Orain arte Euskal Herria bisitatu izan duen Aita Santu bakarra Juan Pablo II Aita Santua izan zen, nahiz Aita Santu izan baino lehenago hemen ibiliak ziren Ratzinger Iruñeko Opus Dei-ren unibertsitatean edo Bergoglio Loiolako santutegian eta Iruñeko Ruiz de Galarreta adiskide jesuitarekin Erronkariko bere familiaren etxean eta abar.
Vojtyla Aita Santuak Loiola eta Xabier egun berean ikuskatu zituen; batetik bestera elikopteroz joanda. Elizkizunak bukatu ondoren eta bazkal garaia iritsi zelarik Xabierko gaztelu ondoko jesuiten konbentuan gela bereizi bat antolatu zuten Aita Santu eta bere idazkari partikularra zelako Stanislaw Dziwicz-ek atseden pixka bana har zezaten. Kardinal, artzapezpiku, gotzai eta bestelako autoritate eta pertsonalitateak ondoko aretoan eduki zuten zizka-mizka egiteko aukera.
Garai hartan Iruñeko artzapezpikua zen Jose Maria Zirarda eta jesuiten ordezkari bati esan zieten ate ondoan egon zitezela zer edo zer behar izanez gero edo laguntza emateko prest eta bazkari oparoa ekarri zieten biei ala biei. Vojtila Aita Santuari eta bere idazkariari lehenik barazki kontsome ederra aurzkeztu men zieten; eta gero bildots edo haragi errea, bertako ekoizpen adibideak zirela azaltzen saiatuz. Baina batetik eta bestetik puskatxo bana probatu eta gustagarria zegoela adierazi ondoren, arrautza tortila bana eta ura eskatu eta hartu omen zuten.
Bienbitartean ordea, elkarrekin polakoz mintzatzen omen ziren, -biak polakoak zirelako, jakina-; baina tartean Zirardari galdera pare bat jaulki zizkion gaztelera gabian Vojtilak:
• Aizu, Monseñor, hainbestetan entzun dugun Nafarroako Erresuma, -Reino de Navarra delako horrek, alegia-, zer adierazi nahi du edo zenbateko errealitatea dauka?
Monseñor Jose Maria Zirardak bere hitz jario aberatsa laxatuta XVI mendeko Nafarroa eta Gaztelaren elkarketa ahalik eta sakonenik azaltzen saiatu omen zen, konkista eta gerra hitzak sahiesten saiatuz, jakina. Baina Vojtylak moztu eta zehaztasuna eskatu zion:
• Baina independentzia zatirik gelditzen al da? Bai edo ez?
Zirarda atzapezpiak ezezkoa esan, eta azalpen gehiago ematen hasi zelarik, keinu batez moztu zuen Aita Santu polakoak….
Bitartean Xabiertik Zangotzarako errepidean sekulako arazoak ari ziren gertatzen, errepidea kolaptsatuta gelditu zelako, nahiz eta eragozpenak beste ondorio larririk ez zen gertatu. Eta istilu haien oihartzunak iristen omen ziren jesuiten konbentu barruraino. Jesuitek prestatua omen zeukaten Aita Santuarentzat gela bat Xabierko Konbentuan eta, jakin berri dudanez, oraindik han dago prest eta zai… Iruñean Mons Escrivá de Balaguer orain santuari, bizi zenean etortzen zen Aralar Kaleko Kolegio Nagusian bere gela gordetzen omen dioten bezalaxe.
Aurten, berriz, Leon XIV, Prevost Aita Santua alegia, Espainiara eta Kanarietara etorriko da, baina ez da Euskal Herriko alderdi hauetara hurbilduko… Vojtyla Xabiertik joan zenez geroztik, ordea, fedearen, elizaren eta ideien borrokek eta lehiek bilakaera guztiz sakona izan dute. Erronkak ez dira orain orduan baino ttipiagoak, baina aldi berean elizak gaur-gaurkoz daukan eta aitortu behar zaion entzungarritasuna oso handia da.
Egiazki, Leon XIV aitasantuak atera berri duen Magnifica Humanitas Adimen Artifizialari buruzko entziklika ezin zaio inori gaizki iruditu, -garai baten PIO XII-ren Humani Generis eboluzioari buruzkoa- askori ongi iuditu zitzaien bezala. Baina horrelako horiek ez dira aski, aurrean dauden arazo ikaragarrien aurrean. Publizitatu izan da azken entziklika hau Leon XIIIaren Rerum Novarum delakoaren oroimenez egina dela, baina askoz gehiago dirudi eztabaida eta kezka kulturalistei erentzuten diela. Bai 1950eko Humani Generis hartan, nola 2026ko Magnifica Humanitas honetan persona, gizabanakoa bezala ulerturik, hartzen da humanismoaren oinarritzat; eta, aldiz, 1891eko Rerum Novarum askoz lehenagokoan jendarte eta klaseen kezka zegoen tartean.
Era berean Elizak bere baitako arazoak sistemikoak direla onartu beharra dauka; adibidez, pedofiliaren kasuan. Ez dira soilik gertakizun opartikularrak, baizik eta egituretatik ondorioztatzen direnak… Errekonozimenduak ezinbestekoak dira, baina egiturak aldatu beharko dira, bai formakuntzan, nola suxuaren eta naturaren onarpenetan.
Pertsonen berdintasunak zutabe nagusi bat feminismo antropologikoan dauka; eta beste erlijio, zibilizazio eta jendarteetan aintzat hartua izatekotan… Elizak ez du eta ezin du arazo hau luzatu behar. Anglikanismoak eta hainbat ildo protestanteen adibideek erakusten dute aldaketa hori guztiz ahalbidekoa dela. Gainera, elizak berak barne demokraziaren bidean egin beharreko urratsak ezinezkoak dira emakume eta gizonen berdintasun oso eta orokorrik gabe.
Egiazki, armamentismoaren aurka eta bakezaletasunaren alde gaur egun entzuten diren ahots urri eta gutxienetakoa da Elizarena. Baina inmigranteen aurkako kriminalitatea, armamentismoaren aldeko eromena eta askatasunaren kontrako aldarri faszista guztiak defendatzen dituen eskuin muturrak elizaren gaitzespen zuzen eta gogorrak beharko lituzke. Aldiz, ordea, hor egon dira eta daude Jimenez Losantos, Herrera eta konpainia…
Azkenean guk geuk Leon XIV, Prevost Aita Santuari galdera zuzen eta gordin bate gin beharko genioke:
• Eutsi eta mantendu egin behar al dituzue Espainiako Elizaren esku dauden komunibide armamentismoaren aldekoak, inmigranteen kriminalizatzaileak eta emakumearen berdintasunaren kontrakoak? Hau da, kondatuko al duzue behingoan Faszismoa?