iruñea. "Gu jaio ginen euskara eta alaitasuna zabaltzeko, hizkuntza eskola eta etxetik ateratzeko", hauexek dira Jose Mari Agirretxek, Porrotxek, pasa den hilabetean Bilbon ahoskatu zituen hitzak. Pailazo mozorroa jantzi zuenetik Pirritx eta Marimototsen laguntzaz euskara eta irriak zabaltzen dihardu.

Katxiporreta pailazo taldeak, orain bi urte, proiektu bat mamitzen hasi zuen. Eta pasa den hilan Bilboko Kafe Antzokiak egitasmo honen aurkezpen ekitaldia hartu zuen. Berria egunkariak eta Elkar taldeak Irrien Lagunak Kluba sortu dute Katxiporretarekin batera. "Gure lanari balore bat erantsi nahi genion, mundua hausnartu eta kolorez bete", zioen Porrotxek. Klub berri honen sorrerak intentzio hori islatuko du. Gainera, arduradunek oso argi dute "elkarlana bultzatu behar dugula" proiektua aurrera ateratzeko.

Euskal Herrian pentsaera, kolore eta kultura ezberdinetako jendea bizi dela kontuan hartu dute klubeko sortzaileek, horregatik aniztasunean, errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako baloreak sustatu nahi ditu Irrien Lagunak Kluba.

Bestetik, euskaratik eta euskaraz, euskal kulturako esparruak ezagutaraziko dizkie hurrei. Eta ekologia ez dute alde batera utziko. Katxiporretako kide batek zioen legez, "osasuna ez da ezer naturarekin bat ez badator". Helburu hauek lortzeko, arduradunek haurrei eta hauen hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta kolektibo guztiei zuzendutako komunikazio proiektu sendo batean bihurtu nahi dute kluba.

Haurrak izango dira klubaren ardatza, baina hauen heziketan parte hartzen duten gizarte eragileak ahaztu gabe, "hizkuntzaren ardura gizarte osoarena delako", antola-tzaileek zioten moduan. Ikuspegi hezitzaileko proiektua da, beraz, Irrien Lagunak Kluba.

Egitasmoak bi euskarri nagusi izango ditu. Batetik webgune bat eta bestetik aldizkari bat. Irrienlagunak.com jarri da abian dagoeneko. Eta haurren, gurasoen, eskolaren eta klubaren arteko eguneroko harremana bermatuko du.

Dinamikoa izango da eta umeen elkarreragiletasuna bultzatuko du, gainera klubeko pertsonaiak eta bakoitzak sustatzen dituen baloreak plazaratuko ditu.

Irria Aldizkaria, bestetik, hilean behin argitaratuko da. Honek ere helburu didaktikoa izango du, eta besteak beste, klubeko pertsonaien abenturak, haurrentzako jokoak eta bertsolaritzarekin lotutako kontuak emango ditu.

Klubeko kide izateko, mundua kolorez betetzen hasteko, bi era daude. Batetik, webgunean izena eman behar da, gurasoen laguntzarekin. Bestetik, aldizkariaren harpidedun eginda, edonor harpidetu daiteke, baita ikastetxeak eta elkarteak ere. Hauek abantaila asko izango dituzte pailazoen ikuskizunetan.

"Irria Aldizkaria" hilabetekaria da eta kolorez beteta dago.