Euskarabideak ekoizten duen “Euskara aleka” podcastaren atal berri batek Artaxoaraino eramaten du entzulea, herri biziki euskalduna XIX. mendea aski sartu arte. Nafarroako Erdialdean kokatuta, Izarbeibarretik hegoaldera eta hiriburutik 35 kilometrora, bertako jendeak euskara izan du hizkuntza nagusi duela ez hainbestera arte.

Asko dira hori frogatzen duten lekukotasunak. Agiri zaharretan, adibidez, euskal goitizen ugari aurkitu daitezke: Ahozabala, Handia, Ardangina, Borrokaria, Sendoa… Euskara galdu ondoren toki-izen asko desitxuratu diren arren, oraindik ere izen ofizial andana aurkitu daitezke, halaber: Zugarralde, Otsondoa, Mairumendia, Landiturria, Olagorria… Herriko trikuharri ospetsuenetako bat Farangortea da, lehenago Ferrangortea edo Ferran izeneko baten ukuilua izandakoa.

Euskarak herri honetan izan duen bizitza sendoaren lekukotasunak ez dira leku edo pertsona izenetara soilik mugatzen. Izan ere, agirietako batzuk XVIII. eta XIX. mendeetan ere herritarrek euskara hizkuntza nagusi zutela erakusten dute, podcastaren atal honek erakusten duen bezala. Artaxoako Udalak berak eskribau euskalduna eskatu zuen 1790ean, lan horretan ari zena erdalduna zelako eta herriko ohiko hizkuntza euskara zelako.

Aipagarria da ere Artaxoako gazte koadrila baten aurkako auzi bat, 1815ekoa. Mendigorriko bestetan istilu bat sortu zen Artaxoako eta Ziraukiko gazte kuadrillen artean. Auzian, andre batek deklaratu zuen “euskaraz mintzatzen ari zen jende multzo bat” zihoala lasterka, eta herrian esaten zela Artaxoakoak zirela 18 eta 25 urte arteko gazte horiek. XIX. mende bukaera arte Artaxoako gizon-emakumeen hizkuntza nagusia euskara izan zela erakusten dute froga guzti hauek.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.