Eguzki galdatan
Izerdi patsetan egin zuten hiru zutabe jendetsuek ibilaldia atzo arratsaldean Gazteluko plazaraino, euskara aldarri.
Zutabeetako batek maldan gora egin zuen ibilia Arrotxapetik abiaturik, garai batean zezenek egiten zuten bideari jarraikiz, hau da, Txapitelan goiti gure plaza nagusiraino, zezenketak hantxe jokatzen baitziren, artean zezen-plaza finkorik ez zegoenean.
Bada, hitzaldiaren ondoko dantza alaiak atera zuen jendea itzaletik eguzkira, kioskoaren inguruan jira-biran, karrikadantza jendetsu ederrean.
Duela lau astetik honat taxuzko euririk egin ez duen honetan egin da euskararen aldeko martxa, gure mendi bazterrak ohi baino agudoago gorritzen ari diren honetan, gure soroak –ohi denez– kolorez aldatu diren honetan.
Iruñerriko alorretan, garia, garagarra eta oloa baitira nagusi, eta hegoalderago, baita ardantzeak eta olibadiak ere, erran nahi baita, XIX. mendearen bigarren erditik aitzina euskara galtzen hasitako fruituak.
Garai hartan hasi baitzen Euskal Herriari buruzko iruditeria jakin bat zabaltzen, eta irudi hartatik bazter gelditu zen Iruñerria, eta bazter ere, Erdialdea, guztiak ere garai batean arrunt euskaldunak.
Are, hegoalderago ere bada euskal arrasto nabarmenik toki-izenetan. Murillo el Fruton, konparaziora, Aldebarrena, Baratze Altzinea, Baratzetako Bidea, Huarteko Bidea, Gaztelumunio, Garipienzoko Zaldua...
Zarrakaztelun, Arrateburua, Arrategibela, Landaederra, Oyarzaldua, Zorrozabala…
Melidan, Arrizabaleta, Mishualdea, Sarmendi, Zorromendia...
Santakaran, Azmakolanda, Ordokia, Ordokilanda…, guztiak ere XVI. mendeko agirietan jasoak.
Eta Arradan, Artebakoitza izeneko korraliza bat ere egon zen.
Horra hor, beraz, euskaltzaleon bertze erronka bat, hots, euskarari loturiko iruditeria aldatzea eta hainbat hilabetez eguzki galdatan bizi den Euskal Herria aintzat hartzea.
