Duela hiru urte hasi zen Naxker taldearen ibilbidea; Atarrabiako txosnetan, hain zuzen ere. Abestien bertsioak egiten hasi ziren, eta 2024an Matxenia II EP-a kaleratu zuten. Orain, berriki, irailaren 25ean EP berri bat kaleratu dute: 'Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?' Nerea Arrasatek (bateria), Jaione Baraibarrek (teklatua), Ainhoa Garciak (gitarra), Karmele Gurbindok (ahotsa) eta Aritz Martxinek (baxua) osatzen dute taldea, eta nolabait, ildo beretik jarraitu dute azken lan honetan.
Ainhoa Garciaren esanetan, pixkanaka, bertsioak setlistetik ateratzen hasi dira: “Gure lehenengo EPak sei abesti dauzka, eta horrekin ez digu kontzertu oso baterako ematen; orain, beste bost dauzkagu”. Bertsioak jotzen jarraituko duten arren, EP hau ateratzeko “presa” zuten, nolabait; izan ere, kontzertu osoa, edo gehiengoa, Naxkerren doinuekin bete-tzeko gogoa zuten.
Setlista Naxkerren kanta propioekin osatu nahiaz gain, Matxenia II-ak eduki zuen harrerari erantzuten dio bigarren lanak. “Guk plazaratu genituen abestiekin zenbait entzule eta publikoa izan ditugu kontzertuetan; beraz, 'Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?' lanak en-tzule horiei hitz egiten die”, azaldu du Garciak.
Publikoari zuzendua
Finean, EParen izenburua ere, nolabait, publikoari zuzenduta dago. Abestiak grabatu ondoren, izenburua zehaztea kostatu zitzailea aitortu dute, baina argi zeukaten izenburu luzea gustuko zutela. Diskoko azken kantuan, 'Pista Bat,' topatu zuten, 'Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?' izenburuaren inspirazioa izan zen esaldia. Milaka erantzun eduki ditzakeen galdera da, baina lehenengo lanarekin, ezustean, harrera oso oso ona jaso ostean, oraingo honetan, publiko bat edukita, EPa jendearengana iritsi dela uste dute. Publikoa ez da mantentzen den bakarra; izan ere, abesti gehienetan esperientzia pertsonalei buruz hitz egiten dute, poparen berezko doinuekin jantziz. “Kantu askok haserre puntu bat dute, baina, aldi berean, jostari ere beste batzuetan”, aipatu du gitarra jotzaileak.
Batez ere pop doinuak dira nagusi, baina beste genero batzuk jotzen dituzten taldeak ere izan dituzte inspirazio iturri ondutako diskoetan: besteak beste, Amyl and The Sniffers, La Élite, Haim, Belako, The Strokes eta Las Ligas Menores (azkeneko biak bigarrenean).
Punk eta post-punk estiloetan ere kokatu daitekeen taldea da Naxker; izan ere, estilo horietan ohikoa den kritika soziala taldearen letretan oso presente ez dagoen arren, taldekideek uste dute egiteko moduan estilo horien berezko izaera: “Abestiren batek badu kritika soziala, baina ez dut uste horrek defini-tzen gaituenik; bai, ordea, gure funtziona-tzeko moduak”. Hau da, 'Do It Yourself' filosofiarekin bat egiten dute eta espazio auto gestionatuetan jotzen saiatzen dira; are, ez daukate ibilbide horietatik ateratzeko asmorik: “Zirkuitu horrek, gaztetxeena, txosnena eta gune auto gestionatuena ateak ireki dizkigute eta guk hor gelditzeko asmoa dugu; badago punk pixka bt horren barruan, nire ustez”.
Letrak ez daude kritika sozialez gainezka, baina Naxkerrek beste hainbat aldarrikapen egiten ditu; batik bat emakumeak eta genero disidenteak oholtzara igotzearen aldeko aldarria. Eszenatoki gainean ondo pasa nahi dutela argi zuten taldekideek, eta aurretik aipatutako aldarriari jarraiki, nesken taldea osatu zuten. Horren harira, EP berrian batzuetan oholtzan aurkitu dituzten edo ikusi dituzten erreakzioak kritikatzen dituzten letrak topa daitezke. Azken honen adibide da Iruña Bellen topatu daiteken esaldietako bat: “We’ll never be Rammstein, keep feeling my sound/ Inoiz ez gara Rammstein izango, jarrai ezazu nire doinua sentitzen”.
Garciaren ikuspuntutik, taldea 2022an jaio zen arren, duela urtebete hasi ziren industria ezagutzen, eta, honekin batera, denbora tarte honetan, emakume eta genero disidenteen talde gehiago sortu ere: “Horrek erosoago sentiarazten nau, eta eszenari berari, gune eta musika munduan dauden guztiei normalagoa egiten zaie gu bezalako pertsonak oholtza gainean ikusteak”. Halere, herriko jaietako egun LGTBI feminista antolatu nahian taldeak bilatzen egon ziren, eta ez du hain argi “boom”-a egon denik, pixkanaka harrera hobetzen ari dela uste duten arren.
Spotifyri boikota
Punk izaera eta feminismoa eta genero disidenteen aldeko jarrera ez dira Naxkerren aldarrikapen bakarrak; duela gutxi erabaki garrantzitsu bat hartu zuten: Spotify plataformatik ateratzea. Spotify-ko Daniel Ek nagusiak diru ekarpen esanguratsua egin du genozidioaren armagintzan, eta Musikariak Palestinarekin ekimenarekin bat egin dute hainbat artistek, eta Naxker ez da atzean geratu. “Egia da guretzat eta EP-arentzat kaltegarria dela entzule askok Spotify bidez entzuten baitute musika, baina uste dugu orain dela Spotifytik ateratzeko unea, bai taldeentzat baita entzuleentzat ere”, adierazi du Garciak. Plataforman entzungai ez dagoen arren, beste plataforma digital ba-tzuetan, fisikoan zein zuzenekoetan 'Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?' diskoaz gozatzeko parada dago.