Azken hilabeteetan mundua hankaz gora jarri da, denok ari gara bizitzen inoiz

pentsatuko ez genukeen egoera. Dena da ziurgabetasuna, denok gaude adi eta

urduri, hurrengo hilabeteak, edo hurrengo urteak, nolakoak izango diren jakin

guran.

Niri bederen azken hilabete hauek asko eman didate hausnartzeko, eta,

derrepentean, zein hauskorrak garen ikusteko; ia dena lotuta dagoela

pentsatzetik ia dena zintzilik dagoela sentitzeraino. Gauza anitz dago kolokan,

baina nik lerro hauetan hizkuntzaren auziari erreparatuko diot, euskararenari,

alegia.

Duela bi hilabete inguru, Garabide elkarteak eta kitxuen aldeko Sisary

plataformak Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Lehen Nazioarteko Ikastaroa

antolatu zuten Ekuadorreko iparraldeko Ibarra herrian, eta bertan parte hartzeko aukera izan nuen, Euskal Herriko beste aditu batzuekin batera. Nire ekarpena helduen alfabetatze eta irakaskuntza moduluan gauzatu zen, zeren edozein hizkuntza biziberritzeko orduan ezinbestekoa da, beste batzuen artean, helduen arloa jorratzea.

Zinez oso esperientzia aberasgarria izan da Ekuadorren bizi izandakoa, bertan

egondako tartean zer pentsa handia eman didana. Izan ere, munduko beste

puntara joan gara euskararen biziberritzeko giltzarriak izan direnak azaltzera, eta, horrekin batera, kitxuaren suntsipenaren erritmoari galga jartzeko baliagarriak izan daitezkeen proiektuak garatzen laguntzera. Ekuadorreko egonaldian makina bat aldiz pentsatu dut euskararen egungo egoerara heltzeko zenbaterainoko lana egin den gure herrian. Zelako indarra eta kemena jarri zen 60ko eta 70eko hamarkadetan, herrigintzatik hasieran, eta gerora administrazioen laguntzarekin (batez ere EAEn). Eta harrigarriena da, agian, hori guztia ez dutela aintzat hartzen Euskal Herriko lagun askok eta askok, ikusten eta ezagutzen ez dena, zoritxarrez, ez delako baloratzen; are gehiago, ezin da baloratu. Baina orduan ereindakoa eta gerora hainbesteko lanez eta maitasunez ureztatukoa ondo blindatzen ez badugu, osorik erortzeko arriskua egon daiteke.

Ekuadorretik etxera heldu, eta berehala sartu ginen konfinamendu aldian. Egunak igaro ahala, gero eta argiago daukat goiko lerroetan idatzitako hitzen premia: euskararen biziberritzea hobeto blindatu beharra dago, COVID-19ak agerian utzi baititu gabezia asko.

Egun batetik bestera ikusi dugu nola euskarak presentzia galdu duen gure

eguneroko bizimoduan. Agendan tokia hartzen hasita egon denean, brast! Ia-ia

desagertu egin da. Esaterako, nire herriko leihoetan "Quedate en casa" da nagusi, edota saltoki handien oharretan "Atendemos con prioridad a ...". Lehen ohituraz euskaraz jartzen zirenak ere galtzear... Denok barneratu dugu, edo barnerarazi digute, gauza garrantzitsuak gazteleraz kontatu behar direla.

Bestalde, gazte eta haur askok euskara eskola orduetan baino ez dute entzuten; bada, milaka diren horiengan eragiteko bideak eta moduak zein diren hasi beharko dugu pentsatzen. Nola irauli lehendik dituzten eta "etxealdian" indartu diren aisialdi ohitura ez euskaldunak?

