Euskaldunak, Bilbo aldekoak eta emakumezkoak. Hiru ezaugarriok batzen dituzte Printzak Begietan (Elkar, 2023) liburuan ageri diren protagonistak. Denek ala denek bizi zuten zegokien garaia pasioz, indarrez eta minez. XX. mendea oinarri hartuta, hamarkada bakoitza andre baten ahots eta gorputzetik dihardu Printzak Begietan liburuan. Ipuin bilduma formatuan ondu du Iratxe Ormatzak (Bakio, 1971) XX. mendeko istorioak eta historia biltzen dituen argitalpena.

1905eko udaberrian kokatuta dago lehenengo ipuina; 1998ko udaberrian, berriz, azkena. Tartean, 1934ko iraultza, 1943ko gerraostea eta 1976ko diktadura ostekoa. Hamar hamarkada, hamar ipuin eta mende bat. Historiaz eta istorioez jositako 100 urte irudikatu nahi izan ditu Ormatzak, urte zehatzetara joz. Izan ere, ipuin bakoitza urte eta urtaro batean kokatua dago, kontakizuna errazteko. Idazleak aipatu duenez, bestela ezinezkoa litzateke liburua bukatzea. Urtaroek giroa zehazten lagundu diote, haren hitzetan ez delako berdina udaberrian ala udazkenean garatzea istorioa. 

Ipuin bakoitza hamarkada baten kokatu du, orduan jazotakoak ondo islatu nahian. Kontakizun bakoitzean emakume baten bizipenak daude zentroan, garaia eta orduko ezinak eta minak bete-betean bizi izan zituen andrazko banaren ikusmira da abiapuntua. Horrela harilkatzen ditu idazleak garaian garaiko paisaia: Bilboko kaleak eta fabrikak, langileen baldintzak eta borrokak, gerrak eta gerraosteak, aurrerapen kulturalak, eraldaketa soziopolitikoak eta hain agerikoak izan gabe ere intimitatean bizitako iraultza, su eta samin guztiak.

Prozesu luzea izan da liburua osatzea, urteetako lana. Lehenbizi, ipuin bilduma bat osatzeko grina piztu zitzaion Ormatzari, eta ondoren bete zuen formatua edukiz: “Bururatu zitzaidan XX. mendea hartzea eta hamarkada bakoitzean istorio bat girotzea”. Pentsamenduari forma ematen hastea izan zen hurrengo urratsa, eta mende oso bat liburu bakarrean nola laburbildu zehaztea. 2016ko udaberrian ernaldu zen ideia eta urte bereko udazkenean ekin zion Ormatzak idazketari.

Garaia eta orduko ezinak eta minak bete-betean bizi izan zituen andrazko banaren ikusmira da kontakizunen abiapuntua.

Dokumentazioa

Istorioak eraikitzen hasi zen, baina berehala ohartu zen irudimen ariketak lur hartze mamitsua behar zuela: dokumentazio lana. Zer gertatu zen XX. mendean? Nolakoa zen 1904ko Bilbo? Zein zen testuinguru kulturala 1924. urtean? Zehaztasun bila hasi zen Ormatza: “Dokumentazio lana egiterakoan moldatu egin ditut istorioak kasu batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, dokumentazio lana egin ahala asmatu dut istorioa”. Kasurako, 1924an girotutako istorioan emakume lesbiana baten bizipenak kokatu ditu garaian. 1934ko ipuinean, aldiz, kontrakoa izan da prozesua: iraultza giroa kontuan izanda, bertan koka litekeen pertsonaia osatu du Ormatzak.

Dokumentazio lana abiatzeko Iñigo Aranbarriren Gure Mendea (Argia, 2000) liburua irakurri zuen idazleak, non urtez-urtez kontatzen den Euskal Herrian jazotakoa euskaraz eta Euskal Herriaren ikuspuntutik. Ismael Manterolaren Maite ditut maite liburua ere izan da inportantea sorkuntzan: “Transmisioaren inguruan egiten du berba artearen ikuspuntutik, eta, eragina izan du liburuan istorioak gorpuztu eta borobiltzeko”.

Prozesu luzea izan da sorkuntza eta ipuinak “borobiltzea” izan da erronka idazlearentzat. Era berean, irudimen askea eta historia zurruna orekan mantendu behar izan ditu Ormatzak: “Dokumentazio lana eta istorioa paraleloan joan dira, batzuetan oso zaila izan da”. Halere, egiari zor, ahalegin mardula egin du idazleak “gazapo historikoak” saihesteko.

Minak eta grinak

Izenburutik hasi eta lerro-artean sakon, emakumeen bizipenak ondo jaso nahi izan ditu: “Testuinguruak emakume bakoitza nola zeharkatzen duen eta nola eragiten dien jaso nahi izan dut”. Istorioetan daude bortxa, lan arrakala, zaintza lanen gutxiespena eta beste hamaika zapalkuntza. Horietaz kontziente diren pertsonaiak sortu ditu idazleak, “hausnartzen” duten protagonistak. Bizi eta pairatzen zutenaren inguruko gogoetez gain, emakume horien “indarra” islatu nahi izan du Ormatzak liburuan: “Beraien barruko indarra: jausten gara, baina bagoaz, ahal bezala. Denek dute gogoa askeago izateko edo barruan duten hori askatzeko”. Are, emakumeen adinak ere adierazten du grin hori. Denek dituzte 20-40 urte artean, idazlearen ustez hamarkadak “bizi” egiten diren urteak dira horiexek hain justu.

Izenburuak eta azalak indartzen dute ideia. Irudian bi emakume ageri dira, elkarri besarkatuta, ahizpatasunaren seinale. Printza hitzak ere adiera bikoitza du, eta horregatik hautatu du idazleak izenburua hornitzeko: “Printzak izan ahal dira egur zati txiki txikiak eta begian mina ematen dute; baina, printzak izan ahal dira ere dirdira begietan”.

Intuizioari segika sortutako lana osatu du Ormatzak, mende bat emakumeen begirada zorrotz eta indartsutik kontatuz: “Gauza batzuk idatzi baino lehen ere gorputzean igartzen nituen”, azaldu du. Eta berak nola, gorpuztu dituen pertsonaiek ere igarri dute bizi duten garaia erraietan barrena.