Txikitatik izan du idazteko bulkada, baina azken urteetan alboratua zuen idazketa. Minbizi diagnostikoa jaso izanak, poesiara hurbildu zuen Nahia Intxausti (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980). Bere lehen poema liburua, Zainetatik zilarra, argitaratu du Pamiela argitaletxearekin. Kontent dago, baina bertigo puntu bat ere sentitzen du liburuak egiten duen ibilbidearengatik. Ernestina de Champourcin XXXV. Poesia Saria irabazi du.
Liburuan aipatzen duzu minbiziak buelta eman diola zure bizitzako alor askori. Idazketari ere?
Esango nuke minbiziak eman didala aukera bat itzultzeko hainbeste maite nuen mundura; hau da, literatura. Beharbada eguneroko bizitza produktibo eta erreproduktibo honetara horren kateatua zegoen pertsona bat izanik, pixka bat alde batera utzita neuzkan lasaitasunetik eta plazeretik egiten ditudan gauzak. Gaixotasunak opari batzuk eman dizkit, eta idaztea adibide bat da. Pila bat disfrutatu eta jolastu dut. Gelditzeko aukera izan dudalako izan da. Nire baldintza ekonomikoek eta laboralek horretan lagundu didate.
Nola izan da sortze prozesua?
Hasieratik idatzi dut. Diagnostikoa jaso nuenean, ez nengoen ongi, eta ezin lorik egin horretan, irudi pila bat etortzen zitzaizkidan burura. Orduan, apuntatzen hasi nintzen. Prozesuan egon diren itoetan asko idatzi dut. Igual ez poesia, baina eguneroko moduan. Negar egiteko modua zen. Kimioterapia jaso nuen hilabeteetan ez nuen ezer idatzi. Uste dut gorputza beste borroka batean zegoela buru-belarri. Berriro normaltasunera itzultzeko ariketan nengoenean etorri zitzaidan uholde handiena.
Naturara jo duzu asko, zergatik?
Egia esan etorri zait, joan baino. Naturan bilatu dut beti babesa, eta mendia eta itsasoa beti izan ditut bidelagun. Egia da prozesu honetan asko jo dudala naturara gozatzera. Hor bilatu ditut jolasak. Naturaren bestelako erritmoetara hurbiltzeko beharra nuen. Nire burua lasaitzea, eta pentsatzea nik ere natura izan nahiko nukeela. Orokorrean, naturak sendatzen nau, eta ez nuen aurkitu natura baino helduleku literario hoberik. Oso hor nengoen, oso hor sendatu naiz eta oso natura da bizia. Kuriosoa da ere, sendatu nauen kimioterapia edo terapia naturatik datorrela. Arbola batetik dator, eta horrek ere zer pentsatua eman dit.
‘Zalantza estetikoen marmarrek / mututu dute / gaixotasunaren larritasuna’ diozu poema batean. Horrelako prozesu onkologiko batean, zenbateko zama hartzen du presio estetikoak?
Izugarria egia esan. Harritu nauen kontu bat izan da. Aurretik Iñurri elkarteak egindako zenbait gogoeta ezagutzen nituen, baina egia da zeharkaldia egitea tokatu zaidanean, ikusi dudala benetan zein indar hartzen duen estetikak osasun sisteman zein maila sozialean. Hor ere sartzen naiz ni, neure buruarekiko presioa ere sentitu dudalako. Jaso nahi izan dut, gaixotasuna edo sendatzea ardatz nagusia izan beharrean, estetikak hartzen duelako zentralitatea. Kontsultan ikusten da lehenengo lerroan jartzen dutena aholku estetikoak direla. Adibidez, korrika egitea edo elikadura zaintzea zein garrantzitsua den esan aurretik, esaten dizute non erosi behar duzun ileordea edota protesia. Sistema “zisheteropatriarkalaren” beste adibide bat da.
Izan Iñurri elkartetik salatu izan duzue, bularra berreraikitzeko aukera ere partziala dela. Denei ez dizkizuete aukera igualak eskaintzen?
Ez da kasu guztietan, baina zenbat eta gertuago egon normatibitatetik, orduan eta gehiago eskainiko dizute bularra berreraikitzea. Gorputzaren inguruan dagoen diziplina-kontrola ekarri nahi izan dut bereziki. Nola entzun behar izaten ditugun gure gorputzaren inguruko iritziak; bereziki, sistema medikoaren barruan. Erabakiak guri hartzen utzi beharrean, beraiek hartzera mugatzen dira askotan. Guri informazio guztia eman gabe.
Zuretik hitz egiten duzu, baina kolektibizatzeko ariketa egiten duzu liburuan. Zein puntura arte da garrantzitsua saretzea?
Izugarri garrantzitsua da. Saretze prozesu horri esker konturatu gara guri gertatutakoa eta intimo kontsideratzen genuena politikoa dela. Egiten dizkiguten eskaintzen artean patroiak daudela eta oso txertatuta daudela sisteman. Gaixotzea, gaixotasuna eta gorputza gai politikoak dira. Ikusi dugu hobetu beharreko gauzak daudela, eta horiek ikusarazi nahi ditugu. Aldi berean, oso eskertuta gaude tratamenduengatik eta bizirik gaudenengatik. Sistemak salbatzen gaitu eta sistema publikoaren alde egiten dugu.
Gaixotasunak zu zeharkatzeaz gain, ingurukoak ere zeharkatzen dituela diozu. Zergatik eraman nahi izan duzu poemetara?
Gaixotasunaren ikuspegi indibidualistatik harago joan nahi nuen. Askotan existentziatik hitz egiten da gaixotasunaz; hau da, ni biziko naiz edo hilko naiz. Hortik asko idatzi da. Zu zara gaixotzen dena, baina gaixotasuna zure inguruko guztiek zeharkatu behar dute. Bakoitzak bere lekutik. Bereziki haurretan jarri nahi izan dut arreta, askotan prozesu horietatik kanpo uzteko joera egon daitekeelako. Minetik eta minaren bueltan gertatzen denaz apartatu nahi izaten ditugulako. Oso garbi ikusi dut etxean umeek nola pasa behar izan duten gaixotasuna. Auzi sozial bat da, eta Susan Sontag idazleak esaten zuen bezala, gaixoa gaixotzen denean ez da bakarrik gaixotasunarekin topatzen. Gaixotasun hori nola ulertzen duen kultura batekin topatzen da.