- Multimedia
- Servicios
- Participación

Euskararen normalizazioaren bidean aurrerapausoak eman dira azken hamarkadetan alor desberdinetan, izan hezkuntzan, aisialdian, kulturan edo komunikazioan, besteak beste. Euskaraz osotasunean bizi ahal izateko, alta, lan arloarena ezinbesteko eremua da, eta horretan bat egin dute DNN topaketaren bueltan bildu diren bost hizlariek. Euskarabideko zuzendari Javi Arakamak, Lacturaleko marketing arduradun Maite Azpiroz, Laboral Kutxaren arloko zuzendari Maitane Bueno, Izarra Beilatokien enpresaburu Mikel Idoate eta EMUN aholkularitza taldeko kide Leire Muxika euskarak lan arloan duen egoearen, zailtasunen eta erronken inguruan mintzatzen aritu dira, egoera konplikatua izan arren azken urteetan hobera egin duela nabarmenduz.
Izan ere, zein da egoera gaur egun? Euskarabideako zuzendariaren aburuz, egoera orokorra ez da samurra, euskara eta, oro har, hizkuntzen kudeaketa enpresen barne-politikaren baitan “ez delako lehentasunezko zerbait izan”. “Badira jatorriz oso kontzientziatuak egon diren enpresak ere, gauzak aurrera ateratzeko prest egon direnak. Baina egia da euskararen erabilera ez dela lehentasunezkoa izan ezta euskara gehien erabiltzen den Nafarroako zonaldeetan ere”. Aldaketaren zantzua ere sumatu du, hala ere, Arakamak azkeneko urteotan, “langileei, bezeroei eta komunitate orokorrari begira”.
Nafarroako eremu desberdinetan euskararen egoera soziolinguistikoak enpresen euskararen erabileran duen eragin zuzena azpimarratu dute gainerako hizlariek, aho batez, Euskarabidearen egoitzan burututako saioan. Hala, Izarra Beilatokien sortzaile eta zuzendariak aditzera eman bezala, enpresen arteko harremana iparraldean, erdialdean edo Erriberan, hizkuntzari dagokionez. “Baztan-Bidasoa eskualdean edo Sakanan enpresa gehienetan euskaraz egiten dute modu naturalean, baina gutxiago ikusten da hori Lizarraldera joaten bazara, adibidez. Tuteran, oraindik gutxiago”. Euskarak enpresaren inguru hurbilean bizi duen egoerarekin zuzenki lotzen den errealitate bat, “enpresak gizartetik ateratzeaz gain gizarte horren parte” diren heinean. Izarra Beilatokiaren kasuan “euskara hasieratik enpresaren DNA-ren parte” izan arren, Nafarroan “salbuespen” bat dela atzematen du enpresaburuak.
Nafarroako Foru Hobekuntzaren eskutik 1986an onartutako Euskararen Legea, Nafarroako lurraldea hiru komunitate linguistikotan banatzen duena, “ez da lagungarria izan”, Laboral Kutxako eremuko zuzendari Maite Buenok nabarmendu bezala. Hala, Arrasaten sortutako banku entitateak euskara “bere nortasunean txertatuta” eramateak euren zerbitzu guztiak euskaraz ematea ahalbidetu dien arren, Nafarroako eremu batzuetan zerbitzu hori emateko zailtasunak aurkitzen dituzte. “Erraztasun handiagoak ditugu UEMA-ren parte diren udalerrietan. Hala ere, gure helburua Nafarroa osoan euskarazko zerbitzua bermatzea da, Nafarroa osoa euskalduntzat hartzen dugulako”.
Denek ala denek, halaber, azken urteotako joera positiboa nabarmendu dute Diario de Noticiasek antolatutako topaketan. Euskararen normalizazioa bultzatze aldera jarduten duen EMUN aholkularitza kooperatibak 30 urte baino gehiago daramatza enpresekin elkarlanean. Muxikaren iritziz, azken hamarkadetan normalizazioa erdieste aldera eman diren urratsek beren isla izan dute lan sektorean. “Terminologiak berritu behar dira, egokitu, ez gaudelako ohituta enpresa munduan euskaraz aritzera. Baina horretan ari gara”. Azken 20 urteotan “euskara modu kontzienteagoan” erabiltzen hasi direla nabarmendu zuen. “Gauzak ez dira nahiko genukeen bezain azkar aldatzen, baina aldatzen doaz”.
