Unai Zabaleta Alduntzin (Leitza, 1974) urte askoan Artadi, Iraunkorrak eta Incansables txarangetako musikaria izandakoaren ahots eta soinu hotsak entzun daitezke egun ere; izan ere, 2000.urteaz geroztik, Leitzako Karrape Irratiko esataria da nafarra. Horrez gain, ume zein heldu askoren erretinetan gordea izango dute Zabaletaren irudia; bai, behintzat, Gure Zirkura joanak badira. Izan ere, 2018. urtean euskal zirkuan hasi zen musikari.Horrez gain, han edo hemengo irratietan kolaboratzaile lanetan aritu izan da urte askoan eta baita ETBko hainbat telebista saiotan ere: hala nola, Gasteizko suak, Oh HappyDay edoBostekoa programetan. 

Abesti bat: Esne Beltzaren Esne bidea disko berriko Montparnasse abestia. 

Musika talde bat: Esne Beltza. Datorren urtean agur esango digute, baina, momentu bikainak pasarazi dizkigute.

Bakarlari bat: Izaro. Nortasuna duen abeslaria da, kantaera ederrekoa. Iruñeako kontzertu bat oraindik gogoan dut, gozatu ederra.

Kazetari bat: Arantxa Iturbe. Esatari eta komunikatzaile bikaina. Euskal kulturari asko eman dion kazetaria.

Aktore bat: Ane Gabarain. Bi eta bat, Jaun ta jabe... Bere lanen zerrenda luze du. Hainbeste gozatu dut...

Antzezlan bat: Kataluniako LA CUBANAren Cegada de amor. Lehenengo aldiz ikusi nituenean ederki pasatu nuen, baina aho bete hortz ere utzi ninduten.

Telesail bat: Euskal telesailen artean, ETB1eko Jaun ta jabe esango nuke, gaztetxoa nintzeneko oroitzapen asko ditut, ez nuen kapitulu bat ere galtzen. Espainiakoen artean, 7 Vidas telesaila.

Kultur espazio bat: Espazio bat baino gehiago gure herriko, Leitzako, eragileek kultura sustatzeko egiten duten lana aipatuko nuke; eskertzekoa.