zangoza. Lehenengo hiruhilabete honetan, gure ikastolak Kirolean Hezitzen hitzaldiak antolatu zituen eta bertan kirolari desberdinekin hitzegiteko aukera izan genuen, Osasunako jokalariak diren Mark Bertran eta Asier Riesgo, Miguel Angel Vicente eta Txingu Arrieta goimendizaleak eta Abel Barriola pilotaria. Azkeneko honi gainera, elkarrizketa hau egiteko aukera izan genuen, hemen aurkezten dizuegu.

Nondik datorkizu pilotan aritzeko zaletasuna? Familiatik edo txikitatik, lagunekin jolasten?

Bai, Leitzan beti zaletasun handikoa izan da niretzat herri kiroletara jolastea eta baita pilotara ere. Txikitatik, nire adineko jende askok jokatzen genuen pilotara; haietako batzuk bidean gelditu dira beste gauza batzuetan jarduteko; baina nire kasuan jarraitzea erabaki nuen, txikitatik nire familian, inguruan, lagunekin ... betidanik jolastu izan dugulako eta hasieratik asko gustatzen zitzaidan zerbait zelako.

Oraindik mantentzen duzu zure txikitako lagunekiko harremana? Edo oso zaila da zure mailako pilotari batentzat?

Ez,ez ez; nire txikitako lagunak nire kuadrilakoak dira; beraz, ez dut harremana mantendu bakarrik, ia egunero egoten naiz beraiekin.

Nolakoa da goi-mailako pilotari baten bizitza?

Nik uste, goi-mailako pilotari baten bizitza goi mailako-kirolari baten bizitza bezalakoa da; azkenean bizitzan gauza asko daude, baina hau guretzako gure lanbidea da, eta ordu asko eskaintzen dizkiogu pilotari. Nire kasuan, entrenamenduak izaten ditugu egunero; eta gainera, janari aldetik disziplina bat mantentzen saiatzen gara; eta deskan-tsu orduak, laneko ordu kopuruaren antzekoak dira gutxi gora behera; izan ere, ordu nahikotxo eskaini behar zaizkio pilotari, lagunekin egoteko denbora ateratzeaz gain noiz behinka.

Eskupilotaz gain, beste kirolen bat egiten duzu?

Orain, nahiko gutxi, pilota bakarrik; nahiz eta berotzeko pesak egiten ditudan. Baina kirol guztiak gustatzen zaizkidanez, saskibaloia, futbola, etab. aisialdian praktikatzen ditut.

Txapelak irabazteaz gain, zer gehiago eman dizu kirolak?

Kirolak dena eman dit, azkenean bide bat da. Eta bide horretan, umez hasi nintzen; orain gizona naizenik ez dut esango, baina behintzat pertsona helduago bat naiz eta hori pilotan egin dudan ibilbideak eman dit. Azken finean, pilota ez da bakarrik lanbide bat, baizik eta afizio bat; eta horretaz aparte, pertsona bezala, garatzen asko laguntzen dizu.

Zer aholku emango zenieke orain eskupilota egiten duten gazteei?

Gustuko baldin badute, frontoira joateko esango nieke; eta barrutik ateratzen zaien gauza izanez gero, ba aurrera! Gero profesional izatera irits zaitezke edo ez, baina zorionez, pilotan profesional izateaz gain, gauza gehiago daude: lagun asko egiten dituzu eta hori oso aberasgarria da; edozein modutan irabazten ateratzen baitzara honela.

Zer da garrantzitsuagoa partidu baten ondoren? Emaitza ona lor-tzea ala ahal izan duzun guztia egitea?

Niretzat, garrantzitsuena daukazun guztia ematea da; modu honetan jokatuz gero irabazten bazaituzte, aurkaria hobe jokatu duelaren seinale da. Beraz, ez dago ezer egiterik, garrantzitsuena ez da partidu hori, baizik eta partidu horretara ehuneko ehunean prestatuta joatea. Pilotari batek dena ematen duenean ez zaio gehiagorik eskatu behar.

Emakumea eta pilota. Ezagutzen duzu pilotan aritzen den neskaren bat? Zergatik daude gutxi? Ez zaie interesatzen edo ez diete lekurik uzten?

Bai, neska talde oso famatu bat dago Euskal Herrian palan aritzen dena; izan ere, pilotan aritzen diren neska gehienak gomazko palara jolastera pasatzen dira hamabi urterekin.

Nolakoa da euskararen presentzia frontoietan? Pilotarien artean euskara da nagusi?Zer garrantzia ematen diozu horri?

Jolasten duzun lekuaren arabera hitz egiten da euskera; baina gehienetan bai, soilik Arabako leku ba-tzuetan eta Errioxan jokatzen dugunean erabiltzen da erdera; edo jokalariren bat erdalduna denean.