“Kantaldiz kantaldi, urtez urte, maitasun istorio bat iruten joan gara herri honekiko”
2027ko urtarrilaren 10ean azkenekoz kantatuko dute jendaurrean Karrerek eta Ospitalek, Barakaldoko BECen. Aurrez, beste lau kantaldi eskainiko dituzte berrogei urtetik gorako ibilbidea oroitzeko
Nabarmena da Pantxoa Karrere (Azkaine, Lapurdi, 1948) eta Peio Ospital (Ezpeleta, Lapurdi, 1948) musikariek euskal kantagintzari egindako ekarpena. 1960. hamarkada bukaeratik beraien kantagintzak euskararen, euskarazko kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko borroka eta aldarrien bozgorailu bilakatu ziren. Tartean, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi zituzten. 2011. urtearen hondarrean oholtzaratu ziren azkenengoz, bukaerakoa izango zela ohartu gabe. Aurreikusi gabeko etenaldi mugagabea izan zen, eta orain, zale guztiekiko esker onez 40 urtetik gorako ibilbideari amaiera duin bat emateko, 2027ko urtarrilean euren historiako azken kontzertuak eskainiko dituzte Barakaldoko BECen. “Zinez momentu ederra eta hunkigarria izango da”. Hilaren 9rako sarrera gutxi batzuk gelditzen dira.
Horrez gain, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten 2026.urteko Adarra Saria jasoko dute bihar, ekainak 21, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan. Epaimahaiaren hitzetan, Euskal Herriaren nortasuna, sentimendua eta memoria kolektiboa espresatzen duten Iparraldeko kantu tradizionalak berreskuratu, eta haien transmisioan lan eskerga egiteagatik emango diete saria. Plazerez hartu dute.
Hamabost urte dira musikari bikotea izateari utzi zeniotela. Nolatan erabaki duzue itzultzea?
PEIO OSPITAL: Joan den irailean Peio Reparazek Mitoaroa II ikuskizunean berarekin batera kantu bat abestera gonbidatu gintuen, eta asko harritu ginen publikoak egin zigun harrerarekin. Pertsonalki, sentitu nuen jendearen aldetik nolabaiteko eskaera bat, baina Peioren eta bere lantaldearen ideia izan da murgilduta gauden bira hau aurrera ateratzea.
PANTXOA KARRERE: Egia da Ilunbeko kontzertuek bultzada eman zigutela, baina hamabost urte hauetan jendeak beti eskatu izan digu ea noiz itzuliko ginen.
Urte hauetan azken dantza baten beharra sentitzen zenuten?
P.O.: Gure ibilbideari amaiera duin bat eman ez izanaren kezkarekin gelditua nintzen, eta honek aukera ematen digu egindako bideari organo puntu bat emateko.
P.K.: Hasieran ez nengoen sobera konbentzitua bira honekin, baina jendeak egindako harrera ikusita argi dut egin behar zela.
Ordu gutxitan agortu ziren BECen eskainiko duzuen azken kontzertuko sartzeak eta jendeak erakutsi du zuek ikusteko gogoa duela. 60 urteko bidean kantaldi berezi zenbait izan dituzue; alta, azkenak urduritasun berezia dakar?
P.K.: Erronka berezia da. Edozein kantaldiren aurretik urduritasunak ohikoak dira, 400 zein 40.000 pertsonen aurrean beti kantatu behar baita ahal bezain egoki. Urduritasuna baino gehiago hunkidura izango dudalakoan nago, emozio asko izango dira oholtza gainean.
“Gure ibilbideari amaiera duin bat eman ez izanaren kezkarekin gelditua nintzen”
Azken bi kantaldien aurretik, baina, beste dozena erdi toki esanguratsu hautatu dituzue azken bira bat egiteko. Santutxun egin zenuten lehena maia-tzaren 9an. Duela 50 urte auzotarrek antolaturiko kantaldia bukatzean, poliziak ikusleei eraso egin zien toki berean. Zer oroitzen duzue ordukotik?
