Carmen eta Karmen ETENA antzezlanaren protagonistak dira. Getari Etxegarai eta María Urcelat dira aktoreak, eta haiekin batera, oholtzan, Garazi Navas dago, zuzenean soinua jartzen bere akordeoiaren bidez. Bizkaiko emakume sor-tzaileen topaketen barruan kokatzen da sorkuntza kolektiboko lan hau. Zelako Kultur Ideiak harremanetan jarri zen Miren Gaztañagarekin zerbait esperimentala eta performatiboa egiteko proposamenarekin. Miren Gaztañagak zuzendutako obra martxoaren 26an estreinatu zen Azkuna Zentroan.

Abdukzio bat inertziarekin apurtzeko

Karmen eta Carmen abduzituak izan dira. Ez dira ezertaz ezagutzen, eta nola jakin gabe, elkarrekin agertu dira ezezaguna egiten zaion espazio batean. Oinak zikin dituzte, baina ez dute egindako bidea gogoratzen. Itxura bereziarekin agertzen dira, modu bitxian jan-tzita, eta haien atzean, haitz zuri bat, argiztatuta. “Haiek ez dute ulertzen zer gertatu den, espazo huts batean agertu dira. ‘Ez-leku’ batean daude, eta hor lurreratu dira”, dio Miren Gaztañagak. Bi pertsonaiak minduta daude. Getari Etxegaraik egiten duen pertsonaiaren mina bere itxura fisikoagatik da, gorputz ez normatibo bat izateagatik gizarteak eragin dion mina. María Urcelayk antzezten duen pertsonaiaren mina, berriz, “etxekoa” da, bere semearekin eta bikotearekin eraikitako errealitatetik datorrena.

Obraren entsegua Zelako Kultur Ideiak

Deskribatutako ‘ez-leku’ horretan, hainbat objekturekin egingo dute topo. Haien inguruan belarra egongo da, hormigoia ere, baina eraikinik ez. Etxekoak eta ezagunak egiten zaizkigun elementuak egongo dira, baina lekuz kanpo ikusita, haien ohiko esanahia galtzen dutenak. Miren Gaztañagak Ozark telesaileko anbientazioa erabiltzen du ‘ez-espazio’ hori deskribatzeko: “Serie hori padura batean dago garatuta, uda pasatzeko toki batean. Nik imajinatzen dut horrelako espazio bat bezala baina neguan, dena estalita, non itsasontziak ez diren ikusten, natura dagoen baina ez bere sasoian… Objektuek zentzu pixka bat galtzen dute“. 

‘Ez-leku’ horretan babesleku eraiki beharko dute, eta hortxe aurrez aurre aurkituko dira, baita haien minarekin ere. “Gure bizitzaren inertzia honetan, asko kostatzen zaigu fokua gure barnean kokatzea, nola sentitzen garen, egiten dugunak zelan sentiarazten gaituen…”. Karmen eta Carmen, nahiz eta ez duten hori bilatu, aukera izango dute etenaldi bat egiteko, min horren inguruan hausnartu ahal izateko.

Sorkuntza kolektiboa

Gaztañagak proposamena jaso zuenean, zerbait “performatiboa eta askea” egitea eskatu zioten. “Nire lanean, antzerki obrako egiterako orduan, emaitzara goaz, denboraz estu gaudelako”. Kasu honetan, esploraziorako tartea izan dute.

Taldea elkartu zen, eta sorkuntza kolektiboari ekin zioten zerotik. “Bazegoen nahi bat an-tzerki-lengoaiatik ateratzeko”, dio zuzendariak, “deriba artistiko polit batean sartu ginen, eta esperimentazio profesionalaren aldarria egin dugu”. Miren Gaztañagaren hitzetan, sortzaileek bakoitzaren egonezina zein den esploratu behar dute: “Nire egonezina zen nola espazio hutsean ematen den narrazioak leku ezberdinetara eramaten gaituen”. Hortik, narrazioa landu zuten, beste hainbat gauzen artean. Taldearen partetik inprobisazioak heldu ziren, eta inprobisazioetatik testua sortu zituzten. “Laborategi bat zen. Nik giza izaerari buruz hitz egin nahi nuen, nola mugitzen den gure materia, gure gorputza, gure ingurua, etxea, hormigoia, egurra. Beste alde batetik, gizakiaren barruan dagoen espiritualtasuna, intuizioa… ere landu nahi nuen”. 

Obraren beste entsegu une bat. Zelako Kultur Ideiak

Antzerki absurdotik elementu asko ditu ETENAk, berez, ez delako testu bat. Pertsonaiek egiten duten bidaia ez dago testuan: “Situazionistagoa da, biziagoa, dramaturgiaren ikuspegitik gauzak ez dira hain… ohikoak. Elementuak eta gauzak intuizioz jarri dira bata bestearen ondoan atmosfera hori sortzeko helburuarekin”.

Soinuaren garrantzia

Garazi Navas soinu ekoizpenaz arduratu da, eta soinuen bidez, pertsonaien mugimenduak “kontrolatzen” ditu. Ikuskizunetan, normalean, musika egiten den azkenengo gauza da. Garazi Navasek obra hau sortzeko prozesua beste modu batera azaltzen du: “Hemen soinua, testua, an-tzezlana eta mugimendua momentu berdinean hasi genuen”. Aurretik testua ez zegoenez, zerotik hastea abantaila bat izan da (nahiz eta erraza ez den izan). Hasieratik soinuak garrantzi handia izan behar zuela argi zuen taldeak, eta hasieratik horri ekin zioten.. 

Esan genezake, soinua beste pertsonaia bat dela. Pertsonaiak blokeatuta daudenean, haien mugimenduek (edo mugitu ezin izanak) soinua ateratzen dute. Garazi Navasek hor aurkitu du erronka: “Nik erreakzionatu egiten dut haiek egiten dutenaren aurrean, eta ez da beti berdina, ez dut beti berdina jotzen. Horrek esaten du soinua bizirik dagoela pertsonaiak bizirik dauden moduan. Egun batetik bestera, tonuak aldatu ahal dira, eta hori ere polita da, zuzenean jotzea eta erreakzionatzea”.