Arrunt gutxi, huskeria. Baina atzoko euriak urrea balio du. Agortutako iturririk ez du berrituko, galdutako uztarik ez du biziberrituko, ihartutako galbururik ez du mardulduko, ez Erriberan, ez Erdialdeko toki aunitzetan, baina hatsa hartzen jarraitzeko indarra eman dio, konparaziora, Iruñerriko gariari. Hiriburuaren inguruko alorrek, izan ere, oraindik ongi samar eusten diote, baina taxuzko euririk ezean eta, iazko maiatzeko bero zakarrak berriz ere gure bazterrak zafratzen baditu, nekez haziko da bihia ongi. Zer gerta ere, Aralarko Aingeruak, ohi denez, eguerdian bedeinkatuko ditu hiriburuko soroak Antoniutti aldean, inguru hartan aspaldi deus erein ez bada ere, non ez den belarra. Horrenbertzez, Iruñean harat-honat astebete eman ondoren, Milutzeko zubitik Iruñerrira atera eta Itza zendeako herri txiki batzuetan barna ibiliko da gaur; Aritzen, Aldatz-Etxabakoitzen (kasu, ez Iruñeko auzoa), Atondon eta Leten, hain zuzen ere. Bada, San Migelek bere ibilian azken aldiz ikusi du aurten irekia San Nikolas plazako Murillo ardandegi ederra. Aingeruak denda zabaltzen ikusi zuen duela 134 urte, ardoaz gain, olioa ere saltzen zutenean. Ez du segidarik izan, inguruko karriketako denda zahar aunitzek nork gobernatua izan ez duten bezala. Egia erran, ardandegi horrek bertze batzuen eskuetan jarraitu izatera, ez zen berdina izanen. Hau da, han sartu eta jabearen aurpegi ezaguna topatu ez izatera, galdu eginen zuen dendak bere jatortasunaren puska handi bat. Etxeko jaunak eman baitio Murillori bere egiazko nortasuna, txukun baino txukunago paratutako ezin konta ahala botilaz inguraturik. Osasuna izan du muga. Orain, auskalo zer ikusiko ote duen Aralarko Aingeruak pertsiana hori berriz ere goratzen denean. Ziur aski, eskuko azazkalak marraztu, apaindu eta margotzeko denda jendetsu horietako bat.