lbiste birekin esnatu gara mundutik at bizi eta lanera berriz joaten hasi garenok. Lehena zaldi baten inguruan da. Greziar mitologian Pegaso zaldi hegoduna zen. Latineraz Pegasus izena hartu zuen jainkorik handienekin eta boteretsuekin harreman ederra gordetzen zuen zaldiak.

Bada, zaldi horrek hegan egin du urteetan, eta denboraren poderioz Israeleraino heldu da gaur egun, eta di-da batean, bertako zerbitzu sekretuek espioitza-programa bilakatu dute zaldi hegalaria.

Egunotan espioitza kate lotsagarria agertu da hainbat hedabideetan, non Euskal Herriko eta Kataluniako makina bat politikariren gaineko datuak xehe-xehe azaldu diren, tartean, Espainiako Kongresuan diputatu dabilen Jon Iñarriturenak, eta EH Bilduko Arnaldo Otegirenak. Azken honek oso esaldi argigarria bota du horren harira: "Ilegalizatu egin gintuzten, torturatu egin gintuzten, hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ziguten, gerra zikina egin dute eta Estatu erailketak egin dituzte. Inor harritzen al da gu zelatatzeaz? 78ko erregimena bere gordinean".

Baina Pegasus horrek, batik bat, Kataluniako politikari independentisten gainetik hegan egin du zelatari. Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak mehatxu logikoa egin dio Espainia herriari esanez espioitza larri hori ikertzen ez bada ondorio politikoak izango direla.

Espainiako gobernanta amnesikoek berehala azpimarratu dute Espainian ez dela espiatzen, baina badakizue, hainbat politikarik zerbait ezeztatzeko aho zabaltzen duten bezain laster deslegitimatu egiten dira, modu zinikoan ari direla ohartzen baikara.

Beldurgarria da pentsatzea Espainiako gobernua modu zibernetiko perbertso horretan aritzen dela gaur egun, inolako eskrupulurik gabe, dagoen demokrazia larrutua itoaraziz, desberdin pentsatzen duenaren kontra trikimailurik sofistikatuena erabiliz. Baina, esaten denez, gobernuek baino ezin dute espioitza-programa hori eskuratu. Orduan, nor dago datu usurpazio horren atzean?

Bigarren albistea da ez dela derrigorrezkoa hainbat tokitan maskara erabiltzea. Dagoeneko, batzuei maskara erori egin zaie.