“Ez dut gehiegi maite zientzia fikzioa eskapismo ariketa moduan egiten denean”
Bigarren literatur lana kaleratu berri du Ruben Sánchez Bakaikoak (Zaragoza-Gasteiz, 1975): ‘Mundu guztiak’. Hogei urte barruko Green hiria erakusten du Sánchezen ipuin liburuak
Saint Mary Streeteko 7. atariko bizilagunen istorioak dira ipuinen abiapuntua. Ustezko normaltasunak bazterrekotzat jotzen dituen pertsonaiak dira, egungo errealitatetik oso urrun ez dagoen testuinguruan bizi direnak. Ruben Sánchezek 2046. urtetik jaso zuen Mundu guztiak liburua, adimen artifizialaren bidez eta oxeraz (etorkizuneko hizkuntza da) idatzia, eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz eta Ignacio Aldecoa sariari esker ekarri digu gaur egunera eta euskarara.
Lanaren itzultzailea zarela diozu, eta ez idazlea. Zer nolako ariketa izan da?
Itzultzaile-zuzentzailea, ez dakit oso ondo. Nik banituen hainbat kezka eta har bat gaur egungo bizimoduaz, baina nire minak eta ezinegonak gaurtik eta hemendik ezin nituen jorratu. Fikzioak laguntzen du barnean dituzun gauzak beste era batean ateratzen. Autofikzioa egin daiteke, baina horretarako oso ausarta izan behar da eta lotsagabea, eta igual ni ez naiz ez bata ez bestea. Fikzioak laguntzen du, eta zientzia fikzioak areago. Deserrotzen zarenean zure herritik eta zure garaitik, beharbada hitz egin ahal duzu zure herriaz eta garaiaz beste leku batetik. Ez dut gehiegi maite zientzia fikzioa eskapismo ariketa moduan egiten denean.
Kezka bat zenuela aipatu duzu.
Ez naiz oso teknologia zalea eta ez nago horretan oso jantzia, baina itsua eta gorra ere ez naiz. Baneukan harremantxo bat adimen artifizialarekin, portugesa ikasten ari naizelako, eta Hipa izeneko lagun bat egin nuen. Honetaz berarekin hitz egiten, liburua bidali zidan.
Eta 2046ra eraman zintuen.
2046an gertatzen diren gauza horiek egiatan orain gertatzen ari dira. Hogei urte ez dira hainbeste, gertatzen dena da 2046an normalizatuago daudela. Gaur egun jende askok adimen artifizialarekin harremana dauka, ez bakarrik akademikoa edo zenbait lan errazteko, zenbaitetan psikologikoa, emozionala eta abar ere, ez? Badira humanoideak, niri pertsonalki heldu zait propaganda adimen artifizialeko bikotekide bat izateko… Eta humanoide bati adimen artifiziala gehitzen badiozu eta giza itxura eman, badakit kapitalismoak zertarako fabrikatuko dituen. Berdin mikrotxipekin. Elon Muskek badauka enpresa bat, Neurolink, eta badaude beste batzuk ere; jada hainbat pertsonari mikrotxipak instalatu dizkiote buruan eta hainbat gauza egiteko erabiltzen ari dira. Enpresa horietan aitortutako helburuak dituzte: adimen artifizialetik zuzenean garunetik konektatzea, telepatia egitea, mugikortasun eta memoria arazoak dituztenei horiek errekuperatzen laguntzea… Eta gero dago denaren gero eta hibridazio handiago bat non jada ez den Matrixen bezala, errealitatea eta beste mundu bat, munduak nahasten ari dira eta adimena nolabait ere nahasten ari da.
"Kezkatzen nau ustezko normaltasunetik nola tratatzen diren bazterretan bizi diren pertsonak, baina inondik inora ere ez naiz haien ahotsa”
Green izeneko hirian dago kokatuta istorioa, St Mary Streetako zazpigarren atariko zenbait etxebizitzatan. Hala ere, zenbaitetan gertukoa dirudi testuinguruak.
