“Identitatea, bakardadea eta maitasuna nola bizi ditugun hausnartzeko gonbidapena da lan hau”
Paule Bilbaoren Arima proiektuaren laugarrren lana da ‘Ez dago amor’. Sei abestiko LP berriarekin soinu iluna landu du abeslariak, berrasmatze artistiko berri batera salto eginez
Haustura artistikoaren eta berrasmatzearen sinonimo da Ez dago amor lana. Paule Bilbaok 2018an bakarka hasi zuen Arima proiektuaren laugarren lanak lurralde berri, zuzenago eta erraietakoago baten esplorazioa dakar. Esperimentatzeko tartea hartu, eta sintetizadoreen presentzia nabaria duen disko hipnotikoa sortu du, aurreko lanekin alderatuz gero.
Arima proiektuaren baitan, aurkeztu duzun laugarren lana da ‘Ez dago amor’. Zer da bilatu duzuna?
Alde batetik, aldaketa bat marka-tzen duen lana da, bai soinu aldetik, bai narratiba aldetik. Zerbait desberdina egin nahi nuen, eta uste dut lortu dudala. Izenburuak nahiko ondo laburtzen du kontzeptu aldetik diskoak lantzen duena. Diskoaren abesti bakoitzak (Hegazkina, Ispilua, Isurkari, Jantzia, Zarata eta Aztarna) kontzeptu bat lantzen du, baina dena errelato edo narratiba batean lotzen da, eta Ez dago amor da istorio edo narratiba horren izenburua. Disko soziala da, gure zauri kolektiboak jorratzen dituena; hala ere, maila pertsonala ere lantzen du. Letrak egiterako momentuan, nire senak leku garrantzitsua hartu du, eta horrek aukera eman dit hizkun-tza ezberdinak probatzeko, gaztelania eta ingelesa tartean. Halere, euskara izan da oinarria.
Zerbait intimoagoa landu duzu, identitatea oinarri hartuta.
Gai ezberdinak lantzen dira abesti bakoitzean, baina badaude zutabe diren gai batzuk: identitatea, bakardadea, zaintzak, maitasuna… horiek guztiak gaur egungo gizartean nola adierazten diren hausnartzeko aukera edo gonbitea da Ez dago amor. Izan ere, lehenengo kantuaren eta azkenengo abestien letra bera da, baina azkenengo kantua entzuterakoan nolabaiteko interpretazio ezberdin bat egiteko aukera eskain-tzen du lanak, pentsatzekoa. Disko kontzeptuala egitea zen hasierako ideia, biniloan entzutekoa, eta lanak proposatzen duen bidaiaren parte izatekoa; ez hainbeste kanta solte batzuk aurkeztekoa. Koherentzia edo ibilbide bat duen proposamena egin nahi nuen.
Hala, egungo egoera geldiezinean, entzuten ari diren horretan arreta jartzeko eskatzen diezu entzuleei.
Entzun eta hausnartu baino gehiago, erraiak entzuteko deia egiten diet; alde emozional hori gehiago entzutea, gure beharrak entzutea… eta ez hainbeste arrazoira edo pentsamendura eramatea. Askotan asko kostatzen zaigu oreka hori mantentzea, eta hau erraietara jo-tzeko bide interesgarri bat izan daiteke.
Soinu aldetik, beste salto bat eman duzu lan berri honekin, oraingoan soinu ilunagoa bilatuz.
Egia da aurrekoak baino lan ilunagoa dela oraingoa. Konposatzerakoan desberdintasunak egon direlako izan daiteke: honetan, nik egin dut aurreprodukzioa, eta horrek aukera eman dit instrumentu guztiak konplexutasun eta xehetasun handiagoarekin lantzeko; eta, era berean, koherentzia bat manten-tzeko.
Soinu ilun hori, izan daiteke esperimentatzeko tartea hartu duzulako?
Esperimentazioa izan da lan honen ardatza. Afinazio irekiak beti erabili izan ditut gitarra ikasi nuen momentutik urruntzeko, eta ezjakintasun horretatik abiatuta (instrumentua jotzen ez dakizun une horretatik) beste lurralde batzuetara joan zaitezke; horrela ulertzen dut nik musika, eta hala izan da kasu honetan konposatzerakoan. Produkzioan ere hori nabaria da, baita testuaren aldetik ere. Karlos Osinaga Txap aritu da produkzioan, eta bere eskua nabaria da.
Bakarrik ibili zara hasieratik konposatzen.
Konplikatua izan da, nik aurretik ez nuelako horrelako softwarerik erabiltzen. Ikasi behar izan dut: tramankulu guztiak nola erabiltzen diren jakin, baina baita bakardade horrekin konektatu ere; norbera bakarrik aurkitzen da mihise zuri baten aurrean, eta batzuetan zaila da perspektiba hori ez izatea, edo sortutakoa taldean ez partekatzea. Baina, arriskutsua izateaz gain, nahiko genuinoa ere izan da; zintzoa izateko aukera ematen du.
2018an hasi zinenetik gaur egunera aurrera pausuak ematen aritu zara.
Bai, baina nik uste dut lan honek lehenengo diskoarekin baduela nolabaiteko harremana. Iluntasun hori ukitzen du berriro, baina egia da estilo aldaketak egon direla urteen joanean, eta garapen bat ikusten dela lanetan.
2025eko udaberrian grabatu zenuten diskoa. Zelako sortze prozesua izan zen?
Grabaketan hilabete egon ginen Tolosako Bonberenea estudioan, Txapekin. Prozesu konplexua izan zen, zaila ere une batzuetan, baina baita oso aberasgarria ere. Uste dut horregatik ere dela lan hau orain arte sortu dudan konplexuena.
Diskoa Durangoko Azokan aurkeztu zenuten, eta martxoan hasiko zarete kontzertuekin. Bakartasunean sortutako hori taldera egokitu egin behar izan duzue. Erraza izan da?
Lan handia izan da, eta taldean ere aldaketak egon dira. Aurretik, Gon-tzal Bilbao aitarekin eta Josu Gonzalezekin nengoen; eta orain, etapa berri honetan, baxuan Jon de la Fuente arituko da, baterian Asier Ardanza, eta gitarran Josu Palacios (azken hori aurrekoetan ere egon da). Dinamika berriak ezagutzeak eta talde berria izateak lana dakar, baita diskoa moldatzeak ere; baina, egia esan, ilusio handiarekin nago, datorrenarekiko gogotsu.