Institutuko sarrerako korridoreetan dauden orletako argazkiei begira geratu nintzen aurrekoan. Azken 25 urteotako bilakaera esanguratsua izan da. Gelako askoz ere ikasle gehiago zeuden duela urte batzuk, janzkera eta orrazkerak ere asko aldatu dira, eta irakasleekiko harremana ere bai, ziur aski. Hizkuntzari dagokionez ez dago argazki zaharretan ikasleen euskararen ezagutza, motibazio edo atxikimenduaz ezer antzemateko modurik, noski. Batzuek ama-hizkuntza izango zuten, beste askorentzat bigarren hizkuntza izango zen, eta euskararekiko atxikimendu maila oso ezberdinak izango zituzten ziurrenik. Orain, aldiz, ikasle arrazializatuak ere ageri dira argazkietan, hainbat gelatan gehienak izaten dira, eta, salbuespenak salbuespen, badakigu, beraz, ikasleriaren zati handi batentzat euskara ez dela lehenengo edo bigarren hizkuntza; askotan, ezta hirugarrena ere. Lehen begiratuan antzematen da aldaketa hori, eta euskararen inguruko kontuetan izango duen eraginaz ondorio azkarrak eta okerrak eragiten dizkigu.

Azken urteotan kezka zabaltzen ari da euskalgintzan eta hezkuntza munduan, ikasleen euskara maila apaltzen ari omen delako, eta zenbaitentzat tentagarria izan daiteke horren arrazoi nagusitzat hartzea ikasleen jatorrian ikusten ari garen dibertsifikazio hori. Zorionez, urrunetik etorritako ikasleen artean euskaraz ondo moldatzen diren eta ikasteko interesa duten ikasleak daude, baina beste batzuek orain eskaintzen zaiena baino laguntza handiagoa beharko dute beren inguruan arrotza eta erabilgarritasunik gabekoa zaien hizkuntzan gaitasun nahikoa lortzeko, zalantzarik gabe. Gainerakoek ere laguntza eskertuko lukete, bide batez. Alegia, baliabideak nabarmen handitu beharko lirateke.

Euskal Herriak orain baino lehenago ere izan du immigraziorik. Gure gurasoak, beste asko bezala, Gaztelako nekazal eremuetatik etorri ziren Gasteizera orain dela 50 urte baino gehiago, bizimodua irabazteko eta hemengo industriak zeuzkan beharrei erantzuteko. Garai hartan etorritakoek, normalean, ez zuten euskararik ikasi, eta horien seme-alaben artean ere, askok ez zuten euskararekin ia inolako harremanik izan, hezkuntza sistemak ere horretarako aukera ematen baitzuen. Azken urteotan etorritakoen seme-alabak, gehien-gehienak, D ereduan eskolatuta daude. Askok gaitasun apala lortuko dute hala ere, eta ez dute euskararen erabilerarako joera handirik izango, oso eremu euskaldunean bizi ez badira behintzat. Baina euskara ez zaie arrotza izango, behik behin.

Oro har, gazteen artean euskararen erabilera eta harekiko atxikimendua eskasak badira, agian argazkietan hain agerikoak ez diren beste faktore batzuen garrantzia ez genuke gutxietsi beharko: ingurune soziolinguistikoa, erdaren nagusitasuna, euskara ikasgai huts bezala ikustea, atxikimendu emozionalik ez izatea... Beste alde batetik, gazteen aisialdia eta kontsumitzen duten mota guztietako kultur- eta teknologia- edukiak izugarri aldatu dira, baita hizkuntzen aldetik ere. Eta batez ere, inguruan sumatzen duten giroa aldatu da, euskaldunon aktibazio-maila jaitsi baita, oro har, eta horrek eragin nabarmena du haiengan.

Hezkuntzaren esparruan gertatzen ari denaren azaleko zertzelada txiki batzuk baino ez dira, baina kontuan hartu behar dugu beste eremu batzuetako erabilera sozialean ere eragiten duela, lan munduan, esaterako. Eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko lanean aritu garenok, maiz, azpimarratu izan dugu hezkuntza mundutik euskararen jabe datozen belaunaldiei esker gero eta presentzia handiagoa lortu duela euskarak lan munduan; era berean, euskaraz formatzen ari diren belaunaldiei euskaraz lan egiteko aukera erraztu eta bermatu behar zaiela. Hau ere arriskuan egon liteke gazteak, euskara ikasteaz gain, euskararen aldeko eragile bihurtu ezean. Horretarako, beharrezkoa da erronka honetan inplikaturik dauden eragileen partaidetza (hezkuntza eta lan munduko eragileekin batera, migratzaileen kolektiboak, etab.), euskalgintzaren ekarpena eta eragile politikoek eta instituzioek hizkuntza-politika ausarta eta berritzaileagoak sustatzea, bai eta baliabideak eskaintzea ere.

Azken hamarkadetako lorpenak aitortu eta ospatu beharrekoak dira, noski, baina orain eskuartean ditugun erronkei aurre egiteko ezinbestekoa da ikuspegia berritzea eta ausardiaz jokatzea. Gaur egungo testuinguru soziolinguistikoak eta gizartearen aniztasunak lankidetza, malgutasuna eta estrategia berriak eskatzen dituzte, hizkuntza politika eraldatzaileak garatzeko. Ausardia eta formula berriak behar ditugu, ezinbestean, beste 25 urte barru orletako argazkiei begira geratuko direnek esan dezaten oraingo eragile soziopolitikoek erabakiak hartu zituztela eta politika egokiak garatu zituztela esparru giltzarri guztietan euskararen erabilera erraztuko duen jauzia bermatzeko.