atarrabia. Maitasuna eta samurtasuna ez zaizkigu beti bi hankadun bizidunengandik iristen eta animaliak izan daitezke horiek lortzeko bide, hau da, bakardadearen irtenbide. Honetaz jadanik jabetuak dira zenbait zentro eta profesional eta martxan jarri dituzte hainbat jarduera eta ekintza animalia jakin batzuekin: zaldiak, txakurrak, katuak, izurdeak?.
Animaliekin egindako lehenengo esperientzia Boris Levinsonek, umeentzako psikiatrak, deskribatu zuen. Bere txakurrak, Jingles izenekoak, bere kontsulta batean parte hartu zuen. Normalean psikiatrak ez zuen animalia kontsultan sartzen uzten baina behin, txakurra kontsultan geratu zen gizarte-harremanerako ezintasuna duen ume autista bat eta haren gurasoak sartu zirenean. Ume autista, kontsultak iraun zuen bitartean isilik egon zen eta gurasoak medikuarekin beste aldi batean ikusteko eguna adosten ari zirenean, txakurra hurrengo kontsultan egongo ote zen galdetu zuen umeak.
Honi buruzko lehen publikazioak ez ziren serioski hartu, baina geroago mugimendu handia garatu zen psikiatrian animalien asistentzia terapeutikoa sustatzeko. Lehen azaldutako Boris Levinsonek egindako lehenengo esperientziak zirela eta, txakurrak izan ziren animalien terapia egiteko erabili ziren lehenengo animaliak.
Katuak erabiltzen dituzten terapia prozesuak ere badaude, katuterapia deiturikoak. Gaur egun, gure hirietako ospitaletan edota kliniketako inguruetan katuak ikustea nahiko ohikoa da, bertan elikagai eta hainbat gaixoren laztan goxoak jasotzen dituzte. Mediku eta psikiatra askok animalia hauen presentzia aprobetxatzea erabaki dute, izan ere, gaixoek katuak atsegin dituztela konturatu dira. Hau oso baliagarria da: bakarrik edo deprimituak sentitzen diren pertsonak animatuak egotea eragiten baitu, batzuetan, azkarrago sendatu egiten dira eta hobekuntzak nabaritu dira medikuntza tradizionalak ezer eragiten ez zuen eremuetan.
Terapia hauentzako animalia dozilak behar dira, eta beraz, katuak ezin hobeagoak dira, izan ere ez dute arreta handirik behar: ez dira paseatzera atera behar, normalean beren garbitasunaz arduratzen dira. . . Medikuaren papera funtsezkoa da, medikuak baitira gaixoen eta katuen arteko erlazioak bideratzen dituztenak hobekuntza egon dadin.
Psikiatriaren arlotik kanpo, hainbat ikerketak baieztatu dute katua ukitzearekin, berari hitz egitearekin edo bere presentzian irakurtzearekin presio arteriala gutxitu egiten dela. Gainera, beste ikerketa batzuk erakutsi dute arazo patologikoak dituzten pertsonengan ere eragina dutela, izan ere, katuen presentziak biziraupena luzatzen du. Aipatzekoa da ere, katua gure inguruan sartzen denetik harremanak errazten direla, gaixoen agresibitatea murrizten dela eta guztia errazagoa izatea eragiten duela.
Hau ikusita, baieztatu dezakegu gaixotasun bat zein problema psikologikoren bat hobetzeko medikamentuez gain animaliekin erlazioan egotea beste aterabide bat izan daitekeela. Alde batetik, animaliekin egoteak bakardadeko sentimendua murrizten du eta hau ona da depresioari aurre egiteko eta bestetik, animaliek dituzten zenbait gaitasuni esker, adibidez, zaldien mugimendu multidimentsionalak, gizakiak dituen hainbat gaixotasun hobetzen dira.