Zergatik eman beharko luke lantoki batek bere egunerokoan, barne eta kanpo harremanetan euskaraz aritzeko urratsa? Bai Idoatek bai Azpirozek, Izarra eta Lacturale enpresetako ordezkariek, argi daukate euskara “plus bat” dela. Maiz enpresek handicap bat bezala ikusten duten hori gehigarri bilakatu daiteke, enpresa marka gisa. Idoateren iritziz, “beldurra” da Nafarroan enpresek hizkuntzaren erabilerarekiko izan duten sentipena. “Beldurra, beste kontuekin, joera politiko zehatz batekin lotu izan delako euskararen erabilera. Baina egunerokoan jendeak beste modu batean bizi du euskararekiko harremana. Uste dut enpresak ausartak izan beharko liratekeela zentzu horretan, eta aurrerapauso bat eman”. Izan ere, eta Lacturalen hala frogatu dute, euskaraz mintzatzeak bezeroarekiko hurbiltasuna areagotzen du. Are gehiago, enpresak horretan “eredugarriak” izan behar direla azpimarratu du. “Hasieratik konbentzituta egon gara euskara erabili behar dugula, gure hizkuntza delako. Esnea zuria da, euskara ere bai, eta horregatik beti erantzun oso ona izan dugu”.
Aurrerabide horretan, ezinbestekoak izan dira erakundeen aldetik abiarazi diren kanpaina eta laguntza publikoak, nahiz eta oraindik nahikoak ez izan enpresaren sektorean euskararen barneraketa erabatekoa atzemateko. Arakamak azaldu bezala, “2015a baino lehen ez zegoen ezer”. “2015-2019 legealdian, Nafarroan lehen aldiz, laguntza publiko batzuk jarri ziren martxan eta, gerora, laguntza horiek zabalduz eta hobetuz joan dira. Hasieran soilik enpresei irekita zeuden, baina gaur egun irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako lerro bat ere badago, fundazioentzat, esaterako. Denbora honetan ia milioi bat euroko laguntzak eman ditugu”.
Laguntza horiei esker, EMUN-etik nabarmendu bezala, gero eta gehiago izan dira euskara planak garatu eta txertatu dituzten enpresak. “Askotan kanpora begira egiten dira gauzak, euskarazko mezuak komunikazioan txertatuz, baina koherentzia bat ere behar da eta ezin gara hor gelditu, bezeroak ikusiko duelako ez dela zerbait integrala”. Hala, gero eta enpresa gehiagok euskara erabiltzeko urratsa ematen duten arren, “oraindik ere zerbait puntuala” dela nabaritzen du aholkulariak. “Bitxia da, ze adibidez IKEA edo ZARA bezalako kanpoko enpresak gurera etorri eta euskara erabiltzen dutela ikusten dugunean ohartzen gara abantaila estrategiko bat izan daitekeela”.
Zer gertatzen da enpresa txikiekin? Idoatek argi dauka euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak eskuratzeko zailtasun gehiago dituztela enpresa handiekin alderatuz, horretarako beharrezkoa den prozesu burokratikoari aurre egiteko denbora falta tartean, besteak beste. Hala, enpresaburuaren iritziz prozesuak erraztu beharko lirateke, euskara praktikotasunera eraman ahal izateko. Ados agertu da horrekin Azpiroz ere. “Lacturale enpresa txiki bat da, ezin ditugu euskara planak egin baliabide faltagatik. Laguntzak dimentsionatu beharko lirateke, alde horretatik. Izan ere, guk ez daukagu Bai Euskarari zigilurik, baina euskaldunak gara gure egunerokoan”. EMUN-eko aholkulariaren iritziz, alta, euskara planak enpresen tamaina eta beharretara egokitu daitezke: “Ekintza txikietara ere egokitu daiteke, arina izan daiteke, ez du zertan pisua izan behar”.
Alde horretatik, Euskarabideako zuzendariak onartzen du “enpresen errealitate desberdinetara egokitzeko” beharra badagoela erakunde publikoen aldetik, laguntzak bideratzerakoan. Ez soilik euren testuingurua eta tamaina kontutan hartuz, baita egun gizartea zeharkatzen duten bestelako errealitateak ere, tartean digitalizazioa. Alde horretatik, euskara jauzi digitalean baztertua ez izateko ahaleginak egin dira azken urteotan, Nafarroako Gobernuak sustatutako Gaitu kanpaina esaterako, adimen artifizialean euskara ere existitu dadin.
Identitatea, lurraldekotasuna, kultura enpresariala eta konpromisoa, bai enpresen aldetik baita erakunde publikoen aldetik, gako nagusiak dira lan arloan euskarak aurrerapausoak eman ditzan, hizlari guztiek borobildu gisan. Herriarekiko eta inguruarekiko ardura horretan, Lacturaleko kideak argitu moduan, “denon onurak” izan behar du helburu, euskara enpresak eman behar duen zerbitzu bat izatetik abantaila enpresarial bezala ere ikustera, enpresa definitu eta bereziko duena. “Bakoitza bere sektorean lehiakorragoa izateko” modua bezala ulertu daiteke euskararen erabilera, Buenok azpimarratu bezala. Hasi berri den bide horretan, EMUN bezalako aholkularitza zerbitzuak eta erakunde publikoen babesa ezinbestekoak direla ere nabarmendu dute, bakoitzak beretik, bai Muxikak bai Arakamak. Azken honek laburbildu bezala, “enpresen errealitatera egokitzen jakin behar dugu aurrera egiteko”.