Eskaintzaren oparotasunak eta berrikuntzek izan dute zereginik horretan. Aurten, lehendabiziko aldiz, txinera eta alemanera eskaini dira kultur ekintzen atalean. Txinera eskolak Diana Chow irakasleak ematen ditu, asteazkenero, eta Lehen Hezkun-tzako 1, 2 eta 3. mailako ikasleei zuzenduta daude. Ikasle Alemanera ikasteko bi talde osatu dira, LHko 3 eta 4. mailako ikasleekin bata eta azken zikloko ikasleekin bestea.
DBHn, berriz, ingelesaren ikaskuntza indartzeko eskaintza egin da, ikasturte amaieran Hizkuntza Eskola Ofizialean azterketaren bat egiteko asmoarekin. Horrez gainera, dantza modernoa eskaini da lehen aldiz.
Txikienei dagokienez, Haur Hezkuntzako 3. mailako ikasleei futboltxo eskaini zaie aurrenekoz, baina soilik elkarrekin jolasteko eta entrenatzeko, lehiarik gabe.
Euskara ikasi nahi duten gurasoentzako eskaintza ere indartuta dator 2010-11 ikasturtean, bi talde osatu baitira.
Elisa Rosek dioenez, funtsezkoa da ekintzak ikasleen gustukoak izatea eta ez da komeni neska-mutikoak ekintza gehiegirekin zamatzea. "Hori bai, ekintza bat hasten badute bukatu behar dutela erakutsi behar zaie. Jarrera arduratsuak eta konstantzia garrantzi handiko baloreak dira, eta horiek ere lantzen ditugu orduz kanpoko ekintzetan". Elisa Heziketa Fisikoan diplomaduna da eta eskarmentu handia du arlo honetan.