Ez du batere lagundu, halaber, EiTB erakunde publikoak ETB1ekin eta Euskadi

Irratiarekin hartutako jokaerak. ETB2k eta Radio Euskadik ohiko programazioarekin jarraitu duten bitartean, ETB1ek astegunetako bazkalondoan eskaintzen zituen bi saio bikain desagertu egin dira, aspaldiko kirol ikuskizunak eskaintzeko. Gauza bera jazo da, kasu, Euskadi Irratian: larunbat goizeko Goiz Kronikako solasaldiaren ordez, bi gonbidaturekin egin ohi zena, aspaldi euskal kirolariei eta atzeratu diren Joko Olinpikoen harira egindako elkarrizketak jartzen ari dira. Radio Euskadin, aldiz, ordu eta erdiko solasaldia eskaintzen jarraitzen dute, lau gonbidaturekin. Ezingo dute esan gonbidatu euskaldunak etxetik ez irtetearren egin dutenik... Ala ETB2ko gonbidatuek kutsatzeko arrisku gutxiago dute?

Eta ahaztu ezin dena: nola bultzatuko eta inplementatuko dugu EAEn berriki

onartutako arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Plan Estrategikoa Lehentasuna "Produkzioa, eta kitto" izanez gero, non geratuko da euskara?

Askoren ilusioa eta elkarlana behar izan dira ekimena aurrera ateratzeko,

ezinbesteko plana ikusten izan dugulako denok. Orain, aldiz, krisia eta lehentasunak medio, tiraderan gordeta geratzeko arriskuan ez da, bada, egongo, ezta?

Azken urteetan berri pozgarriak izan ditugu, eta euskaltegietako izen-emateak,

emeki bada ere, gora egin du. Baina, 2020ko irailean, nola erakarriko ditugu

ikasleak? Heldu asko Aldi Baterako Erregulazio Espediente (ABEE) batetik irten

berri egongo da, eta, horrekin batera, oraindik ez dakigu nola bideratuko diren

maila egiaztatzeko probak ere. Agerian geratu da benetako doakotasunaren

beharra, helduen euskalduntzea bermatua gera dadin.

Euskarazko jarduera gehienak dirulaguntza sistemarekin daude lotuta. Hala ere, konfinamendu egoerak hala behartuta, jarduera asko egin ezinik geratu dira dagoeneko, eta geratuko dira udan, nahiz eta haiek prestatzeko ordu asko

inbertitu. Begien bistan geratu da dirulaguntza sistemaren gabezia. Urteetan

aldarrikatutako finantzazio marko egokiak ez luke dena konponduko, baina

seguru nago daukagun egoerari, eta datorrenari, hobeto eusteko helduleku

aproposagoa izango genukeela.

Jakin badakit une honetan lehentasuna osasunak duela; dena den, egoera, "bere onera" datorrenerako, aurreikusi beharko da eta neurriak jarri, azken urteetan irabazitakoa gal ez dadin: euskararen normalizazioa ezin da geratu, ezta atzerapausorik eman ere.

Neurri asko, beharrezkoak, iragarri dira dagoeneko, baina horien artean

euskararen industriarekin lotutakoen falta dakusagu. Komunikabideetan, oro har, asko hitz egiten da arlo desberdinen gaineko galeren inguruan; oso gutxi, ordea, euskararen galeraren gainean. Eta, normalizazioarekin batera, argi dago

euskararen industria ere estrategikoa dela. Geroago etorriko direlakoan nago,

azken urteetan asko aurreratu baita elkarlanean eta eragileen arteko

konplizitatean. Hemendik aurrera, gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin landu

beharko da, dudarik gabe.

Norbanakoek eginez, eragileek eraginez eta administrazioek eginaraziz, sistema eragilean klika egin eta euskarak duen birus handienari, zaurgarritasunari, jarri behar diogu txertoa. Ea horrela den! Eta, inoiz Ekuadorrera itzultzen banaiz, ea euskarak COVID-19a gainditzeko egindakoa harro baina harrokeriarik gabe kontatu ahal dudan. Hala bedi!