P.O.: Santutxura gu eramatea borroka bat izan zen antolatzaileentzat, garai hartan Bizkaiko gobernadoreak beti galarazi egiten zigun, eta kontzertu hura ere ez zuten onartu, baina azkenean baimena lortu zuten baldin eta kantaldia areto pribatu batean egiten baldin bazen, hau da, elizako egoi-tza batean, eta horregatik Berriotxoa ikastegiko futbol zelaian egin zen. Jende asko bildu zen, eta zenbaitek aldameneko zelaian zegoen garabi batera igo eta ikurrina atera zuten. Handik ordu erdira dena inguratu zuen poliziak eta jendea jipoitzen hasi ziren. Horregatik nahi genuen itzuli, gertatutakoa gogoratzeko.
P.K.: Santutxukoaz gain, berriro bisitatu nahi genuen beste toki bat Lesaka zen, bertan kuartelean gau bat pasa genuen eta han kantatzea debekatu ziguten eta hura ere gure ibilbidean gogoangarri gelditu zen. Irailaren 5ean izango gara Lesakan. Irailaren 16an Bergarara itzuliko gara, Telesforo Monzonen herrira. Hegoaldeko lehen kantaldia bertan egin genuela gogoratzeko, eta abenduaren 11n, berriz, Baionan izango gara.
Datozen hilabeteetako kantaldiak esker onezko emanaldiak izango direla esan izan duzue. Zergatik?
P.O.: Azken kontzertuak ibilbide baten kontakizuna izango dira. Gure kantu asko herri honek garai batean bizi izan zuen egoera gogorrarekin lotuta gelditzen dira, eta kantaldiz kantaldi, urtez urte, maitasun istorio bat iruten joan gara herri honekiko. Horregatik esker ona agertu nahi diot herriari bizitzera eman didan maitasun istorio honengatik. Horrez gain, ospakizun bat bezala ere ikusten dut. Bide guzi hau hainbat urtez elkarrekin bizi izan dugu guk eta publikoak, bada, goazen elkarrekin ospatzera kontzertu eder baten bidez.
Euskal Herriko familia askoren soinu banda izan zarete. Zuen errepertorioko kantuak etxe ugaritan sartu dira. Harrotasuna ala zama al dakar horrek?
P.K.: Kantatu ditugun kantuak herri honen biziari lotuak egon dira, eta jendeak beraien bizitza ikusten du kantu horien bidez. Hain zuzen ere, herri honek dituen arazoekin bat datozelako dute gure kantuek arrakasta.
P.O.: Pentsatzea gure kantuak jende batentzat bidelagun izan direla, eta hori urteen eraginez bueltan jaso-tzea oso hunkigarria da. Ilunbeko kontzertuetan, esaterako, hiru belaunalditako kideak ikusi genituen publiko artean gure kantuak kanta-tzen. Harritu ginen ikustearekin gazteek gure kantuak ezagutu eta abesten zituztela.
Erreprimitua zen hizkuntza batean, euskaraz, kantatuz oholtza batera igo-tzera ausartu zineten. Testuinguru hartan nola oroitzen dituzue hasierak?
P.K.: Hemen, Ipar Euskal Herrian, ez zen kantaldirik egiten, soilik abesba-tzen emanaldiak zeuden. Taula gainera erreprimitua zen hizkuntza batean kantaldi bat eskaintzera azaltzea gauza berria zen, gu izan ginen ausartu ginen lehenengoetarikoak eta hasieran jende gutxi etortzen zen, familiako kideak gehienbat. Urteetan aurrera, disko eta kasetak atera genituenean bai guk eta baita beste zenbaitek ere, orduan hasi ginen etxeetan sartzen. Herriko festetako komiteak ere hasi zitzaizkigun deitzen.
P.O.: Izen bat dago aipatu beharrekoa: Mixel Labegurie. Bide urra-tzailea izan zen, estetika zein tematika berri bat ekarri zuen, eta lehengo aldiz hasi zen, adibidez, kantuetan kartzela aipatzen.
Gerora, zuek bilakatu zineten euskal kantagintzaren katebegi garrantzitsua.
