Utz ezazu, Patxi
Hainbeste desiratzen zenuten Ajuria Enean sartu zineten azkenean. Akaso, bertatik denon bizitza kontrolatu eta euskaldunon borondatea makurtuko zenutelakoan. Sartu eta segituan, ordea, euskarari bota zenioten begizkoa: euskaltegiei, tokiko prentsari, Osakidetzari, Aholku Batzordeari (portzierto, non daude?). Etengabeko esku-sartze, manipulazio eta azpikerien zerrenda amaiezina da. Jakina, beti ere "euskararen onerako". Sartu sartu zineten, agian sekulako pagotxa espero ere bai. Orain, ordea, ez zaizkizue kontuak ateratzen. Krisia aitzakia, ez omen duzue dirurik. Euskal Telebista biaren aurrean imajinatzen zaitut, sofan etzanda, oinak mahai txikiaren gainean Marx anaien pelikula ikusten. "Más madera" oihukatzen du Groutxok, "más dinero" eska dezaten zure morroiei agintzen. Utz ezazu Ajuria Enea, Patxi, berandu baino lehen.