Zirrikituetatik begira

Debekatuta

26.02.2022 | 00:39

Bat-batean gogoratu dut zapore bat, nire bizitzan probatu nuen lehen zigarroarena, Fortuna bat. Gabonak ziren, eta nire lehengusinak eta biok (zein eskola handia den lehengusina nagusi bat izatea) gurasoak mahainguruan abesten zeudela aprobetxatuta, Fortuna bat lapurtu genion gure izeko modernoenari, erretzen zuen emakume bakarrari. Lehengusinak hamabost edo hamasei urte izango zituen, eta nik hiru gutxiago. Azken solairuko eskailburura egin genuen ihes, ganbaren ondora, eta han sentitu nuen lehen aldiz nire bizitzan kea ahoan sartzen eta zer zen eztul egitea hura irensteko ahaleginean. Bat batean zurezko eskaileretan gora pauso batzuk entzun genituen eta elkarri begiratu genion, izututa, zer egin ez genekiela. Barreari eusten saiatu ginen, urduri, eta halako batean pixa egin nuen gainean. Jakina, lehengusina konturatu zenean ezin izan genion barre algarari eutsi. Azkenean, aurkitu egin gintuzten. Eta ez genuen gure pekatua errepikatu (garai batez behintzat).

Une hori gogoratzen dut, debekatutako zerbait egiten ari zarela jabetzen zaren horietako bat delako. Baina ez dakit mundu guztiaz sentitzen duen hori debekatutako zerbait egiten ari denean. Ez bada horrela, izan daiteke bere ingurukoek ganoraz jakinarazi ez diotelako.

Putin ikusten ari naiz telebistan. Inor herrialde bat bonbardatzeko gai bada, debekatutako zerbait egiten ari dela senti-tzen ez duelako da, norbaitek egiten uzten diolako. Gauza bera gertatzen da bikotekideari tratu txarrak ematen dizkion gizon batekin. Bere frustrazio guztiak emakume batenganako indarkeria bihurtzen ditu ez duelako guztiz sentitzen debekatutako zerbait egiten ari denik, berak horretarako eskubidea duela sinisten duelako.

Uste dut horrela gertatzen dela bidegabekeria guztiekin. Horien egileak ez lituzke berdin egingo benetan sentituko balu gizarteak ez duela inolaz ere bere jarrera onartzen. Horregatik da garran-tzitsua presio soziala eta politikoa. Munduak erakusten badizu ez dagoela prest egiten ari zaren hori onartzeko, baliteke egiteari uztea gainean pixa egiten hasi baino lehen.

noticias de noticiasdenavarra