2024 Euskararen Nazioarteko Egunean ekintzailetasunak euskararen biziberritzean egin duen ekarpena, eta talde-helburuen alde lan egiteko eredu horren egoerari ikusgarritasuna eman nahi izan zaio Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko 75. Egunaren ospakizunean azaroaren 26an Baionan antolatuatko ekitaldian.
Nafarroako Ikastolok ere bat egiten dugu ospakizun borobil honekin eta Eusko Ikaskuntzaren helburuarekin, duela 60 urte Ikastolak sortu zituzten ameslarien ilusioa eta lana eskertuz. Euskararen berreskurapenean bidegile haien ametsak, lanak eta bultzadak ekarri gaituzte honeraino, belaunaldiz belaunaldi. Euskal herrian euskara eta euskal cultura berreskuratzeko eta sozializatzeko borrokaren erdian egon da Ikastolen mugimendua. Izan ere, beste hainbat ekimenekin batera, euskarak bizi zuen jazarpenari eta galbideari erantzuteko sortu ziren Ikastolak.
Egungo egoeran, XXI. mendearen lehen laurden honetan, euskarak behar du, agian inoiz baino gehiago, euskararen ezagutza maila esanguratsua duten pertsonak, euskara erabiltzen dutenak, kontzienteak diren euskal hiztunak; hau da, euskararekiko motibazioa dutenak, euskararekiko atxikimendua dutenak eta euskararen aldeko hautua egiten dutenak. Testuinguru soziolinguistiko desberdinak kontutan izanda, hiztun mota hau lortzeko lanean jarraitu behar dugu Ikastolok, estrategia eta baliabide berriak baliatuz: curriculum sozilinguistikoa eta ekolinguistikoa, mintzoaren adierazkortasuna edo ahalmen espresiboa eta euskal kulturgintza modu sortzailean bizitzeko baliabideetan zentratua, besteak beste.
Globalizazioak eta berari lotuta dauden mundu mailako migrazioek eta teknologian ematen ari diren aldaketek indartu egin dute identitate kolektiboei buruzko ardura munduan zehar, eta, ondorioz, ugaritu egin dira talde-nortasunei buruzko gogoeta eta ikerketak. Izan ere, hainbat autoreren arabera, globalizazioarekin, eta hauekin batera hedatu diren teknologia berriekin, munduan hizkuntza, kultura eta herri-identitate krisiak edo gatazkak azaleratzen ari dira.
Honen aurrean, Ikastolok, hezkuntza eragile garen heinean, garbi dugu gure ikasleak heztea, hauei tresnak ematea dela ulertzeko etorkizuna ez dela errukigabea, problematikoa baizik, eta, beraz, amets, utopia, itxaropen eta aukeren mende dagoela. Honetarako gazteak prestatzen saiatzen gara bizitzea tokatu zaien mundua ulertzeko gai izan daitezen, eta hori jasotako herentzia kulturalaren transmisiotik abiatuta egiten dugu.
Euskal Herrian ere hainbat erakunde, aldizkari, pertsona eta elkarte daude arduratuta euskararen egungo egoerarekin zein etorkizunarekin.Euskal nortasunaren oinarrian nortasun linguistiko indartsua dago, eta nortasun hori modu desberdinean definitzen bada ere, euskara euskal nortasunaren erdigunean dagoela garbi islatzen da soziologoek egindako ikerketetan parte hartu duten persona ea guztiengan. Euskara da, beraz, euskal nortasunaren elementu, ezaugarri, bereizgarri, berezitasun, adierazle edo osagai nagusia.
Euskara da gure herriko berezko hizkuntza eta horregatik, herritar guztiek dute euskara ezagutzeko eskubidea; honela, hezkuntza-sistemaren ardura ere bada ikasle guztiek euskara-maila egokia erdiestea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, edozein izanik ere bizitokia, egoera sozioekonomikoa, jatorria, ingurune soziolinguistikoa…
Azken hamarkadotan urratsak egin dira, baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar da, hau da euskara ikas- eta irakas-hizkuntza duen eredutik. Euskara errealitate kultural bati ere lotzen zaionez, ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Eta horregatik, hezkuntza sistemak dagozkion bi eremuetan bermatu behar ditu euskalduntzea eta kulturaren transmisioa: hezkuntza arautuan eta ez-arautuan.
Soziolinguistika alorreko ikertzaileek eta euskalgintzako eragileek sarritan berrestu ohi dute euskara gaitasunean indartsu dagoela, eta erabileran, ordea, ahul. Duela aste gutxi batzuk Ikastoletako arduradunek Iñaki Iurrebaso soziologo eta EHun irakaslerekin saio oso emankorra izan genuen bere tesiaren azalpenak ezagutzeko eta denen harridurarako bera bestelako ondoriora iritsi da: dagoen euskararen ezagutza mailarako, handia da erabilera. Eta hau horrela da bere tesiaren arabera, euskaraz aritzeko motibazio instrumentalak kontuan hartuta soilik legokiokeen.baino nabarmen handiagoa delako.
Iurrebasok ateratako ondorioek aukera ematen dute alderdi baikorra ala ezkorra nabarmentzeko: batetik, euskararen gaitasunaren egoera orain arteko ikuspuntuak irudi lezakeena baino okerragoa dela erakusten du eta bestetik, hein handi batean euskararekiko atxikimenduak azaltzen du euskararen erabilera gaitasunaren gainetik egotea.
Ikastolok atxikimendu eta motibazio horietan topatzen dugu euskararen normalizazioan aurrera egiteko aukera eta palanka garrantzitsu bat. Badakigu munduko hizkuntza gutxitu gehienetan kontrakoa gertatzen ari dela; hau da, erabilera gaitasunaren azpitik dagoela; batik bat, gizarte horietan hizkuntza transmititzen ez delako eta prestigiorik ez duelako.
Euskararen prestigioa nabarmen handitu da azken hamarkadatan eta euskararekiko motibazioa ere bai. Aurrean erronka garrantzitsuak ditugu: euskaran ikasle gaituak hezten jarraitzea, badakigulako gaitasunak erabilera elikatzen duela, baina baita erabilerak gaitasuna ere. Horretarako, euskaldunon arteko harreman sareak indartzea eta ingurune digitalak euskalduntzea asmo esanguratsuak dira.
Nafarroako Ikastolen zuzendaria