Euskarak atzera egin zuen XIX. mendean Nafarroako lurralde zabalean: Erdialdean, Iruñerrian eta beste zenbait lekutan. Galeraz oharturik, euskararen aldeko lehen ekimenak sortu ziren. Lehena, Nafarroako Euskara Elkargoa. Hala gogoratzen du Euskarabideak sortutako “Euskara aleka” podcastaren kapitulu honek.

1800ean, euskara lurralde osoan hitz egiten zen, Orbaibarren, Izarbeibarren eta Artaxoan barne. Handik ehun urtera, ordea, euskararen muga askoz ere iparralderago ezarri zen. Tartean, XIX mendeko gerra eta krisiek erabateko aldaketak ekarri zituzten arlo askotan: politikan, ekonomian, gizartean… Euskararen kontrako legediak euskararen transmisioaren etenaldia eragin zuen lurraldeko bailara eta eskualde ugaritan.

Galerari aurre egiteko asmoarekin, euskararen aldeko lehen ekimenak sortu ziren: horietako lehena, Nafarroako Euskara Elkargoa. Arturo Campión eta Iruñerriko beste hainbat euskaltzaleren ekimenez sortu zen taldea, 1877ko udazkenean. Halaxe iragarri zuten hurrengo urtean plazaratu zuten Euskara aldizkariaren lehenengo alean: “Asmoak dira gordetzea, galtzera utzi gabe, eta hedatzea ahal daitekeen guztian, euskarazko mintzaira. Munduko jakintsuek miragarria dela diote, eta hortxe dabiltza ongi ikasi eta jakin nahiez. Eta euskaldunak garenok galtzera utziko dugu?”.

Euskara Elkargoak hainbat ekimen abiarazi zituen euskaren indarberritzea sustatzeko, euskal jaiak eta literatur lehiaketak tartean. Euskal jaietan bertsolariak, dantzariak eta kantariak biltzen ziren. Lore Jokoak deiturikoetan, euskal kulturaren mezenas izandako Antton Abadia aritu zen, besteak beste, antolatzaile lanetan.

1897an desegin zen elkartea, baina XX. mende hasieran emango zen euskal kulturaren loraldiaren haziak landatu zituela esan daiteke.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:

Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.