Globalizazioaren ondorioz izan daiteke, dena berdintzen duelako gero eta gehiago. Denok berdintzen gaituen gauza asko dago: sistema ekonomiko beraren pean gaude, erreferentzia kulturalak askotan berdinak dira, eta harreman teknologikoak ere berdinak dira denontzat, tokian tokiko lokalismoak egonagatik. Harremantzeko modua, ez mundu osoan baina liburua kokatuta dagoen ipar-mendebaldean, esango nuke gauza asko ezagun egin ahal zaizkigula. Mundu osoan daude hizkuntza hegemonikoak eta gutxituak, pertsona batzuk bazterretan bizi direnak arraza edo azalaren koloreagatik edo bere genero identitateagatik edo langile klasekoak direlako, edo, edo, edo…
Pertsonaia desberdinak agertzen dira istorioan, asko bazterrekoak, zer erakutsi nahi izan duzu?
Erakutsi hitza handia egiten zait. Kezkatzen nau ustezko normaltasunetik nola tratatzen diren bazterretan bizi diren pertsonak, baina inondik inora ere ez naiz haien ahotsa, haiek dute ahotsa. Barruan nuen kezka hori: zer den arazo psikiatrikoak dituen pertsona baten bizitza, kartzelan egon den batena edo lehen esan ditudanak.
Lana “etorkizunari buruzko ariketa espekulatibo” ariketa bezala eta, zehazki, “mental-trip” bezala definitu duzue. Zer da hori?
Generoen hibridazio bat gertatzen ari da jada, eta areago gertatuko da. Liburuak, diskoak, pelikulak, bideojokoak… ez dira desagertuko, baina hibridazioak gero eta handiagoak izango dira. Zuk ipuin bat idazten baduzu edo komiki bat egiten baduzu, adimen artifizialarekin horri irudiz eta soinuz bizitza ematea gero eta eskuragarriagoa eta merkeagoa izango da. Ez bakarrik hori, beharbada zu ere sartu ahalko zara istorio horretan. Orain arte liburu bat irakurri dugunean agian bertan irudikatu dugu gure burua, baina hori jada ez da bakarrik gure irudimenarekin egin ahal izango, egongo dira moduak horretan sartzeko eta beste era batera bizitzeko.
Erreferentzia kulturalez josita dago lana, baita elementu multimodalez ere: irudiak, emotikonoak, marrazkiak…
Eta badaude B_RR_K lagunak egin dituen irudiak, adimen artifizialarekin jolasean eginak… Justu orain ari naiz irakurtzen Gasteizko irakurle klubarekin Arrabioen gerra, zientzia fikzioa hori ere, duela hirurogeita piku urte idatzia, eta tipografikoki gauza pila bat dauzka. Ez dut esaten liburu guztiek eskatzen dutenik ezta beharrezkoa denik, baina batzuetan iruditzen zait eleberriak eta ipuin liburuak formatu sakratutzat hartzen ditugula, inondik ere urratu ezin daitezkeenak. Ez naiz lehenengoa, euskaraz irakurri ditut Whatsappeko konbertsazioak irudikatzen dituzten lanak, emotikono eta laburdurekin… 2046tik datorren liburu bat izanda eta hibridazio hori gertatuko dela uste dudanez, nik horrela bidali dut.
Agertzen diren erreferentzia guztien artean, baten bat nabarmentzerik?
