Biharamuna, bestondoa edo ajea esaten diogu alkohol gehiegi edatearen ondorio diren sintoma multzoari. Orokorrean, zenbat eta alkohol gehiago edan, orduan eta aukera gehiago daude biharamun handiagoa izateko. Egoera oso desatsegina bada ere, normalean 24 orduko iraupena izaten du, eta sufritu ditzakegun gaitz fisikoen artean, ohikoenak buruko mina, goragalea, nekea eta zorabioak izaten dira. Hala ere, eusteko gaitz zailagoak izaten dira askotan: umore txarra, suminkortasuna edo damutasuna bera ere, askok deritzon bezala:b“igandeetako bajoia”. Ondoez hauei guztiei aurre egiteko metodo berri bezala Ane Urresti eta Iker Iribarren eduki sortzaileek Resaka Pasa izeneko podcasta aurkeztu dute Youtube plataforman. Igandeak zailak egiten zaizkion jendeari bideratu dago edukia. 

Ane Urresti eta Iker Iribarren sare sozialetan egin dira ezagun azken boladan. Lehena, telebista munduan ibili da lanean; eta bigarrena, aldiz, kaletik dator. Bakoitzak bere erara, jarraitzaile andana batu ditu bideo desberdinak eginez. Bakoi-tzak bere aldetik aritu da; izan ere, proiektu honetan lanean hasi arte ez zuten elkar ezagutzen. Hala ere, podcasta egitearen ideia Ikerri otu zitzaion. Ane Urrestik kontatzen duenaren arabera, “Iker eta ni ez ginen ezagutzen eta egun batean, bat-batean, Whatsapp bidez idatzi zidan esateko ea nola ikusten nuen podcast bat egitea bion artean. Ni ezezkorik esaten ez dakien pertsona naizenez, eta ikus-entzunezko ikasketak ditudanez, baietz esan nion”. Berak beti nahi izan du podcast bat egin, baina gauza zen ez zuela inor inguruan laguntzeko prest. Lehen kontaktu horren ondoren, geratzen hasi ziren biak: “Bilerak egiten genituen kaña ba-tzuen bueltan, brainstorming bat osatzen joan ginen eta gutxinaka-gutxinaka, bilerak egin bitartean ezagutzen joan ginen podcastari forma emanez.” 

Atal anitzak

Atal bakoitzean bi gazteek hainbat gai jorratzen dituzte. 25 minutu inguruko iraupena du atal bakoitzak, eta kolaboratzaileen zein gonbidatu berezi baten lagun-tza izaten dute. “Egitura bat mantentzen dugu, gutxi gorabehera. Sarreratxo batekin hasten gara. Gai bat egoten da atal bakoitzean, oso gai orokorra: hasierak, txutxu-mutxuak, igandeak, etab. Gai sinpleak, baina hizketaldi askotan irten daitezkeenak. Horrez gain, beste atal batean Ikerrek bere kuriositate bat komentatzen du, nik aste horretako nire drama bat kontatzen dut, igande test bat ere egiten dugu, erresaka kit bat izaten dugu eta gero kolaboratzaileak daude. Bukatzeko gonbidatu bat ekartzen dugu”, Urrestik azaltzen duenez. Gai edo gonbidatuaren arabera saioa moldatzen dute. Kolaboratzaileen artean psikologo bat, kazetari independente bat kaleko erreportajeekin eta gonbidatu bereziren bat ere izango dute.

Podcastaren muina ajea izatea Iribarrenen ideia izan zen, nahiz eta Urrestiri hasiera batean guztiz ez konbentzitu. “Zerbait pentsatu behar genuen, ideia edo kontzeptu bat podcastarentzat, baina ez zitzaigun ezer okurritzen. Grabaketa egunak igandeetan izango zirela adostu genuen eta justu aurreko larunbat denetan biok parranda planak genituen. Konturatu ginen igande horietan guztietan ajearekin egongo ginela kar, kar, kar. Hor Ikerrek bota zuen ideia, esanez berdin-berdin erresaka pasa gustura egongo ginela. Hortaz, zergatik ez diogu horrela deitzen? Niri hasiera batean ez zitzaidan gustatu izena. Ez nuen nahi jendeak erresaka alkoholak ekartzen duen egoera fisiko horrekin bakarrik lotzea. Baina, denborarekin zentzua hartu nion. Ez da bakarrik erresaka fisikoaren inguruan, erreferentzia egiten diogu baita ereigandeari berari”, eduki sortzailearen hitzetan.

Gaur egun podcastak asko biderkatu dira plataforma desberdinen bitartez. Hainbat daude eta gai anitz jorratzen dituzte. Hori dela-eta ez da erraza izaten tarte bat lortzea, edo, behintzat, era batera edo bestera nabarmentzea dagoen eskaintzaren artean. Urrestik eta Irabarrenek ez dute beldurrik agertu alde horretatik: “Ez dugu besteengandik ezberdintzeko nahi hori izan. Gure asmoa ez da izan originalak izatea edo ezberdintzea. Besterik gabe, sortu nahi genuen ideia bat zen. Kontuan eduki behar da Ikerrek eta biok ez dugula inongo babesik atzetik; hau da, dena geuk gestionatzen dugu, lagunei faboreak eskatuz. Erronka bezala hartu genuen eta horrez gain, komunikabideetan edo, orokorrean, sareetatik aparte, jendeak ikusteko ere badaukagula gaitasuna beste zeozer sortzeko eta proiektu polit bat aurrera ateratzeko”, azaldu du Urrestik. Lehen denboraldi honetan bederatzi saio grabatuko dituzte. Edizio lan asko, grabaketak, etab. izan arren, oso pozik daude izan duten harrerarekin. “Jendearen erantzuna oso positiboa denez, gu ere oso motibatuta gaude. Egia da dena jendearen faboreen bitartez egiten gaudela, hori dela eta gerora bigarren denboraldi bat egitea bideragarria ote den aztertzen ari gara. Jendea prest dago laguntzeko, ekoizle desberdinekin hitz egiten ari gara babes bat edukitzeko eta ez izateko dena autogestionatua, lan asko baita. Lagun-tzen gaituen jendeari lana eman nahi diogu eta zerbait duina izatea, ez bakarrik musutruk. Orduan bai, bigarren denboraldi bat ateratzekotan beste modu batera egin nahi dugu eta baldintza hobeekin; ganorazko zerbait”, erantsi du Urrestik.