Gizarte arloa ingelesez: no problem
Bigarren urtez, DBHko azken zikloan Gizarte arloa ingelesez lantzen ari dira Jaso Ikastolako ikasleak. Testua eta argazkiak Jaso Ikastola
Jaso Ikastolako DBHko 3. mailan gaude, 3A taldean zehatz esateko. Eguerdiko atsedenaldia amaituta, Gizarte Zientzien ordua da. Fernando Lopez irakasleak gaia azaldu orduko, berriketan hasi dira ikasleak. Binaka eserita, Beasaingo industria jardueraz ari dira. Liburuko zenbait galdera asma-tzen saiatu behar dira ikasleak. Bikoteka, hipotesiak egin eta ados jartzea da kontua, geroago ikusiko dute asmatu duten ala ez.
Ingelesez ari badira ere, ez da hori deigarriena. Kanpotik etorritakoari behintzat deigarriagoa egiten zaio ikasleen partehartzea. Akuilu askoren beharrik gabe hasi dira erantzuten. Besoa gora, besoa behera, ez diote tarte handirik utziko lotsari. Ezagun dute gustura daudela eta feeling ona dutela irakaslearekin. Giro onak nabarmen laburtu ohi ditu minutuak; ia ohartu gabe iritsiko da liburuak biltzeko ordua.
Jaso Ikastolako ikasleak iaz hasi ziren Gizarte Zientziak ingelesez ematen, hamar urte lehenago Eleanitz-English proiektuarekin hasi ziren ikasleak DBHko bigarren ziklora iritsi zirenean hain zuzen ere. Ikasle horiek 2000-2001 ikasturtean hasi ziren ingelesa ikasten, batzuek 4 urte eta beste batzuek 5 urte zituztela.
Gaur egun Nafarroako ikastetxe gehienek ingelesaren irakaskun-tza goiztiarra eskaintzen badute ere, Ikastolen Elkarteak Eleanitz egitasmoa abiarazi zuenean gauza berria zen. Berria eta ausarta. Duela hogei urte izan baitzen. Orduan erabaki zuen Ikastolen Elkarteak elebitasunetik eleaniztasunerako pausoa egitea. Euskararen lehentasuna zalantzan jarri gabe, ingelesa ere hasi ziren irakasten 4 urteko geletan. Euskara ama hizkuntza ez zuten ikasleen-tzat murgiltze bikoitza zen hura. Irakasle eta guraso batzuek kezkaz bizi izan zuten ekimena; ingelesaren irakaspen goiztiarrak euskarari kalte egingo ote zion zuten kezka nagusi.
Urteen joanak uxatu ditu kezka haiek. Urtez urte egindako ebaluazio probek erakutsi dute Eleanitz-English proiektuan parte hartu duten ikasleen ingeles maila nabarmen hobetu dela, batez ere ahozko komunikazioan, euskararen eta gaztelaniaren ezagutza kaltetu gabe. Egitasmoaren helburuen artean aipatzen zen DBH bukatzerako ikasleek euskara eta gaztelania era naturalean erabiltzeko gauza izan beharko zutela. Atzerriko hizkuntzari dagokionez, DBHko bigarren zikloan ikasgai bat (Gizarte Zientziak) ingelesez emateko adinako maila beharko zuten.
Ez zen erronka makala. Hasteko, ikasgaia ingelesez emateko gai izango ziren irakasleak behar ziren. Jaso Ikastolako arduradunek ez zuten urrutira joan behar izan pertsona egokia topatzeko, DBHko azken mailatan ingelesa ematen zuen irakaslea Historian lizentziatua zelako. Urteetako eskarmentua eta titulu aproposa zituen, beraz, Fernando Lopezek. Prestakuntza jasotzea besterik ez zitzaion falta. Ikastolen Elkartea arduratzen da horretaz. Elkarteak bideratzen ditu Eleanitz egitasmoaren materiala, prestakuntza eta ebaluazioa, eta horrek sendotasun handia ematen dio proiektuari. Lopezek ezinbestekotzat dauka prestakuntza, "batez ere hasieran, bestela ez genuke jakingo nondik jo, materiala oso irekia delako eta lan handia eskatzen duelako irakaslearen aldetik". Irakasleek ikastaro trinkoa egin ohi dute irailean, ikasturtea hasi aurretik, eta ikasturtean zehar bost astean behin elkartzen dira. Proiektuaren arduradunen azalpenak jaso eta zalan-tzak argitzeaz gainera, geletan sartu eta lankideak lanean ikusteko aukera izaten dute topaketa horietan.
Hasierako prestakuntza jasota, DBHko hirugarren mailan Giza Geografia eta Geografia ekonomikoa ingelesez ematen hasi zen iaz Fernando Lopez. Bi talde zituen maila horretan, handi samarrak biak: 24 ikasle gelako. Ikasle horiek DBHko laugarren mailan daude aurten, eta orain Historia ematen dute ingelesez. Guztira lau talde ditu Lopezek. Talde bakoitzak bost ordu ematen ditu ingelesez: Gizarte arloa hiru orduz lantzen dute eta beste bietan ingelesa.
Irakasleak nabamrendu duenez, bi ikasgaien arteko joan-etorriak etengabekoak dira: "Ingelesa Gizarte arloaren esanetara dago, erabat. Gizarten biografia landu behar badugu edo testuren bat aztertu, ingeleseko orduan horretarako behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkiegu". Horrez gainera, irakasleak beste bi ordu eskaintzen dizkie astean premia edo zailtasun bereziak dituzten ikasleei.
Norbaitek pentsa lezake ikasgaia ingelesez emateko edukiak gutxitu edo erraztu egin dituztela. Ez da horrela. Kurrikulumeko edukiak eta testu liburuak berberak dira ikasgaia euskaraz edo ingelesez eman.
Eta emaitzak? Fernando Lopezek ez du zalantzarik: "Oso onak. Ingelesa da gutxienekoa. Ikasleek ez dute inolako arazorik azalpenak jarraitzeko eta hitza hartzeko. Oso gustura eta motibatuta daude, eta partehartzea sekulakoa da, batez ere hirugarren mailan. Emaitzetan ez da beherakadarik somatu. Izatekotan, kontrakoa".
Más en Sociedad
-
Con discapacidad, al volante y en marcha
-
Se entrega un hombre acusado de maltrato atrincherado en una casa en Alicante
-
La Fiscalía pide archivar la causa contra los profesionales del comité que autorizó la eutanasia a Noelia
-
Las víctimas de pederastia en la Iglesia navarra esperan que el acuerdo con el Estado se base en criterios objetivos y una reparación integral