta ekintzetan Errusia inperialaren ametsa da ageri. Hor dugu Krimean gertatu zena eta baita Ukrainaren ekialdeko lurraldeetan jaso dena ere. Egia bada herrialde horietako gehiengoa errusiar sentitzen dela, ez al da demokratikoagoa ahotsa ematea herritar horiei eraso armatua egin ordez?

Gainera, Errusiako agintari nagusi honek adierazi du bere erasoa militarra dela eta ukrainarrek ez dutela inolako beldurrik izan behar. Lasaigarria litzateke promesa hori ez bageneki, hain justu, gatazka militar guztietan zibilak izaten direla gehien sufritzen dutenak.

Europa mosaiko anitza da, kultura askoren arragoa, hainbat pasarte historikoen agertokia. Baina batasun politiko demokratikoa ez da ageri. Orain arte bizi izan ditugun guda odoltsu eta gordinenak Europan sortu dira. Ez al dugu ikasiko?