Síguenos en redes sociales:

Korrika giharrak berotzen

Nafarroako erakunde eta elkarte andana bildu ziren atzo Korrikari babesa erakusteko ekitaldian.

Korrika giharrak berotzenPatxi Cascante

Korrika abiatzeko bi aste besterik gelditzen ez direnean, euskararen aldeko lasterketak daukan babes sozialaren erakustaldi ederra eskaini zuen atzo Iruñeko Zentral Kafe Antzokian. Aurtengo leloari omen eginez, BatZuk, euskal arloko eragile ugari bildu ziren agerpenean, tartean euskalgintzako kideak, ordezkari politiko eta sindikalak, gizarte eta kultura eragileak, jai eremukoak edo hezkuntza arlokoak, datorren martxoaren 30ean Otxandiotik (Gasteiz) abiatuko den eta apirilaren 9an Iruñera ailegatuko den lasterketaren 20. edizio honekin bat egiteko. “Une ezin hobean dator herri honek duen ekimen indartsuaren hogeigarren aldia”, adierazi zuen Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak ekitaldiaren hasieran, Nafarroan eman den aldaketa instituzionalari men eginez.

Euskalgintzako eragile nagusiek, noski, ez zioten huts egin Korrikaren aurkezpen sozialari. Hala, IKA euskaltegiko ordezkariak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko kideak, Topaguneko lagunak, Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak, Sortzen euskal eskola publikoaren elkarteko ordezkariak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak bertan bildu ziren, bestari kolorea emanez.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Uxue Barkos lehendakaria bertaratu ez baziren ere, agenda kontuak medio, bi erakundeen ordezkaritza ere zabala izan zen atzokoan. Iruñeko Udaletik, Itziar Gomez Geroa Baiko bozeramailea eta Maitena Muruzabal kultur arloko zuzendaria bertaratu ziren, eta Nafarroako Gobernutik Ana Ollo kontseilaria, Mari Jose Beaumont Kultur Arloko zuzendaria eta Mikel Arregi Euskarabideako burua.

Sindikatu desberdinetako ordez-kari nagusiak ere ez ziren faltatu: ELA, LAB, ESK, Steeilas... Publikoaren artean, bestalde, Iñaki Perurena edota Castillo Suarez bezalako aurpegi ezagunak ikusi ahal izan ziren, baita bestelako eragileen ordezkariak ere, hala nola Iruñeko Peñen Federazioa, Gora Iruñea! Jai batzordea, Bilgune Feminista edo Askapena.

Asier Amondo Korrikaren 20. edizioaren arduradun nagusiak, jasotako babesa eskertu nahi izan zuen: “Gaur ere, esan bezala patxada handiagoz, zuekin egon nahi izan dugu, zuek hemen egotea guretzat oso garrantzitsua da: zuek ere Korrika zarete, eta zuen babesarekin hasiera eman nahi diogu edizio berriari”.

Atzera begirada, aitzinera jarraitzeko Besta handiago baten aitzineko besta izan zen atzokoa. On Proiektuak taldearen emanaldiak musika jarri zion ekitaldiari, BatZuk hitzarekin jolastuz, eta bideo proiekzioetarako tartea egon zen. Bertsoak eta euskara ikastea erabaki dutenen testigantzak ere ez ziren faltatu. Tartean, atzera begiratzeko parada ere eskaini zuten aurkezpeneko bi gidariek, Korrikaren ibilbide luzeari baita euskarak egundaino izandako ibilbideari ere.

“Urte guzti hauetan denetarik ezagutu dugu euskararen berreskurapenean: aurreraka eta atzeraka ibili gara, elkarrekin batzuetan eta elkarri mokoka ere zenbaitetan”, azpimarratu zuen Mugikak. “Ondorioz, normalizazioaren bidea noraino iritsi den baloratzean, botilaren parabola erabilita, egun batzuetan erdi beteta ikusten da eta beste ba-tzuetan erdi hutsik. AEKn, dena dela, argi dugu botila betetzen jarraitu behar dugula eta, gainera, botila bat baino gehiago dagoela betetzeko”.

“Gizarte eragileen eta erakundeen arteko harremanak eta elkarlana nahitaezkoak” direla azpimarratu zuen AEKren koordinatzaileak. “Baina elkarlana hitza erre eta zen-tzua galdu baino lehen, hitza ekimenez bete behar dugu berandu baino lehen”.

Amondok, bere aldetik, azken edizio honetan Korrikak jaso duen babesa goraipatzeko aprobetxatu zuen parada: “Jakin badakigu herri bat zain dugula, Korrikarekin maiteminduta, eta atximendua, babesa eta laguntza eskaintzeko prest. Azken hilabeteetan ikusi duguna adibide paregabea da. Era berean, inoiz baino babes handiagoa jaso dugu gizarte eragileen nahiz Administrazioaren aldetik”.