Ziudadeaz
Argi dago kantariek gogoz jo zutela lurra makilekin joan den Agate Deunaren bezperan, arras lekutu baitzaigu negua eta ernatu lurra. Izan ere, azken egunotako epelaldi goxo bezain kezkagarriaren ondorioz, ohi baino lehenago hasi dira belarrak hazten, zuhaixkak loratzen, baratzak garatzen eta, are, Arga bazterreko zumeei kimu berriak ateratzen, mendietako elurrak brauki urtu diren bitartean. Begi-bistakoa da hori Madalenako bazterretan. Bertzelako hiria da Madalena, erripa luzearen gerizpean, Argaren arrimuan eta arriskupean, hiriari ohi datxezkion ezaugarrietatik urrun. Baratze sail handi eta txikiak nonahi, bidexka lokaztuak harat-honat, zuhaiztiak, sasiak, Goñitarren zaldi-azienda lasai ederrean bazkan, kastoreen dantza, igaraba iheskorren bat edo bertze, hitz batez, natura bere ederrean hiriaren erdigunean, bai eta hain ederra ez den irudia ere, hots, Madalenako zubi erromanikoaren parean dagoen Txantreako zubipea, dozena erdi bat lagunen eguneroko lotokia, alegia. Garai batean, inguru horretara, oihanetako zuhaitz adargabetuak errekan beheiti iristen ziren uraren indarrez, eta ura ere errotarriak mugiarazteko baliatzen zen. Behin batean, gari pikorrak eho ondoren, irina pisatzeko eskatu zion Madalenako errotazainak udal pisatzaileari. Gaua zen, ordea, eta pisatzaileak erantzun zion ezetz, berandu zela eta ziudadeak –udalak– agindua ziola ilundu ondoren lanik ez egiteko. Errotazainak, orduan, kolera gorriturik, irina pisatzeko agindu zion, hainbat aldiz “ni naiz ziudadea!!!” oihu eginez euskaraz. Orain jakin dugunez, egungo ziudadeak –udalak– neurri sorta bat hartuko du Madalena antolatzeko, espaloiak egiteko, bideak zolatzeko, etab. Ongi da baina espero dezagun ez kentzea Madalenari betidanik izan duen bertzelako izaera hori, “basa” izaera hori, hau da, ez dezatela Takoneraren arauetara ekarri.
Temas
Más en Pamplona
-
Un pincho en favor de Adacen, propuesta de 24 establecimientos para la 'escalerica' sanferminera
-
El Ayuntamiento de Pamplona inicia los pasos para terminar el paseo Anelier en la Rochapea
-
El Mercado del Ensanche, aula del Basque Culinary Center
-
La nueva primavera del parque de la Taconera de Pamplona