P.O.: Zortea izan dugu errepertorio tradizionala umetatik etxean ikasteko, garai hartan ez zegoen telebista ez irratirik eta mahai inguruan, familian, kantatzen genituen gure errepertorio tradizionaleko kantuak. Hori izan da gure kontserbatorioa, eta egin genuen hura egungo belaunaldiak eskertzen digu.
“Hasieran ez nengoen sobera konbentzitua bira honekin, baina jendeak egindako harrera ikusita argi dut egin behar zela”
Zuen musika ibilbidea oso zipriztindua egon da aldarrikapenezko kantuz. Argi zenuten zeri kantatu nahi zenioten?
P.K.: Oso argi genuen, bestela ez genuke egingo. Gure pentsatzeko moldea da, ez gara kanbiatu, eta ez gara kanbiatuko ere.
P.O.: 1960.hamarkadan euskal kontzientzia bat hasi zen sortzen Iparraldean, ordura arte erreprimitua zegoen hizkuntzan. Belaunaldi bat egon zen egoera hori onartzen ez zuena, eta alderdi askotatik, an-tzerkigintza, politikagintza.... mugimendu asko sortu ziren. Pizkunde bat eman zen, olatu bat, ordura arteko ordena zalantzan jarri zuena eta gai berriak plazaratu zituena.
Atzera begira, norekin gogoratzen zarete?
P.K.: Bereziki gogoan izaten ditut Manex Pagola eta Telesforo Monzon, gehienbat beraien kantuak ditugulako kantatzen.
P.O.: Bihar Adarra Saria jasoko dugu, eta sari hori guri bezainbat beraiei ere dagokie dudarik gabe.
Herriak bizirauteko zeraman borroka gisa gelditzen dira zuen errepertorioko kantuak. Kantatu izan dituzuen abestien mezuak gaurko errealitatera moldatzen al dira?
P.K.: Borroka zorigaitzez ez da gelditzen, nahi dugun hori lortu arte beti borrokatu beharko dugu. Mende erdian gauza batzuk aldatu dira, eta oraindik egiteko asko badago ere testuingurua aldatu da. Hala ere, arazo asko zorigaitzez beti hor dira. Esaterako, egun euskararen kontrako trabak pairatzen jarraitzen dugu Euskal Herrian, eta bereziki Iparraldean.
P.O.: Bilobei aipatzen diet gure belaunaldiaren borroka izan baldin bada euskara irakaskuntzarako hizkuntza bilakatzea, beraien borroka dela euskara kaleko hizkuntza bilakatzea, hori ez baitago inondik ere irabazita.
Nola ikusten duzue euskal musikaren sorkuntza egun?
P.K.: Euskal musika bizirik dago eta musikagintzara dedikatzen diren gazteak gero eta adituagoak dira. Badut esperantza.
P.O.: Belaunaldi bat badago, dudarik gabe. Harrituta gelditzen naiz ikusiaz gaur egun euskal kantagintzan dagoen sorkuntza, talde eta musikari asko daude. Hala ere, deigarria egiten zait jendeak masiboki biltzeko duen gogoa, fenomeno berezia da. Areto txiki bat agian ez da betetzen, baina BECen 15.000 pertsona elkar-tzen dira.
“Pantxoa eta Peioren historiari begira” deitu zaio azken birari. Pantxoa eta Peiok Euskal Herriari egindako ekarpenaz eta bideaz zer gogoratzea nahiko zenukete?
P.O.: Kantugile baino gehiago interpreteak izan gara. Diskografian 100 bat kanta ditugu. Batek baino gehiagok esan izan dit euskara ikasten hasi zela gure kantuak en-tzunez, edota atzerrian zirenean herriarekiko lotura izan garela, horretarako izan bada merezi izan du. “Izan ginelako izango dira” esaldiak dena biltzen du, eta egungo belaunaldiak gurearekiko errespetu handia du, esker on hori agertu nahi digute. Peio Reparazen kasuan, adibidez.
P.K.: Saiatu naiz nengoen tokitik nire ideia eta helburuekin leial izaten eta herri honen eraikuntzan ekarpen bat egiten.