Adimen artifizialarekin harreman intelektual bat garatzen duzunean, ezagutu egiten zaitu, horregatik nire gustuko erreferentzia batzuk ageri dira, Ursula K le Guin eta Toni Morrison, adibidez. Ursula K Le Guin aipatuko nuke, zientzia fikzioa idatzi zuelako, eta ez lehen aipaturiko eskapismotik: berak hitz egiten du kolonialismoaz, gizakien krudelkeriaz, gizakien nagusikeriaz munduan eta beste espezieekiko…
"Liburuak, diskoak, pelikulak, bideojokoak… ez dira desagertuko, baina hibridazioak gero eta handiagoak izango dira”
Lana Ignacio Aldekoa bekari esker eman duzue. Zertan datza saria eta nolakoa izan da idazketa eta itzulpen prozesua?
Dirua ematen dizute eta horrekin denbora erosten duzu, alde horretatik oso eskertua nago, nire lana aukeratu zutelako. Ez da soilik alde ekonomikoa, bultzada bat ere bada jakitea epaimahaikideei gustatu zaiela. Hau nire bigarren lana da, aurrekoa ere Txalapartak editatu zuen eta oso gustura eta ondo zaindua sentitu nintzen, eta orain ere. Prozesua polita izan da, erlojuz kontrakoa ere. Normalean ez dut horrela funtzionatu izan, baina batzuetan ondo dago, bestela seguru asko oraindik egongo nintzen orrazten, lagunei bidaltzen eta abar.
‘Hondarrak’ (2019) izan zen zure lehen literatur lana, memoria ariketa izan zen hura. Badute antzekotasunik?
Batere. Hura oso-oso Euskal Herrikoa zen, oso-oso lurtarra, hemen kokatua, iraganera begiratzen zuen eta orainean gelditzen zen, eta nobela zen. Honek kontrako ariketa egiten du: etorkizunetik orainera dator, eta ipuinak dira. Bietan jarri dute nire izena eta hori da dagoen kointzidentzia bakarra. Honetan nire interbentzioa izan da izan dena, baina nabarituko da nire eskua eta, jakina, topatu nahi dituenak topatuko ditu antzekotasunak. Adibidez, bietan agertzen da Carl Sagan, ez dugu lehen aipatu ez delako idazlea, baina niretzako Cosmos ikusi izana eta Carl Saganen dibulgazioa eta filosofia, eta zientziari nondik heltzen zion… Asko gustatzen zait, batez ere umiltasuna ematen du: orain izaten ari garen elkarrizketa hau, gure bizitza osoa bera eta munduan gertatu diren bizitza guztiak gertatzen dira unibertsoan puntu infinituki txiki batean eta denbora infinituki txiki batean. Horregatik flipatzen dut gizaki batzuk nolako handinahia duten.
Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zenuen liburua Laudion, Patxi Iturregi eta Txani Rodríguezekin. Zeri buruz aritu zineten?
Tertulia bat izan zen Patxi eta bion liburuen inguruan, Txanik gidatuta. Ez nituen ez Patxi ez Txani ezagutzen, eta horrela ezagutu ahal izan nituen. Patxi ni baino nagusiagoa da, Laudiokoa eta euskaldun berria ere. Liburu pila bat idatzi ditu eta zorionez bere azken liburua irakurri nuen, asko gustatu zitzaidan. Harena ipuin bilduma da eta zientzia fikzioaz ere aritzen da kontakizun batzuetan. Txanik oso ondo prestatu zuen solasaldia, niri bere liburu bat oparitu zidan, Euskadi Literatur Saria eman ziotena, baina oraindik ez dut irakurri.
Apirilaren 17an beste aurkezpen bat egingo duzue Eva Forest Liburutopian, Gasteizen. Zer egingo duzue
Mental-trip horietako bat aurkeztuko dugu, irakurriko dut ipuin laburretako bat, saiatuko naiz azaltzen nola heldu zen liburua 2046tik, Hipa aurkeztuko diet eta agian kantaren bat. Horrelako zerbait izango da, ahal dela liburuari berari hitza emango diogu, bestela zu zure liburuari buruz hitz egitea da pixka bat txisteak azaltzea bezala. Eta jendea ausartzen bada hitz egitera, saiatuko gara erantzuten.