Maren Otegi Eizagirre, musikari zarauztarra da. 2004ko urriaren 3an jaioa. Gaur egun, 20 urterekin atera berri du bere lehen diska Noraezean izenekoa. Bederatzi urterekin Zarauzko Musika Eskolan pianoa ikasten hasi zen, eta gero Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan jarraitu zituen ikasketak. Gaur egun, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan piano klasikoko ikasketak egiten ari da. Musika klasikotik kanpo, jazz eta musika modernoak oso gustuko ditu; eta, ondorioz, esan liteke, bere musika estilo modernoetatik gertuago dagoela. Halere, kontserbatorioko ikasketek piztu zioten konposatzeko grina, eta, horren harira hasi zen bere abesti propioak idazten. Prozesu horren emaitza argitara eman du dagoeneko. Noraezean diskoak nerabe garaiko gorabeherez hitz egiten du: norbere burua onartzearen zailtasunak, gizartean eta lagun artean zure lekua ez sentitzearen mina, maitasunak eragindako gazi-gozoak eta galduta sentitzearen desegonkortasuna, besteak beste.
Maren Otegiren kultur gomendioak
Abesti bat: Errefuxiatuena.
Musika talde bat: Aldapeko basque latin jazz.
Liburu bat: La canción de Aquiles, Madeline Miller.
Antzezlan bat: Lehendakari gaia.
Film/telesail bat: La casa de papel eta Gossip Girl.
Kultur espazio bat: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.