kainaren 14an beste hainbat albisteren artean eta oihartzun handirik gabe, ezagutzera eman ziren CIAren agiri desklasifikatuak. Horien arabera, Felipe Gonzalezek, Espainiako presidente ohiak ETAko buruzagiak hiltzeko mertzenario-talde bat sortzeari onespena eman zion. Agiriek mertzenario talde hori GAL ote zen argitzen ez duten arren, argi uzten dute, ordea, "armadak kontrolatuko" zuela. Hots, indar publikoak, guztion diruarekin ordain-tzen ditugunak, gerra zikina egiteko erabili zirela azaleratu zen. Guztiok ordaintzen ditugun zergetatik jasotzen diren etekinak norberaren onurarako erabiltzea ustelkeria da; baina sos hori jendea erailtzeko bideratu izana izendatuko lukeen hitz potolorik ez da oraindik asmatu! Polizia-indarra eta armada pertsonak torturatzea eta desagerraraztea pentsaezina izan beharko luke zuzenbide estatu eta demokrazia batean.

Eta zer gertatu da hori guztia jakin denean? Ezer ez. Isiltasunaren ituna nagusitu da berriro ere, hedabideetan, botere judizialean, zein ordezkari publikoen artean. Eskuineko alderdiek berek ere, PSOEk egiten duen edozer kritikatzeko joera ohi dutenek, ez dute tutik ere esan. Egia da, garai bateko Aznarrek "vayase, señor Gonzalez"en ondoren, boterea eskuratu zuenean, uko egin ziola epaileei laguntzeari GALen afera ikertu zezaten eta CESIDen ikuskaritza pean zegoen informazioa ez zien helarazi izan nahi. Mafiako kideek egiten duten bezala, "noi ci dobbiamo coprire uno con l'altro", elkarren artean ezkutatu beharra dago. Eta horixe bera egin du PSOEko gaurko zuzendaritzak ere, Felipe Gonzalezi buruz, "lurralde hau eraldatu eta modernizatu zuen presidentea, hainbeste zor diogun Europan sartu gintuena eta alderdiaren idazkari nagusi ohia" izan zela esan duenean; PSOEren babes osoa duela gaineratzeko, alderdiko bozeramailearen arabera. Ezer gutxi balio dute Euskal Herriko hainbat ordezkarik agertutako hitz kritikoak; bertso libreak besterik ez baitira, oportunistak alegia, defendaezina dena defendaezina delako, non eta hemen, GALen zauriak irekia dirauen herrian. Berez, ezer berririk ez alderdi ezberdinen agerraldietan. Baina bada ulergaitza bezain mingarria gertatu den zerbait: PODEMOSek GALen delituak ikertzeko ba-tzordearen kontra bozkatuko duela iragarri du. Urrun geratu omen dira Pablo Iglesiasek Sanchezi kongresuan, "Gonzalek, iragana kare biziaz zikinduta zuen horrek ez zietela elkarrekin gobernatzen uzten" leporatzen zionean, sekulako zalaparta eraginez PSOEren aulkietan. Bestelako garaiak izango ote ziren, elkarrekin gobernatzen ez zutenean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan Pili Zabala GALen biktima aurkeztu zutenean zerrendaburu. Baina okerrena, traizioa gauzatzeko erabili duten aitzakia izan da: kontra bozkatuko dutela diote, "jada zer gertatu zen badakigulako eta ez dutelako beste gauzetatik arreta desbideratu nahi". Egia esan balute behintzat, hots, ez dutela haien gobernukideekin arazorik nahi, agian, baten batek ulertuko zukeen... Demagun 36ko estatu kolpearekin, erregearen ustelkeriarekin edo PPrenarekin gauza bera esaten dutela. Inork ez luke ulertuko, ezta? Bada, kasu honetan ere ez. Biktimekiko mespretxua izugarria izan da.

Noski, GALen X jauna nor zen aspalditik genekiela! CIAko agiriek ez digute horren berri eman, ezta ezer berririk esan ere. Baina zenbaitek uste baino garrantzitsuagoa da CIAko agiriek aipatu izana. Alfredo Grimaldosek "La CIA en España" liburuan azaltzen duen bezala, CIA bera izan baitzen Gonzalez hauspotu zuena, eta, horregatik, ezinbesteko froga bilakatu da hau. Ama bati bere haurra zein den galdetuko baliote, ez luke zalantza izpirik izango; kasu honetan, CIAk berak bere sorkuntzaren emaitza aitortzen duen bezala, Espainiako trantsizioa kontrolatzeko erabilitakoa. Ezinbesteko froga ukaezina da ikerketa sakona abian jartzeko eta haien arduragatik ordain dezatela arduradunek. Eta bide batez jo dezagun gure iragan hurbilaren mamira: horrek ere agerian uzten baitu Estatu Batuek Espainian beti izan dituzten interes geopolitiko eta estrategikoak eta, horiek guztiek mantendu ahal izateko, frankismoaren atzean zeuden indarrak zuritzeko beharra. Azken finean, Espainiakoa baitzen Europan zirauen azkeneko diktadura, eta, hortaz, erregimena amaitu bai, baina horrekin hautsi gabe bilatu beharra zegoen. Prozesu demokratiko apurtzaile edo iraultzaile bat saihestea zuten helburu, eta horrelakorik gertatu baino lehen, nahiago izan zuten Juan Carlos erregea babestu, botere judiziala, armada eta baita ekonomikoa ere ukitu gabe uztearren eta aldaketa demokratikoaren itxurakeria antzezteko. Indarrik ez zuen PSOEri dirua eman eta bidenabar haien base militar garrantzi-tsuak mantendu eta NATOn sartu zuten Espainia. Eta zer preziotan? Frankismoaren krimenen kontrako amnesiaren truke lehendabizi, eta demokratikoki bakarrik konpondu zitezkeen gatazkak gerrate zikinarekin estaliz, ondoren. Bortizkeriaren instituzionalizazioa nornahik gauzatu dezakeen terrorismo larriena da, estatuaren indarra jendartearen kontra erabiltzen duelako, hura babestu beharrean, legeak urratuta, guztion ongizatea helburu dutela baztertuta. Demokrazia eta bakea ezin dira inolaz ere ez kare biziaren ez zigorgabetasunaren gainean eraiki. Eta PODEMOS bere jarrerarekin, horren guztien babesle eta laguntzaile bilakatu da, hori guztia eralda-tzeko jaio zenean. Benetan penagarria.

Irakaslea eta abokatua