“Literatura, edo nik maite dudana behintzat, ez dut ulertzen ikasgai zehatz bat helarazteko zerbait balitz bezala”
Aintzane Usandizaga bueltan da haur literaturan ‘Ez duzu sinetsiko’ liburuarekin. Berriz ere, Asier Iturralderen esku utzi ditu liburuaren ilustrazioak
Usandizagak "Ez duzu sinetsiko" liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin. 2019an argitaratu zuen Etxe honetan albuma eta gero, berriz haur literaturara bueltatu da, kasu honetan, Samira berbatiaren istorioa kontatzeko. Bere istorioak entzuten Jon egongo da, auzoan berria den mutila. Bien artean, bakoi-tza bere rolean, inguruan duten pertsonen eta egoeren kontakizuna sortuko dute.
Haur literaturan murgildu zara berriro ‘Etxe honetan’ albuma argitaratu ondoren. Ze ezberdintasun aurkitu dituzu album horren eta azken liburu honen artean?
Liburu bakoitza desberdina da aurrekoarekiko. Beste istorio bat kontatu nahi dudalako, bestelako pertsonaiak eraikitzeko gogoz nagoelako hasten naiz normalean liburu berri bat irudikatzen. Kasu honetan, gainera, formatuaren kontua dago: albumetan beste lengoaia bat erabiltzen da kontakizunerako, non irudiek hi-tzek bezainbesteko zama narratiboa duten. Liburu honetan, aldiz, hitzek dute kontakizunaren ardura.
Martxoan, ‘Zomorrotu’ liburua argitaratu zenuen. Alde handia al dago haur literatura eta helduentzako literatura sortzeko prozesuen artean?
Nik modu desberdinean bizi dut behintzat, bai prozesua eta baita lana plazaratzeko momentua ere. Haur literaturak, zoritxarrez, atentzio gutxiago jaso ohi du, baina horrek izan dezake bere abantaila: askeago senti zaitezke idazterako garaian. “Helduen literatura” deitzen diogun hori aurkezteak sarri tesi bat defendatzearen antza hartzen du, eta badirudi oso serioa eta transzendentala izan behar duela esaten dugun guztiak. Ez duzu sinetsiko plazara atera zenean, aldiz, ez zen halakorik egon.
‘Ez duzu sinetsiko’ umeei zuzendutako liburu bat da, non Samira, irudimenez beteriko umea, protagonista den. Nolakoa da pertsonaia?
Samira bederatzi urteko haur bizia da, intentsitatez eta jakin-minez bor-bor egiten diote hitzek. Istorioak kontatzea maite du eta hori egiten du aukera duen guztietan. Kasu honetan, Jon bizilagun heldu berriari kontatuko dizkio lagunekin eskolan gertatzen zaizkionak, irudimenari filtrorik jarri gabe.
Berarekin batera, Jon aurkituko dugu, izaera guztiz ezberdina duen ume bat. Irudimen gutxikoa, edota entzule amorratua?
Ez dut uste irudimen gutxi duenik, baina bada akaso praktikoagoa edo errealistagoa. Horrek ez du esan nahi ez duenik fantasiarekin, misterioekin, istorioekin gozatzen, eta horregatik jarraitzen du Samirarekin balkoiko une horiek gogoz partekatzen. Baina entzule amorratua den hori egia da bai, eta nolako zortea Samirarentzat, ze… zein zaila den entzule onak topa-tzea!
Liburu honetan, kontakizunetik haratago, helbururik dago?
“Helburu” hitzarekin zer ulertzen dugun... Literatura, edo nik maite dudana behintzat, ez dut ulertzen ikasgai zehatz bat helarazteko zerbait balitz bezala, eta beraz, liburu honek ez du ikasgai zehatz bat helarazi nahi. Horretarako daude jakintza liburuak eta saiakerak. Beste kontu bat da literaturak pertsonaia, testuinguru, gertaera, emozio desberdinak ulertzeko ateak ireki ahal dituela. Horrekin ados nago. Ez duzu sinetsiko irudimen bizia duen eta istorioak konta-tzea maite duen pertsonaia baten inguruan eraiki den liburua da, errealitatea eta gure irudimenak askatzen duen fantasia nahasten dituena.
Hala ere, gaur egungo errealitatean aurkituko ditugun pertsonaiak eta egoerak txertatu dituzu: bananduta dauden gurasoak, amamarekin bizi den laguna edo Mohamed deituriko klasekidea… Aniztasunaren mezua erabili beharrean, normaltasunez, horiei buruz hitz egin duzu.
Hori da gaur egungo gure testuingurua eta hori da liburuarena ere. Era askotako haurrak dauden bezalaxe, mota askotako familiak daude, eta lehen ere baziren, beste gauza bat da ze puntura arte izan duten fikzioan islarik. Ze, zenbat haur hazi dituzte amonek, esaterako? Eta berdin izenekin. Edozein eskola publikotako egunerokotasuna da hori. Akaso hausnartu beharrekoa da, zergatik ematen digun arreta oraindik hori liburu batean aurki-tzeak.
Berriz ere, Asier Iturralderen esku utzi dituzu ilustrazioak. Albumean, pisu handia zeukaten, baina ‘Ez duzu sinetsiko’ liburuaren kasuan, zer eskaintzen diote ilustrazioek kontakizunari?
Bai, erabat desberdina izan da. Etxe honetan biok sortu genuen eta irudiak eta hitzak aldi berean sortuz eta korapilatuz joan ziren. Liburu honetan lehenengo istorioa idatzi nuen eta gero Asierrek marrazkiak egin zituen, kontakizunak beragan piztu zuenetik abiatuta. Irudiek bizi gehiago ematen diete pertsonaiei, giroa sortzen laguntzen dute eta liburua edertzen dute baita ere.
Esperientzia hauek eta gero, haur literaturaren munduan irakurriko ditugu berriz Usandizagaren hitzak?
Auskalo! Kontatu nahi dudan istorio, pertsonaien bat sortuz gero, bai, noski.