Emoziotatik eta bizipenetatik tiraka, euskarak Araban izandako ibilbidea aztertzen du Araba lehen alaba dokumentalak. Mikel Sanchez Duran zinemagileak eta Ariana Rac artista plastikoak sortu dute. Arabarrak dira, eta salatu dute Araban euskara biziberritzeko egindako lana ertzetan geratzen dela maiz. “Erakutsi nahi dugu Araban zernolako bizipenak dauden eta zernolako hedapena izan duen euskarak”, esan du Racek. Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean estreinatu ztuen dokumentala, irailaren 27an, eta “oso harrera ona” izan zuen.
XX. mende amaieran Arabak bere hizkuntza berreskuratzeko egindako lana ikertu dute. Horretako, modu batean edo bestean, euskara zabaltzeko lanean aritu ziren hirurogei urtetik gorako pertsonak elkarrizketatu dituzte. Gehiengoa emakumeak dira: “Bat izan ezik, denak emakumeak dira. Gizon bakarra elkarrizketatu dugu, eta justu disidentea da. Ez da aktiboki bilatu dugun zerbait. Horrek esan nahi du emakumeak eta ez gizonak izan direla batez ere irakasle bezala edota ekintza periferikoen bidez euskara zabaldu dutenak”.
Hasieran, euskal kulturaren inguruko dokumental bat egitea zen asmoa. Alabaina, 2025eko otsaila aldera, elkarrizketekin hasi zirenean, ikusi zuten, “mamia” edo “gauzarik boteretsuena” arabar nortasuna eta euskararekin duten harremana zela. “Oso polita izan da ikustea euren bizipenek markatu dutela dokumentalaren abiapuntua”, esan du Racek. Sanchezek gehitu du identitatearen ideia “unibertsala” dela: “Identitateak ez digu soilik arabarroi eragiten. Oso ideia sakona da, eta istorio asko daude jasotzeko eta erakusteko”.
"Dokumentalaren gakoa bizipenak dira, eta euren sentipenak zabaltzeko eta sentikortasuna bermatzeko denbora behar da”
Dokumentala sortzeko Gazte Sortzaileak beka deialdiko diru laguntza izan dute. Bekaren helburua hamasei eta hogeita hamabost urte bitarteko gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzea da. 2025eko urtarrilean hasi ziren elkarrizketatuak lotzen, eta otsailean eta martxoan grabatzen. Kontent dira elkarrizketak epe antzekoetan egin dituztelako eta eguraldia ere alde izan dutelako. Horrek irudien kohesioa manten-tzen eta zaintzen lagundu diela diote. Racek azaldu du “asko” zaindu dutela prozesua: “Ez da izan: deitu, elkarrizketa egin, eta joan. Lasaitasunez eta mimoz egindako lana da. Dokumentalaren gakoa bizipenak dira, eta euren sentipenak zabaltzeko eta sentikortasuna bermatzeko denbora behar da”. Horregatik, patxadaz egin dituzte elkarrizketak eta behin baino gehiagotan elkartu dira.
Diziplina ezberdinetatik datoz: Sanchez zinemagintzatik eta Rec arte plastikoetatik. Halere, Racek dio “erraz” gurutzatu direla euren bideak: “Ideia eta nortasun berdinak ditugu, eta elkar ulertzen dugu erraz. Prozesu desberdinak izan ditugu, eta horri esker bakoitzak bere ikuspuntua eskaintzen du”. Horri gehitu dio Sanchezek “sinergia” dutela euren artean, eta asko ikasi dutela prozesuarekin: “Dokumentala oso formatu espezifikoa da. Gainera, hizkuntza hauek ere ikasi behar dira. Orduan, beste dokumentalak ikusten poliki-poliki ikusi dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez”.
Trilogia bat
Hasieran ere dokumentala instalazio batekin egin nahi zuten, baina gerora ikusi dute horrela ez zela horren irisgarria. Egileen asmoa da gizartearentzat eskuragarri egotea, eta kuadrillaz kuadrilla eta herriz herri zabaltzeko “erraza” izatea: “Erakutsi nahi dugu zer-nolako boterea dugun arabarrok”. Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean estreinatu zuten dokumentala, irailaren 27an.
"Identitateak ez digu soilik arabarroi eragiten. Istorio asko daude jasotzeke eta erakusteko”
Emaitzarekin kontent dira, eta arrera ere “oso ona” izan da. Sanchezek kontatu du elkarrizketatu askorentzat sorpresa “handia” izan dela: “Elkarrizketa bat beste baten ondoan jartzen dugunean hitzek eta bizipenek beste esanahi bat hartzen dute”. Gainera, harrituta geratu dira dokumentalak izan duen oihartzunarekin. “Behin argitaratuta ikusi dugu arabar eta euskal nortasuna uztartzen dituzten lan gutxi daudela”, esan du Racek.
Momentuz dokumental bakarra egin dute, baina asmoa da hiru egitea. Bigarrenean Trebiñu aztertu nahi dute, “kosmologia propioa” duelako. Azkenik, hirugarren dokumentalean belaunaldi bakarrean arreta jarri ordez, belaunaldien arteko harremanak kontuan hartu nahi dituzte. Horrekin batera, egunerokoan euskara ez erabili arren, euskal kulturan bizi direnak hartu nahi dituzte kontuan. Sanchezek dio horrekin osotasuna eman nahi diotela lanari. “Ikuspuntu guztiak jaso nahi ditugu. Araba azken alaba bada, Trebiñu beti da azkenaren azkena”.