Síguenos en redes sociales:

Kataluniara bidaia!

Urtero, Euskarazko Narrazio laburren Coca-Cola Saria antolatzen da Euskal Herri osoko DBH 2. mailako ikasleek parte har dezaten. Zazpigarren edizioa izan zen aurtengoa eta Hego Euskal Herriko hainbat idazle gaztek hartu zuten parte

Kataluniara bidaia!

zizur txiki. Nafarroan, San Fermin Ikastolak parte hartu zuen euskaraz idatzitako narrazioetan eta hainbat ikaslek beren lanak aurkeztu zituzten. Ibai Yerro Nafarroako lehenengoa eta Euskal Herriko 5.a izan zen. Hori dela eta, sari galanta jaso zuen, Kataluniarako bidaia! Hona Ibairi egindako elkarrizketa:

Zerk bultzatu zintuen lehiaketan parte hartzera?

Ba egia esan euskarako irakasleek eman ziguten lehiaketaren berri. Aurreko urteetan 2. mailako ikasleek ere parte hartu zuten, eta bizipen oso ona izan zutenez, parte hartzera animatu gintuzten.

Nolakoa izan zen irabazleen hautaketa?

Bi epaimahai izan ziren, lehendabizikoa kazetariz eta irakaslez osatutakoa, eta bigarrena idazle, kazetari eta kultura munduko beste pertsona ospetsu batzuek osatu zuten. Bi epaimahaietako balorazioetatik atera ziren lan hautatuak. Baloratzeko irizpideak gramatika trebetasunak, originaltasuna eta aurkezpena izan ziren, bereziki.

Hautaketaren ondoren, maiatzaren 20an, azken deialdi bat antolatu zuten, irabazleak nortzuk ziren jakiteko. Azken deialdi hau Bilboko Itsasadarraren Museoan egin zen, eta bertan nabaria zen lehiakide guztien emozioa, ea nor zen irabazlea jakiteko zirrara, zeintzuk ziren sariak eta abar.

Zer sentitu zenuen zure izena en-tzutean? Zer izan zen sari banaketan zuri gehien gustatu z-itzaizuna?

Egia esan izena entzun eta harridura, ezinegona, eta saria jasotzera joaten zarenean emozioa eta urduritasuna dira lehenbizi azalera iristen direnak. Hori bai, ondorengo askaria ere mundiala izan zen, irabazle guztiak bertan geunden eta oso giro atsegina eta euskalduna sortu zen.

Eta onena, saria, ezta?

Zalantzarik gabe, Kataluniako eta Andorrako bidaia zoragarria izan zen. Oso toki politak bisitatu genituen Kataluniako eta Balear uharteetako irabazleekin batera, eta asko gozatu genituen, ekintzak oso interesgarriak zirelako. Esaterako, Llavorsi-n rafting, hipika eta multiabentura egin genituen; hainbat eliza erromaniko bisitatu genituen, Andorrako "Palau de gel de Canillo"-n egon ginen izotz irristaketa egiten, Andorrako Caldea ur termaleko zentroan egon ginen eta, azkenik, Port Aventuraz gozatu genuen egun oso batez.

Ekintzak baino, askoz hobea izan da bertan egin ditugun lagunak. Hasieran denak ginen apur bat lotsatiak baina berehala hasi ginen taldeetan egoten bai neskak eta bai mutilak. Laguntasun giro handia zegoen, beti txantxetan eta barrez geunden eta ezerk ez zuen hori apurtu.

Oso interesgarria egin zitzaigun denoi gure arteko ezberdintasunak topatzea, bai hizkuntzan, bai kirolean eta bai geure bizimoduan ere. Sekulako bidaia izan zen eta arrazoi hauengatik animatu nahi ditut aukera duten ikasle guztiek parte har dezaten lehiaketa honetan, benetan esperientzia ikaragarri polita delako.