Lehendakaria
adrilgo hotel bateko areto erreserbatuan hartzen diren erabakiak ditugu berriz ere albiste. Hobeki erran, ez lukete albiste izan behar, ohikoa izan baita hori ia beti. Chiviterekin, ordea, iduri zuen ez zela berriz ere horrelakorik gertatuko. Hau da, Madrilgo hoteletan ez zirela erabakiko Nafarroari dagozkion aferak, Foru Parlamentuan baizik. Kia! Hasieran, hiriburuari buruzko akordioen berri eman zuten eta, gero, egunak aitzina joan ahala, bertzelako gauzak aipatu dituzte ezinbertzean. Susmoak dabiltza ez ote diren aunitzez ere gehiago izanen estalian gelditutakoak argira ateratakoak baino. Dena den, hiriburuko alkateari babesa ematen jarraitzearen haritik, oroitarazi beharra dago sozialistei esker iritsi zirela eskuindarrak Iruñerriko alkatetza nagusietara eta zinegotzi sozialistak leial zaizkiela eskuineko alkateei, gobernu talde horien ibilera hiriburukoa bezain herrena bada ere. Kudeaketa txarren artean, Burlatakoak jo du goia. Alkate andreak abenduko uholdeetan erakutsitako jokabide negargarria dago oraindik ere burlatar guztien ahotan, baina hortxe dirau bere karguan, udal talde sozialistak lagundurik. Nolanahi ere, Belosoko aldapa igota, argi dago Chivite andreak hasieratik bazuela hoteleko erabakien berri, bera baita lehendakaria eta bera ere PSNko idazkari nagusia. Eta, orain, bere burua ateka estuan ikusi duenean, bazterrak nahasten saiatu da. Zalantza gutxi dago Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmenari buruzko legea ere izan zela mintzagai, sozialistek NA+rekin batera onetsi nahi dutena, GeroaBai eta EHBildu bazterturik. Bertzalde, ez ote ziren mintzatuko euskararen plan estrategikoaz? Euskararendako bideak are gehiago mehartzeko, jakina. Eta ez ote zuten hizpide izanen heldu den urteko Foru Gobernua? Hitz batez, bertze ezpal batekoa zelakoan, ezpal berekoa gertatu da Chivite.
Temas
Más en Pamplona
-
Pamplona: seis empresas optan al nuevo sistema de bicis eléctricas de alquiler
-
Control antes de San Fermín: inspección a los 11 bazares del Casco Antiguo de Pamplona
-
Cómo ayudar a la rentabilidad del pequeño comercio con economía circular
-
Ve la luz una edición facsímil sobre la Guerra de la Navarrería, "uno de los episodios más duros de la Pamplona medieval"