Negua hartzen loaldiaren an-tzekoa da musikazale askoren-tzat. Kasu, batere aspergarria, diskoak gordelekuan lasai disfrutatu eta aztertzekoa, noizbehinkako zuzenezko musikarako joan etorri arin eta puntuala... musika kontsumoa luzeragokoa izan daiteke, udarako abesti solte, motz eta eraginkorren aldera. Neguan zehar mamurtutako musikak mantra bezala laguntzen digute hibernazioan, trance hotz batera eramanez. Hau da, izan ere, oraingoan baliatutako kontzeptu kakoa eta kazetari aitzakia. Trancean, musika estilo eta egoera bezala oinarritutako edo harekin erlazioa duten lau emakume musikaren lanak ekarri ditugu gomendatzera, ziurrenik beste asko ahaztuta (Iker Munduate edo Alairen lan elektronikoak ambientaren itxura hartu dezakete askotan), baina arreta merezi duten lan liluragarriek urtzaldia eta udaberri ederra ekarriko dutelakoan. 

Trancea 90eko hamarkadan sortu zen, technoa, housea eta ambienta uztartuz, erritmo hipnotikoekin eta melodia etereoekin. Europan hazi zen, Paul van Dyk eta Tiësto bezalako artistekin, eta progressive edo psytrance gisako aldaerak garatu zituen. Estetika futurista eta psikodelikoan oinarritzen da, irudi abstraktuekin eta argi estroboskopikoekin. Gaur egun, neotrancea, hyperpopa eta deseraikitako klub musika bezalako abangoardiako generoekin konektatzen du, Objekt edo Evian Christ bezalako ekoizleen eraginez eta bestelako estiloak zipriztinduz. Bere funtsa euforia sentsorialaren eta soinuetan murgiltzearen bilaketan mantentzen da, elektronika esperimentalean garran-tzitsua izaten jarraituz. Hala, joera estetiko retro zaleak akonpainatuz, 2.000 hamarkadetako nostalgia, janzkera, irudi eta baita hardwarearen bigarren bizi-tzaren erakusgarri da.

'Eusexua' - Fka twigs

Twigsen lanak beti dira arte eder garaikideak. Beti soinu joerak definitzen eta puntazko ekoizleekin lanean, Erresuma Batuko abeslari eta dantzariak Eusexua laugarren lan luzea kaleratu du urtarrilean, negu itxitik loratuko den krisalida bat bezala. Egia esan, denetik dauka diskoak, dantzarako musikarekin konektatua beti. Halaber, hasierako abestiak, Eusexua, trance zantzu argia dauka, arpegio eta geruza kiribilkariei esker. Erreza da bideoklip eta portadari esker abeslaria dantzan imajinatzea, alien itxurako butoh dantza moduko mugimendu kontortsionatu eta garaikideen bidez. Twigsek Pragan eman zuen 2022. urtea, The Crow filmean parte hartzeko, eta han klub eta techno azpikultura berriak ezagutu zituen. Hala ere, ez da bakarrik rave edo diskoteketan disfrutatzeko lana, bat ere. Barnerakoia, pop eta intimoa ere bada.

'Eusexua' - Fka twigs

'Eusexua' - Fka twigs

'Saguxar' - Saguxar

Pasa den urteko disko bakarra da gaur aurkeztutako zerrendan. Ezkutuan pasa ditu bizitzako lehen uneak, Interneteko ekoizpen gaindosia medio. Iruneko Ane Segurola gaztearen (1996) ezizena da Saguxar, eta argi uzten du proiektuaren nortasuna: gauekoa, itsua, ultrasentikorra, iluna... Bidasoa inguruko ohiko estiloak rocka eta bestelakoak diren arren, esperimentazioa beti egon da presente zonaldean, Bidehutsen eraginari esker, besteren artean. Tinbre etereoago eta atmosferikoagoak lantzen ditu Segurolak, sintetizagailu digital eta ahotsen modulazioari esker jasotzen zaituztenak. Horrela, ametsetako mundu batera gonbidatzen gaitu Sei mila urte irauten duen bidaia honetan. Artista hasiberria, baina kontzeptu eta material landu eta sakonarekin, Saguxar-en hegaden soinuari erne ibili beharko gara magma hoztu bitartean.

'Saguxar' - Saguxar

'Saguxar' - Saguxar

'Choke enaugh' - Oklou

Oklou (Marylou Vanina Mayniel) musikari frantziarra musikari garaikideen belaunaldi baten parte da. PC Music kolektibotik, europear elektronikatik eta pasa den hamarkadako erromantizismotik edaten duen belaunaldia: Sophie, Eartheater, Bladee, Sega Bodega, Caroline Polachek... Popa egin eta ulertzeko modu berri baina kontinuista eratu dute, poparen arauak haratago eramanez eta egungo sonoritateekin landuz. Marylou piano jotzailea da, baina ekoizpen guztia zaintzen du. Teklak bai, baina baita perkusio, egitura eta giroa ere. Kantuak lo kanten moduan tratatzen ditu, sentsibilitatez, landa grabazioekin uztartuz, atmosfera zirraragarriak sortuz, baina kantu itsaskor eta borobilak alde batera utzi gabe. Choke enough bere bigarren lan luzea da, Internetetik sakabanatutako kantu eta kolaborazio eder mordoa baditu ere. Xuxurlatutako ahotsak, arpegio orkestal eta konplexuak eta guztiaren gainetik, xamurtasuna. 

'Choke enough' - Oklou

'Choke enough' - Oklou

'Akorduan gaude zintzilik' - Ini

Xabi Agirre musikari eta ekoizle mungiarra beti erritmo propioak garatu ditu, industriatik at bere musikak eskatzen duen xamurtasuna eskainiz materialari. Askotan, minimalismoa mantentzea, eta honek bere horretan funtzionatzea lan handiaren ondorio dira. 2017an Izarrak lanarekin bakarkako ibilbideari ekin zionetik, hau da akustikotik haratago burutzen duen lehen diskoa. Akorduan Gaude Zintzilik lau urteko lanaren emaitza da, drone, zarata, testura eta garapen luzeak biltzen dituen zazpi kortetako pieza borobil eta minimalista. Korteak diot, errespetatu behar ez direnak. Diskoa hasieratik bukaerara entzuteko modukoa baita, eta hala gomendatzen du egileak berak. Ni ezizenaren atzean, horrelakoa da Agirreren lana, soila, baina oso eraginkorra. Disfrutatzeko denbora merezi duen harribitxia, ekoizpen bikain eta zainduarekin. 

'Akorduan gaude zintzilik' - Ini

'Akorduan gaude zintzilik' - Ini