Síguenos en redes sociales:

ErakusketaNatalia SuarezArtista

“Fikzioa eta fantasia nire prozesuaren zati garrantzitsu bat dira, lan egiteko motorra bezala”

Suarezek azken bi urteetan ondutako marrazkiak bildu ditu bere erakusketa berrian: ‘Eszena iluna. Esna bera’. Erakusketa 2024 eta 2025 urteen artean sortutako tamaina handiko 7 pinturak eta 32 marrazki txikik osatzen dute.

“Fikzioa eta fantasia nire prozesuaren zati garrantzitsu bat dira, lan egiteko motorra bezala”Roberto Ruiz

Natalia Suarez artista gasteiztarrak Eszena Iluna. Bera Esna pintura eta marrazkien erakusketa aurkeztu du Donostiako San Telmo Museoan, sorkuntza garaikidea bultzatzeko Artea abian proiektuaren seigarren edizioan. Martxoaren 1era arte izango da ikusgai.

Nola sortu da erakusketa? Marko kontzeptualik al dago?

Ez dut uste nire praktika marko kontzeptual batetik sortzen denik. Horrekin esan nahi dut nire lanean ez dagoela gairik edo ez dudala bilatzen publikoak ezer ulertzea edo esanahirik sortzea. Azken urteetan pinturan eta marrazkian aritu naiz, prozesuan murgiltzen eta sakontzen modu esperimental eta intuitiboan. Dedikazio horretatik sortzen dira erakusketa hau, eta baita beste guztiak ere. Prozesu zabal horren konkrezio bezala ulertzen ditut.

Pertsonaia femenino bat aipatzen duzu esku-orrian, eta nahi duenak margolanetan agertzen diren irudiekin lotu dezake, edo artistarekin berarekin. Azaldu dezakezu pixka bat gehiago lotura hori?

Esku-orriko testuan agertzen den esaldi horren amaiera “... edo artistarekin berarekin, edo ez” da. Ukatze hori garrantzitsua iruditzen zait. Izenburuaren eta erakusten den obraren arteko lotura iradoki nahi dut, baina esplizituegia izan gabe eta; batez ere, ikusleari ezer inposatu gabe. Izenburuak pertsonaia femenino bat irudikatzera eramaten gaitu (gaztelaniako itzulpena “ella” da), margolan eta marrazkietan pertsonaia femeninoak ikus daitezke. Fikzioa edo fantasia sor daiteke hortik, erakusketa ikusteko modu posible bat. Era berean, fikzioa eta fantasia nire prozesuaren zati garrantzitsu bat dira, lan egiteko motorra bezala, alde horri toki edo espazio bat eman nahi nion ere erakusketan.

Olioa, spraya eta akrilikoa nahasten dituzu zure lanetan.

Egindako pinturetan olioa da material agerikoena, eta gehien interesa-tzen zaidana, daukan moldakortasunagatik, eta kromatikoki eta testura aldetik eman ahal dizkidan aukerengatik. Hala ere, azken aldian, koadroen lehenengo geruzak akriliko eta sprayarekin sortzen hasi naiz. Arrazoi praktiko nabaria dago; material merkeagoak dira, azkarrago lehor-tzen direnak, beraz azkarrago aurreratu dezaket prozesuaren hasieran. Gero lehenengo geruza horiek ia guztiz estaltzen ditut olio pinturarekin, baina zatiren bat erreserbatzen saiatuz, badagoelako spray eta akrilikoarekin sortzen den azalera arin eta ia gaseosoaren eta olioaren loditasunaren arteko kontraste bat oso gustuko dudana, olio pinturaren geruza hasierako geruza horretatik asko urrunduko balitz bezala; sakontasun arraro bat sortzen da, enfoke-desenfoke efektu berezi bat.

Umorea, mugimendua eta erromantizismoa aipatu dira zure lanaren nondik norakoaz hitz egitean.

Bai, horiek aipatu nahi nituen ideiek eta desirek prozesuan daukaten garrantzia nolabait erakusteko, nire ideia eta desira horiek zeintzuk diren erakusteko. Tentsio bat sortzen da horien eta materialarekiko esperimentazioaren artean. Egin nahi dudanaren eta egin dezakedanaren edo gertatzen denaren artean, horrela ere esan dezaket. Sortzen ditudan irudietan jatorrizko ideia horien zerbait agertzea bilatzen dut, eta aldi berean espero ez dudan beste zerbait ere.

Zer lotura dago erakusketa honen eta zure aurreko ikerketen artean?

Erakusketa honetarako azkenaldian landu dudan pintura eta marrazkiaren arteko uztartzearekin jarraitu dut. Bi ildo hauek aspalditik jorratu ditut paraleloki, baina uste dut modu ebidenteagoan elkartzen direla oraingoan. Formatu eta irudi mota aldaketa bat egon da, baina aurreko pinturekin konparatzen baditut kezka an-tzekoak agertzen direla ikusten dut: fondo eta figuraren arteko harremana nahastea edo deformatzea, sakontasunaren eta irudiaren espazialtasunaren sentsazioa konplexuago bilakatzea…

Zer ekarpen egiten dio ‘Eszena Iluna. Bera esna’k zure praktika artistikoaren bilakaerari?

Areto honetan erakusteak formatu handiarekin esperimentatzera eraman nau, eta oso eroso sentitu naiz eskala horretan margotzen, agian harreman zuzena dagoelako koadroen eta nire gorputzaren tamainaren artean, baita irudietan agertzen diren figuren eta giza eskalaren artean. Erakusketa honetarako marrazkiaren energia pinturara eramaten bereziki saiatu naiz ere, berehalakotasun eta arintasun hori pinturaren izaera lodiago edo geldoagoaren baitan sostengatzen. Zailtasun edo talka horrek etengabeko “arazo” piktorikoak sortu dizkit, eta arazo horiei irtenbidea bilatuz agertu dira irudi berri hauek.

Zer harreman dauka zure lanak eta mugimenduarekin duzun erlazioak?

Erakusketaren izenburua gidoi baten egiturarekin zerikusia dauka, eta batez ere marrazkietan, akzio kutsu bat daukaten irudiak ikus daitezke. Erakusketaren osotasunean pentsa-tzerakoan, gustatu zitzaidan denbora edo mugimenduaren ideia hori modu sotilean azaltzea, baliteke arte eszenikoak ere lantzen ditudalako, edo agian horrelako irudiek irekiagoak iruditzen zaizkidalako; orokorrean ez da ulertzen zer gertatzen ari den, baina horrek une horren aurretik edo ondoren zer gertatuko litzatekeen irudikatzera eraman ahal gaitu.